DokuIrun zine dokumentaleko programaren zortzigarren edizioko bigarren saioa egingo da ostiral honetan, otsailaren 7an. Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Amaia KZko auditoriumera, Maria Elorzak zuzendutako ‘A los libros y a las mujeres canto’ (2022) filmarekin. Hitzordua 19:00etan izango da, eta sarrera doan izango da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da kultur zentroaren webgunean, Turismo Bulegoan edo leihatilan bertan, emanaldia baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada.
Film horrek Gazteriaren Saria irabazi zuen Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, 2022. urtean. DokuIrun saioetan ohikoa denez, dokumentala ikusi ondoren solasaldia izango da Maria Elorza zuzendariarekin berarekin.
“A los libros y a las mujeres canto”
Emakume bati ia Avioneta izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat eduki zuen bere autoaren atzeko eserlekuan. Beste batek hatz bat hausten du bere liburu-dendako apal bihurriekin. Emakume zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte, lanean ari diren bitartean. Emakume lisatzaileek olerkiak gogoratzen dituzte. Haiei guztiei kantatzen diet.
Sua, ura, sitsa, hautsa, ezjakintasuna eta fanatismoa kontra, emakume-armada anonimo batek zaintzen ditu liburuak. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabea, iraultzarik gabea, armarik gabea.
Hurrengo hitzorduak
- “Aún es tiempo de feminismo” (Zua Méndez, Teresa Lozano, 2022) – Martxoaren 14an, 19:00etan.
- “Scooter” (Andrés Robleda, 2022) – Apirilaren 4an, 19:00etan.
Horrez gain, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren esparruan eta Amnistia Internazionalaren eskutik, zinemaldiko film saritua proiektatuko da maiatzaren 9an. 19:00etan izango da hitzordua.
DokuIrun
DokuIrun zinema dokumentaleko programa bat da, gai sozialak jorratzen dituzten ekoizpen hibridoak, esperimentalak proiektatzen dituena. Programak aukera ematen die herritarrei normalean areto komertzialetan ematen ez diren dokumental egin berriak ikusteko, eta, gainera, aurkezpena eta solasaldia izaten dira, protagonistaren baten edo gaian aditua den norbaiten eskutik.



