Miguel Ángel Páez Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak Irun Aurrera plan berriaren ekintza-ildoak aurkeztu ditu gaur. Ekimen hau 2020an COVID-19aren ondorioei aurre egiteko Udalak onetsi zuen neurri sortaren jarraipen bat da, eta hiriko familiei, enpresei eta erakundeei laguntzeko xedea du.
«Plan indartu honen edukia eta helburua berriki aurkeztu genituen Irun Ekintzan-en kontseilu nagusian, gainerako talde politikoekin, erakunde sozialekin, enpresekin eta hiriaren garapen sozial eta ekonomikoaren alde lan egiten duen gainerako eragileekin», azaldu du Páezek. «2020rekin alderatuta, testuingurua bestelakoa da, bere berezitasun eta konplikazioekin. Horiei aurre egiteko, orientazio desberdin bat emango diogu, baina Irungo herritarrekin izan nahi dugun babesa eta gertutasuna galdu gabe».
Horrela, aurten Irun Aurrera plana birplanteatu egingo da, egungo egoerara moldatzeko, esate baterako prezioen igoera edo hornigaien krisia kontuan izanda. Alabaina, Irun Aurrera honen helburu nagusia, batik bat, etorkizunerako bultzada bat izatea da eta, horregatik, 2030 Agendarekin bat etorriko da, fokua jasangarritasunean eta berritasunean jarrita. Horregatik, ildo horretako zenbait programa lehenetsi dituzte Udaleko arloek eta Bidasoa bizirik-ek.
2030 Agenda
Planak 4 ekintza-ildo ditu, Nazio Batuen garapen jasangarriko helburuetatik (GJH) eratorriak, eta bat datoz Irungo Udala bere jarduerarako ibilbide-orri gisa lantzen ari den «2030 Agenda» dokumentuarekin. Ildo horiek «Lurraldea», «Pertsonak», «Ekonomia» eta «Gobernantza» dira. Guztira, Irun Aurreran Udalak bere kasa edo Bidasoa bizirik-ekin elkarlanean landutako ia 20 programa bildu dira. Guztira, 6,7 milioi euro izango dira, familiei, enpresei, tokiko saltokiei edo kulturaren munduari zuzenduak, urte honetarako, 2024rako eta, kasu batzuetan, 2025erako.
Irun Aurreraren atal nagusia hiriko familientzako laguntza da. Lurraldea izeneko atalean sartuta daude etxebizitzen irisgarritasuna edo eraginkortasun energetikoa hobetzeko obrak egin nahi dituztenentzako laguntza ekonomikoak. Udalak betidanik eman izan ditu, baina energiaren merkatuaren prezioen igoera dela eta, are garrantzitsuagoa da orain alderdi hori. Jasangarritasunarekin lotuta, Irun Aurrerak hiria berroneratzeko proiektu bat du, funtsezko bi jarduketa dituena: Aduana eraikina birgaitzeko eta berrikuntzaren eta ekintzailetzaren polo bihurtzeko proiektua, Via Irunen barruan; eta, bigarrenik, hiriko berritasunaren polo izan nahi duen gertutasuneko bulegoa.
Pertsonak sailean bueltan da Kultura KM0 programa, hiriko artisten ehunaren laguntzarekin, eta laneratzea laguntzeko proiektuak ere sartu dira. Horrez gainera, Ekonomia atalean, nabarmentzekoak dira tokiko saltokiei digitalizazioan aurrera egiten laguntzeko ekimenak edota «Irun Market» online salmentarako ataria indartzekoak; enpresak sendotzeko laguntza edota artistak profesionalizatzekoa.
Gobernantza sailean, aipagarriak dira gizarteko sektore ahulenei lana eta bizimodu aktiboago bat bilatzen laguntzeko tresnak ematera bideratu diren baliabideak. Ekintza-ildo honen berezitasuna (eta hortik, hain zuzen, «gobernantza» hitza erabiltzea) zera da, programak kudeatzeko modua berritzeko mekanismoak abian jartzea eta inplikatutako eragileekiko lankidetza-sareak bilatzea. Horrelakoak dira, esate baterako gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei bizitza aktibo bat izateko hobetzen laguntzeko esperimentazio-proiektuak edota enplegagarritasuna indartzeko laguntza-programak, alderdi horretan behar handia duten pertsonei zuzendutakoak.
Genero-ikuspegia
Gainera, genero-ikuspegia presente dago, modu transbertsalean, gauzatuko diren jarduketa guztietan. Horretarako, askotariko neurriak jartzen dira abian, jarduketa zehatzaren arabera, betiere genero-berdintasuna hobetzeko helburuarekin. Horretarako, gainera, espazio berriak dauzkagu, hala nola Emakumeen Etxea. Bertan gobernantza-prozesu berritzaileak erabiliko dira, ahalduntzea eta genero-berdintasuna sustatzeko.
«Laburbilduz, Irun Aurrera hau hirian hauteman ditugu beharrei zuzendua dago guztiz, betiere inplikatutako eragileekin harremanetan egonda eta haiekin koordinatuta. Lurraldeari lotutako ibilbide-orri bat, asmo handikoa, baliabide gehiagorekin, eta Udalak pertsonekin duen konpromisoa berresten duena. Ez dira garai gozoak baina, Irun Aurrera eta antzeko ekimenekin, hiria ageriko moduan hobetzeko aukerei bide egitea da asmoa», esan du ordezkariak.