Azaroaren 24an Irun Hiriko Kutxa Lireratura Sariak banatuko dira

Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien 45. edizioaren sari-banaketa ekitaldia Amaia KZ-n egingo da Irunen 2023ko azaroaren 24an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Bertan izango dira lehiaketaren lau kategorietako irabazleak saria jasotzen: Xabier Lasa Gorraiz Ura ez baita beti gardena euskarazko eleberriarekin, Jon Gerediaga Zeru-lurren liburua euskarazko poesiarekin, Martha Asunción Alonso Cartas a Nensi gaztelaniazko eleberriarekin eta Andrés García Cerdán Equipos de respiración Subacuática gaztelaniazko poesiarekin. Euskerazko liburu sarituak ELKAR argitaletxeak editatu eta banatuko ditu, eta gaztelaniazkoak Algaida argitaletxeak. Euskera eta gaztelaniazko eleberriek 20.000 euroko saria eta garaikurra eta euskera eta gaztelaniazko poesiek 15.000 euroko saria eta garaikurra jasoko du.

Aurtengo ekitaldia benetan berezia izango da eta sorpresa ugari izango ditu. Alde batetik, euskal liburugintzaren aldeko ibilbide trinkoa eta esanguratsua egin duen pertsona bat saritua izango da, Jose Angel Irigarai Imaz, alegia (bere biografia amaieran jasotzen da). Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartek osatutako epaimahaiak aukeratu du Jose Angel Irigarai: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea. Ohorezko garaikurra jasoko du Irigaraiek.

Bestetik, Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien 45. edizioaren sari-banaketa ekitaldia, musika, dantza eta literaturaren arteko elkarrizketa amultsu baten erritmoan ospatuko dugu. Aipatu diziplinetako talentuez gozatzeko aukera izango dugu, edizio honetako obra saridunak eta haien egileak bertatik bertara ezagutzearekin batera.

Produkzioa: Kutxa Fundazioa eta Irungo Udala

Zuzendaria eta aurkezlea: Irati Agirreazkuenaga

Musikaria: Joserra Senperena

Dantzariak: Neri(h)ari

Ikus-entzunezkoak: Gosho

Jantziak: Kutxa Fundazioa Moda

Ekitaldira etortzeko interesa baduzu, lortu zure sarrera dohanik hemen.

Jose Angel Irigarai Imaz

Auriztar jatorriko familiaren baitan sortua (Iruñea, 1942). Sendagile izateaz gain, gaztarodanik euskal kultura eta letretan barnatuta ibili da, ekimen sozio-kulturaletan.

Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zen. 70ko hamarkadan, hainbat urtez Nafarroako mendialdeko ikastolen sortze dinamikan ibilia. Garai berean, hainbat urtetan Aranzadi Zientzia Elkartean eta Eusko Ikaskuntza elkartearen birsortze prozesuan. 80ko hamarkadan hasi zen Pamiela argitaletxearekin kolaboratzen, edizio lanetan; orain ere hala dihardu. 1995an Bilboko Kafe Antzokiaren sorreraz geroztik hainbat urtez bertako kultur saila kudeaketan jardun zuen. Urte berean Jorge Oteiza artistak bere Fundazioaren patronatukide izendatua izan zen.

Literaturari dagokionez, zenbait poesia- eta saiakera-lehiaketatan saritua izan da: Iruñeko Aurrezki Kutxaren “Premios Centenario” delakoan (1972), Hondarribiko Euskal Jokoetan (1975), Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren Irun Hiria eta Iruñeko Aurrezki Kutxaren Xalbador poesia-lehiaketak (1977)…

Hainbat poesia-liburu argitaratu ditu: Kondairaren ihauterian (CAP, Donostia, 1978), hain zuzen, Irun Hiria saria, Bizi minaren olerkian (Pamiela, 1986), Urdinkara (Pamiela, 1995), Joan-jinaren labirintoan (Pamiela, 2002), eta azkena Isiltasunaz hunatago (Pamiela, 2020). Italieraz ere argitaratu ditu: Disarmonica (Uncò libri, Verona, 2013), eta Luoghi, sensi… nel viaggio (Perosini Editore, Verona, 2014).

Saio eta narratiban: lehenengoa Euskera eta Nafarroa (Editorial Aranzadi, Iruñea, 1973), Gauerdiko ele galduak (Elkar, 1986), Euskara bizitzaren kenkan. Orekaren mintzoa saiakera (Pamiela, 1988) azkena Denboraren mugan (Pamiela, 2005).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude