David Movilla Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du ostiral honetan Stadium Galeko prentsa aretoan. Lehen taldeak igande honetan Osasuna Promesas taldearen aurka jokatuko duen partidaren inguruko adierazpenak egin ditu talde irundarreko entrenatzaileak.
Entrenatzaileak aitortu duenez, “igandeko partida amaitu zenetik gogotsu gaude hurrengoa iristeko. Erortzen garen bakoitzean, altxatu eta indartsuago egin behar dugu. Lanean jarraitu, gehiago eta hobeto entrenatu”. Movillak gogorarazi duenez, “askotan esan dut hemen sailkapena ez dela garrantzitsua lehiaketaren azken txanpara iritsi arte. Puntuak interesatzen zaizkit, nahiago dut 35 puntu izatea eta jaitsieran egotea 30 eta kanpoan egotea baino. Puntuak behar ditugu, baina aurrekoan baino partida osoagoa egiteko beharra ere badugu. Partida guztietan errendimendu onak aurkitu ditugu une jakin batzuetan, baina jarraipena eman behar zaie”.
Kazetarien galderei erantzunez, Real Unióneko entrenatzaileak ohartarazi du Osasuna Promesas “oso ondo lehiatzen den filiala” dela, eta “filial klasikoez gain, beste erregistro batzuk” dituela. “Joanekoan egin genuen bezain partida borobila egin behar” dutela gogoratu du, gainera, “atea hutsean mantendu dugun guztietan hiru puntu batu ditugu. Gutxiago eman behar dugu, kaudimen handiagoa izateko gaitasuna izan behar dugu”. Movillak adierazi duenez, “partidak duelu asko eskatuko dizkigu, ez bakarrik aireko jokoan, baita banakako ekintzetan ere”.
“Errendimenduan zentratu behar dugu, ez emaitzan. Errendimenduak emaitzara eramango gaitu. Taldearen energia egonkortasun emozionalekoa da, bai onean, bai txarrean. Talde honek bertute bat badu, maila emozionalean oso egonkorra dela da, ez dugu euforia handirik garaipenean eta ez gara porrotetan hondoratzen”, adierazi du amaitzeko.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 27. jardunaldiko partida 18:00etatik aurrera jokatuko da, igandean, Taxoaren.