Ficobak Nazioarteko Katu Erakusketa hartuko du apirilaren 6an eta 7an

Ficobak Nazioarteko Katu Erakusketaren XVII. Edizioa hartuko du apirilaren 6an eta 7an. 140 katuk parte hartuko dute aurtengo edizioan. Erakusketa goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara bisitatu ahalko da. Sarreraren prezioa 4 eurokoa da helduentzat eta doakoa berriz, 12 urtetik beherako haurrentzat. Gainera, bertaratzen direnek doan aparkatzeko aukera izango dute.

Bertara hurbiltzen direnek arraza askotako katuak miresteko aukera izango dute, horien artean hain ezagunak ez diren arraza batzuk. Katu erakusketak Frantziako, Euskal Herriko eta Kataluniako erakusketariak bilduko ditu. Aurten ere azoka txiki bat egingo da, “Les chamis de mamie” elkarteak antolatuta, kaleko katuei elkartasuna adierazteko.

Aurten 140 katuk hartuko dute parte erakusketan. Guztira 22 arrazen ordezkariak bilduko dira bertan, hala nola bengalarra (basakatuen antza izateko garatutako etxeko katuen arraza bat, etxeko katu bat eta Bengalako basakatu eme baten arteko nahasketa), katu errusiar urdina (Munduko etxeko katu arraza zahar eta maitatuenetako bat); nebelung (etxeko katu pedigriduna, errusiar urdinarekin ahaidetua, baina ile luzeagoa eta zeta antzekoagoa daukana); mau egiptoarra (Egipton sortutako etxeko katu arraza); Norvegiako basoetakoa (Eskandinaviako katu arraza endemikoa); edo Maine Coon (Ipar Amerikako arraza natural zaharrenetako bat, jatorria Maine estatuan duena), besteak beste.

Katu lehiaketa

Asteburuan katuak lehian arituko dira, tituluetako bat eskuratzeko: nazioarteko txapelduna, nazioarteko txapeldun handia, Europako txapelduna edo Europako txapeldun handia. Epaile adituek zorrotz aztertuko dute parte-hartzaile bakoitza, eta arraza eta kolore bakoitzeko animaliarik nabarmenenak hautatuko dituzte. Unerik zirraragarriena erakusketako katurik onena aukeratzeko momentua izango da, eta bisitari guztiek izango dute borroka horretaz gozatzeko aukera.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude