1936an Pikoketan fusilatutako pertsonen udal panteoia zaharberritu dute izen zerrenda eguneratzeko. Panteoia Irungo Hilerrian dago eta hilarri berri bat jarri da bertan 1978ko uztailaren 28an Pikoketan hobitik ateratako hezurren izen eguneratuak dituena. Egin diren azken ikerketek 1936ko abuztuaren 11n inguru horretan fusilatutako pertsonen zerrenda eguneratzeko balio izan dute. “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikanoen Elkarteak bultzatu du ekimena.
Hilarri berriak mezu hau jasotzen du fusilatutako 15 pertsonen izen-abizenekin eta adinarekin batera: “Errepublikaren legezkotasuna eta demokrazia defendatzeagatik eta faxismoaren aurka borrokatzeagatik 1936ko abuztuaren 11n Pikoketan eraildako pertsonen oroimenez”.
Egiteke dagoen bigarren prospekzioa
Gorka Alvarez Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren ordezkariak adierazi duenez, udal-panteoiak 1936. urtean hirian gertatutakoa gogoratzeko aukera ematen du, eta datorren urtean, hiria indarrez hartu eta sutea piztu zeneko 90. urteurrena izango da. Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren ordezkariaren hitzetan, “erakunde gisa, konpromisoa dugu 1936ko Gerrako biktima bakoitza gogoratzeko, eta, hala, Pikoketan fusilatutako irundarrek beren hirian beren espazioa izaten jarraitzen dute, panteoi hori Irungo memoriaren leku bihurtu baita”. Alvarezek gaineratu duenez, “oraindik Pikoketako hobian beste prospekzio bat egiteko dago, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak jarraitzen dituen protokoloak betez Paco Etxeberria forentsearen zuzendaritzapean, han gertatutakoari eta fusilatutako pertsonei buruzko datu gehiago emate aldera”.



