Irungo Emakumeen Etxean “Condenadas en Gaza” dokumentalaren proiekzioa hartuko du bihar

Bihar, abenduaren 11n, 18:30ean, “Condenadas en Gaza” dokumentala proiektatuko da Irungo Emakumeen Etxean. Bakearen aldeko Lankidetza Batzarrak antolatutako ekitaldia da, Irungo Udaleko Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako Zerbitzuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da Beatriz Lecumberri zuzendariaren eta bertaratutakoen artean. Sarrera doakoa izango da guztiontzat, tokia bete arte.

Jerusalemen hainbat urtez lan egin duten Ana Alba eta Beatriz Lecumberri kazetariek zuzendurik, eta tokiko ikus-entzunezko ekoiztetxe baten laguntzarekin, minbizia pairatzen duten Gazako Zerrendako bost emakume palestinarren istorioa kontatzen du dokumentalak, tratamendua jaso ahal izateko dituzten zailtasunak deskribatuz.

Zuzendariek beraiek deskribatzen duten moduan, dokumentalaren helburuak dira “israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren alde ezezagun bat deskribatzea, euren historia inoiz kontatu ez duten emakume horiei espazioa ematea, euren oinarrizko eskubideen urraketa salatzea –besteak beste tratamendua jasotzeko eskubidea– eta Gazako gizartearen barruan jasaten duten diskriminazioa azpimarratzea”.

Palestinako erakusketa historikoa

Horrez gain, abenduaren 10etik 16ra, Palestinak 1948tik izan duen ibilbide historikoa erakusten duen erakusketa izango da ikusgai Irungo Emakumeen Etxean. Sei totem bertikalek osatutako erakusketa horrek datuak eskaintzen ditu Israelen okupazioak gizartearen esparru ezberdinetan (baliabide naturalak eskuratzearen arloan, mugikortasunean, herritarren parte-hartzean, bizi-baldintzetan, emakume palestinarren egoera berariazkoan) izan dituen ondorioen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude