Plaiaundi institutuko mahai eta aulki zaharrek erabiltzaile berriak dituzte. Senpereko Kattalin Elizalde ikastolak asteartean arratsaldean jaso zuen Plaiaundik erretiratu duen materiala, hain zuzen ere. Material hori ikastolako hainbat gela berritzeko zegoen beharrari erantzuteko erabiliko da. Guztira, 180 mahai eta 295 aulki eman dira, hau da, erabiltzeko egoera onean zegoen materiala.
Ekimena duela hainbat hilabete lantzen hasi zen. Plaiaundik eta Seaskak harreman estua dute, eta Irungo institutuak aukera ikusi zuen aldatu behar zuen materiala Iparraldeko ikastolak duen beharrari erantzuna emateko bideratzeko. Horrenbestez, Plaiaundin azken asteetan altzari-ordezkapena egin da eta mahai zein aulki zaharrak gorde dira Iparraldera eraman arte. Altzarien lekualdaketa lehengo astean egin zen.
Ikasleentzako ariketa praktikoa
Garraio eta Logistikako irakasleek antolatuta, materiala kentzeko eta kargatzeko operazioa Nazioarteko Merkataritza, Garraio eta Logistika eta Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikaria zikloen irakasle eta ikasleen laguntza izan zuen.
Hala, astearte goizean, Nazioarteko Merkataritza eta Garraio eta Logistikako ikasleek, irakasleen laguntzaz, material guztia patiora eraman zuen – 180 mahai eta 295 aulki –, eta arratsaldean, Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikaria zikloko ikasleek Taberna Logistics enpresako kamioian kargatu eta estibatu zuten. Kamioaren kontratazioa Garraio eta Logistika zikloko ikasleek kudeatu zuten.
Behin Senperen, Seaskako irakasleen laguntzaz, materiala deskargatu zen, eta dagoeneko Kattalin Elizalde ikastolako ikasleak erabiltzen ari dira.



