Txingudi badian bizikletaren erabilera orokortu dadin Balaztak, Recycl´Artek eta Badoak indarrak batu dituzte Bidasoa Txirrindaz proiektuan. Horrela, 2023an zehar badiako hiru hirietan bizikletaren inguruan egingo diren jardueren egitaraua argitaratu dute. Ekintza horien bitartez Irunen, Hendaian eta Hondarribian mugikortasun ekologikoa eta ekonomikoa lortzeko bizikletaren erabilera sustatu nahi da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak lehen aldiz Ideiak partaidetzazko aurrekontuak antolatu zituzten 2022an. Deialdiak herritarren iritzia jaso nahi zuen bi lurraldeen arteko loturak sortzen laguntzen dituzten proiektuak aukeratzeko. Bidasoa Txirrindaz Ideia izan da, herritarren bozketari esker, deialdian finantzazioa jaso duen proiektu bozkatuenetako bat.
Ideiak gauzatzeko deialdirako aurkezpen txartelean azaldu zutenez, egitasmoaren ideia nagusia zera da, Bidasoa Txirrindaz proiektuaren bidez eskualdean mugikortasun iraunkorra sustatzea. Hori dela medio, lurraldean bizikletaz mugitzea erraza izan dadin konponbideak bilatu nahi dira, administrazio ezberdintasunek eragindako arazoak behingoz gainditzeko. Pilar Vértiz Balazta elkarteko kidearen hitzetan, “hirurak elkartu gara bizikleta gure eskualdeko bizitzan integratzeko helburuarekin programa bat sortzeko asmoak bultzatuta”.
Egitasmoa aurrera eramateko Recycl´Arte eta Balazta elkarteek eta Badoa kooperatibak indarrak batu dituzte. Bada, mugikortasun pertsonala nahiz salgaien mugikortasuna landu nahi dituzte, eragile bakoitzak bere esparruan. Hain zuzen ere, antolatutako jarduerak proiektuaren bidez lortu nahi diren helburuak bezain askotarikoak izango dira. Esate baterako, bizikleta bidezko mugikortasunaren sentsibilizazioa eta hedapena gauzatzea, erabiltzaileen autonomian eta ahalduntzean laguntzea eta hondakinik ez sortzea lortu nahi da. Pilar Vértizek adierazi duenez, “jendeari azaldu nahi diogu bizikletaz mugitzea oso erraza dela”. Vértizek gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela bizikleta hartzea, bizikletaren oinarrizko mekanika ezagutzea eta bizikleta erabiltzeko egitura aproposak edukitzea.
Pedalkadaz pedalkada
Proiektuaren barnean 15 ekitaldi antolatuko dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Lehen ekintzak azaroaren 26an egin ziren Hendaian ospatutako La Recup jaiarekin. Bestetik, martxoaren 25ean topaketa bat antolatuko da Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako bizikletarekin zerikusia duten elkarteak biltzeko. Imanol Aguirre Balazta elkarteko kideak adierazi duenez, “topaketa honen bidez bizikleta elkarteen arteko lotura eta ezagutza indartu nahi ditugu”. Horrela, esperientziak ezagutzeko, ideiak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek Palmera Montero zentroan egingo den egun osoko ekitaldian.
Tailerrei dagokienez, Bidasoa Bizikletaz egitasmoaren barnean guztira 12 tailer antolatuko dira: Irunen 6 tailer egingo dira, Hondarribian 2 eta Hendaian 4. Irunen otsailaren 7an, 21ean eta 28an Recycl´Artek Balaztako kideei prestakuntza tailerrak eskaini zizkien. Claire Dutrillauxe Recycl´Arte elkarteko koordinatzaileak adierazi duenez, “autokonponketarako tailerrak antolatu ditugu, oso garrantzitsua iruditzen baitzaigu jendea autokudeatzeko gai izatea”.
“Jendeari azaldu nahi diogu bizikletaz mugitzea oso erraza dela”
Pilar Vértiz, Balazta elkartea
Bestetik, Irungo hainbat auzoetan bizikletaren autokonponketa tailerrak emango dira. Martxoaren 4an Moskun, Recycl´Artek eta Balaztak bizikletaren autokonponketa tailerra emango dute. Berez, tailer honek otsaileko tailerretan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera emango du. Apirilaren 4an Balaztak Larreaundin bizikletaren autokonponketa eta bide publikoan zirkulatzeko irteera tailerra egingo du. Ekintza 2022an egin ziren emakumeentzako tailerretako parte-hartzaileentzat pentsatua dago, baina interesa duen edozeinek parte hartuko ahalko du. Azkenik, maiatzaren 6an Arbes auzoan Badoak bizikletaz jolasteko tailerra, askaria eta bizikletaz paseatzeko ekintzak antolatuko ditu.
Hondarribian bi tailer egingo dira. Lehena maiatzaren 15ean izango da eta Recycl´Arte elkarteak emakumeei zuzendutako bizikletaren konponketa tailerra eta bide publikoan zirkulatzen ikasteko tailerra izango dira. Bigarrena, berriz, maiatzaren 16an izango da eta Balazta elkarteak gidatuko du. Hendaiako bizikletaren autokonponketa tailerrak berriz, ekaina eta uztaila artean egingo dira eta Recycl´Arte elkarteak zuzenduko ditu.
Azkenik, Badoak maiatzaren 14an “Bizi bilketa” jaia antolatuko du. Fer Romero Badoa kooperatibako kidearen hitzetan, “jendea bidegorrietara hurbildu nahi dugu, adin guztietako jendeak eskualdeko bidegorriak zeintzuk diren ezagutu ditzan”. Hiru zutabe egingo dira, udalerri bakoitzetik bat. Hendaian, Recycl‘Arte elkartearen bidez, bestetik, Irunen Balaztaren laguntzarekin eta, azkenik, Hondarribian Badoa arduratuko da ekintza antolatzeaz. Elkarrekin Hondarribirako bidean bidegorrien egoeraren eta bizikletaz ibiltzeko beste espazioen balorazioa egingo dute. Azkenik, Hondarribian bateratze bat egingo da hainbat dinamikaren bidez, leku bakoitzaren alde positiboa eta negatiboa baloratuz. Fer Badoako kideak gehitu duenez, “gure ekitaldiak jai formatua izatea erabaki dugu, elkarteek jada bizikletaren erabilerarekin loturiko arazoak oso landuak dituztelako”.
Hobetu beharrekoak
Gaur egun asko dira jendeak Txingudi badian bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko aurkitzen dituen trabak. Arazo nagusietako bat bizikletentzako azpiegitura egokirik eza da. Azken urteetan eskualdeko hiru hirietan bizikleten erabiltzaileentzako egiturak hobetzeko urratsak egin badira ere, oraindik lan handia dago egiteko Irun, Hondarribia eta Hendaia artean bizikletaz mugitzea benetan erosoa eta guztiontzat eskuragarria izan dadin.
Urte berriaren hasierarekin, Balazta elkarteak 2022. urteari buruzko balorazioa egin zuen. Elkarteak aurkeztutako dokumentuan aurreko urtean zehar Bidasoan txirrindularien mugikortasunari laguntzeko emandako aurrerapausoak eta atzerapausoak jasotzen ziren. Era berean, 2023. urtera begira hiri bakoitzean mugikortasun erronkak zeintzuk izango ziren zehazten zen.
Hain zuzen, Balazta elkartearen txostenean irakur zitekeenez, Bizikletaren Estatuko Barometroak berriki sustatutako ikerketa batean argitaratutakoaren ildotik, 2022. urtean bizikletaz hiri batetik bestera joateko herritarrek adierazi dituzten eragozpen nagusiak honako hauek dira: ibilgailu motordunekin espazioak partekatzeak dakartzan arriskuak, gehiegizko trafikoa eta bidegorri eta azpiegitura segururik eza.
“Autokonponketarako tailerrak antolatu ditugu, oso garrantzitsua iruditzen baitzaigu jendea autokudeatzeko gai izatea”
Claire Dutrillauxe Recycl´Arte elkarteko koordinatzailea
Balazta elkarteak bailarako mugikortasunari erreparatuz hobetu beharreko zenbait puntu identifikatu ditu. Esaterako, Gaintxurizketako errepidea, Mendeluko inbutua, Etorbide zubiaren itxiera edo Plaiaundi parke ekologikoaren bitartez badia osoaren lotura. Dagoeneko eremu horietako batzuk hobetzeko planak badaude, oraindik aldaketak gauzatu ez badira ere. Imanol Aguirre Balaztako kideak nabarmendu duenez, “eskualdean bidegorri eta txirrindu eremuen arteko loturak sortzeko behar handia dago, orain arte emandako pausuek zentzua izan dezaten”.
Desberdintasunak mugikortasunean
Txingudi bailara bakarra izan arren, muga eremuan kokatua dagoenez, mugikortasunarekin loturiko araudi eta erabaki administratiboei dagokienez alde handiak daude. Adibidez, Recycl´Arte elkarteko Claire Dutrilleauxek azaldu duenez, Hendaian hondartzako eremuan bizikleten zirkulaziorako “esperimentu” moduko bat egin dute. Hau da, bizikletak gainontzeko ibilgailuen kontrako zentzuan ibili ahal izatea ezarri da, Frantziako araudiak horretarako aukera ematen duela baliatuz. “Mugatik hurbil horrelako saiakuntzak egitea oso arriskutsua da, hegoaldeko biztanleak ez baitute iparraldeko araudia ezagutzen”.
Ondorioz, Recycl´Arteko koordinatzaileak azpimarratu du horrelako erabakiak jakinarazi eta herritarrei azaltzeko lan gehiago egin behar dela, ezbeharrik gertatu ez dadin. Pandemiaren ostean bizikleta erabiltzaileen kopuruak gora egin du eta beraz, administrazio aldetik, babes eta baliabide gehiago eskatzea zilegi iruditzen zaie txirrindulariei.