Haurren artean euskararen erabilera sustatzeko hainbat egitasmo abiatuko dira Irunen datozen hilabeteetan zehar. Izan ere, martxoaren 3tik 14ra Solas-Jolas programan izena emateko epea irekiko da. Bide batez, Josu Iguiñiz Euskara zerbitzuko ordezkariak gaur goizeaneskaini duen prentsaurrekoan, Maria Viñas programa kudeatzen duen Hezten elkarteko arduradunarekin batera, Haurrak Parkean programaren bigarren edizioa aurkeztu dute.
Irungo Udalak euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza horrekiko jarrera hobetzea du helburu eta, horregatik, Euskara Zerbitzuak Solas-Jolas programa antolatzen du, Irunen erroldatuta dauden edo, bestela, Irungo ikastetxe batean matrikulatuta dauden haurrentzat zuzenduta dagoena, betiere euskara hutsean edo euskaraz eta erdaraz ikasten badute. Ohi bezala, aurten ere bi txanda izango dira: lehena, uztailaren 3tik 30era, eta, bigarrena, abuztuaren 4tik 29ra.
Aurtengo programa 2013 eta 2020 artean jaiotako haurrek parte har dezakete. Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko gelakoak (2020 eta 2019an jaiotakoak); Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. mailaren artean daudenak (2018, 2017, 2016 eta 2015ean jaiotakoak) eta aipatutako mailaren batean badaudenak edota 5. edo 6. mailako gelakoak (2014 eta 2013an jaiotakoak) eta heziketa premia zehatzen bat badutenak.
Euskarako ordezkariak azaldu duenez, “Solas-Jolas udalekua aukera paregabea da hiriko haurrek udako oporretan euskaraz gozatu dezaten ekintza ludiko zein hezigarrien bidez. Aurtengo Solas-Jolasen ere, aisialdi euskaltzale eta hezitzailean dibertitzeko aukera izango dute egingo dituzten ekintza ugariei esker: tailerrak, jolasak, eskulanak, egun bereziak, txangoak eta abar”. Horrez gain, Josu Iguiñizek gehitu du “udaleku horiek aproposak dira ikastetxe berekoak ez diren beste haurrak ezagutu eta euren hizkuntza ohituretan euskararen erabileran eragiteko”.
Josu Iguiñizek euskararen erabileraren helburuei dagokionez adierazi du, “haren jarraipenari arreta gehiago jarri nahi diogu”. Horretarako, gurasoei egindako galdeketaren bitartez eta Solas-Jolas udalekuetara bisitak egingo dituzte, egitasmoa garapena gertutik jarraitzeko. Bestetik, eskaera kopuru handiari loturik, Euskara ordezkariak azaldu du jakin badakitela haur asko kanpoan geratzen direla, iaz 900 izen emate baino gehiago izan zituzten eta. “Orain dauzkagun baliabideak hauek dira eta etorkizunera begira baliabide horiek handitzen saiatuko gara”, azaldu du Iguiñizek. “Guk ere ahalik eta haur gehienek parte hartzea nahi dugu”.
Izen ematea
Interesa duten familia guztiek datorren astelehenetik aurrera, martxoak 3, egin ahal izango dute aurreizenematea eta martxoak 14an epea itxiko da, 14:00etan. Irun Txartela edo ziurtagin digitala erabiliko dira Egoitza Elektronikoaren bidez aurre izena emateko (https://www.irun.org/eu/egoitza), baita Irungo hainbat puntuetan dauden udal autozerbitzuko terminaletan ere: HAZen (kasu horretan, izapidegileak lagunduta 8:00etatik 19:00etara), Kateko eta Anakako Kutxabankeko kutxazain automatikoetan (larunbatetan 9:30eatik 13:00ak arte), Palmera Montero Gunean, Alhondiga Belaskoenea AAEEn eta San Migeleko Helduentzako eremu sozialean.
Interesdunek haurraren datuak eman beharko dituzte: izen abizenak, helbidea, ikastetxea, ikasketak egiten ari den zikloa, harremanetarako guraso edo tutorearen telefonoa eta posta elektroniko helbidea (bi posta elektroniko eman daitezke).
Aurreizenemateak egin eta gero, martxoaren 31n plazaratuko dira onartu eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak eta apirilaren 4a izango da erreklamazioak aurkezteko azken eguna. Ostean, behin betiko zerrendak apirilaren 9an argitaratuko dira eta apirilaren 10ean 10:00etan zozketatuko dira izen ematea egiteko hitzorduak. Egun horretan bertan, zozketaren emaitzak 15:00etatik aurrera ikusgai jarriko dira Irungo Udal Atarian.
Hala, zozketan esleitutako hitzorduen hurrenkeran egingo dira inskripzioak, apirilaren 28tik maiatzaren 12ra bitarte. Zozketa horrek erabakiko du nork duen lehen hitzordua eta, ondorengo hurrenkera errespetatuz, ikastetxeetan eskainitako plazak aukeratzen joango dira plazak bete arte. Ikastetxeak inskripzio garaian zehaztuko dira.
Gogorarazi nahi da edozein zalantza edo galderaren aurrean Euskara Zerbitzuarekin kontaktuan jar daitekeela, irun@euskara.org helbide elektronikora idatziz edo 943 50 52 72 telefonora deituz.
Haurrak Parkean programa
Bestalde, prentsaurrekoan jakinarazi den moduan, Irungo Udalak eta Hezten elkarteak ‘Haurrak Parkean‘ egitasmoaren udaberriko eskaintza jarri dute martxan. Horretarako, martxoaren 5etik 28ra (asteazkenetan eta ostiraletan), Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, Irungo parke eta plazetan euskararen erabilera handitzea helburu dituen saioak egingo dira.
‘Zabu Zibu’ ekintza 3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat zuzenduta dago. Behar-beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin etortzea. Hauek 17:00etatik 18:00etara burutuko dira. ‘Txirrintxon’ ekintza, berriz, 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago, 18:00etatik 19:00etara ospatuko dena.
Martxoak 5, 12, 19 eta 26, asteazkenetan, Nagore Laffage parkean (euria eginez gero, Alzukaitz kaleko Toki Alai ikastetxeko aterpean) eta Oinaurreko parkean gauzatuko dira; bestalde, martxoak 7, 14, 21 eta 28, ostiraletan, Arbium plazatxoko frontoi estalian, Katean, eta San Juan plazan (euria eginez gero, udaletxeko arkupeetan) egingo dira.



