Zabalik dago Udal Euskaltegiko ikastaroetan izena emateko epea

Nuria Alzaga Irungo Udaleko Euskara ordezkariak gogorarazi du dagoeneko zabalik dagoela 2023/2024 ikasturteko Irungo Udal Euskaltegiko ikastaroetan matrikulatzeko epea. Euskara ikastaroetan izena eman nahi dutenek irailaren 18ra arteko epea izango dute matrikula egiteko.

Modulazio desberdineko ikastaroak eskainiko dira: egunero 2, 3 edo 4 orduko ikastaroak; astean 2, 3, 4 edo 5 eguneko ikastaroak ordutegi desberdinean; larunbat goizetan B2 eta C1 prestatzeko ikastaroa, merkatari eta gurasoentzako xede bereziko ikastaroak, etab. Gainera, ikastaro guztiek ordutegi eskaintza zabala izango dute.

Ikastaroen prezioa moduluaren araberakoa da, baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek euskara ikasteko udalak ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka honen bitartez, matrikula prezioaren %100a arte jaso dezake ikasleak.

LANNAHI

Udalak, gainera, urriaren 2tik abenduaren 22ra ikastaro trinkoak debalde eskaintzen dizkie langabezia egoeran dauden ikasleei, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) dauden ikasleei, edo lanean egonda ere, gehienez %50eko lanaldia dutenei LANNAHI programaren bitartez. Programa hau Euskara Arloak martxan jarri zuen euskara ikasteko ahaleginean ari diren edo aritu daitezkeen irundarrentzako. Ikastaro hauek goizez egunero 4 ordukoak edo arratsaldez egunero 3 ordukoak izaten dira.

Udal Euskaltegiko ikastaroetan interesa duten pertsonek, hala nola LANNAHI programan interesa dutenek, irailaren 1etik 18ra eman dezakete izena.

LANNAHI programan interesa dutenek izenematea internetez egin ahalko dute SAC24h webgunea edo HAZeko autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk (NAN elektronikoa, IZENPE txartela..) erabili beharko dituzte. Nahiago badute, Irungo Udal Euskaltegira gerturatu eta bertan egin ahalko dute izenematea.

Gainerako ikastaroetan interesa duten pertsonak aipatuTAKO egunetan Udal Euskaltegira (Urdanibia plaza, 5) hurbildu behar dira bulego ordutegian 10:30-13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez. Batzuk zein besteek mailaketa proba egin behar dute Udal Euskaltegian irailaren 1etik 18ra, 10:30-13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude