Maiatzaren 24an egingo da azkenean Irun´go Atsegiñako buruhandi berrien aurkezpena

 

Argazkia: Irun´go Atsegiñako konpartsako bi buruhandi berri. Egilea: Eskuartean.

Irun´go Atsegiñak konpartsako buruhandi berriak jende aurrean aurkezteko data berria bilatu du: Maiatzaren 24an, larunbatean, izango da. Ekitaldia apirilaren 26an egitekoa zen, baina eguraldi txarra dela eta, bertan behera geratuzen. Herritar guztiei irekitako ekitaldia izango da, emozioa, historiaren berreskurapena eta jai giroa beteratuko dituena. Eguraldia lagun bada, zortzi buruhandi berri irtengo dira lehen aldiz kalera, Irunen kaleetan zehar ibiltzeko eta Konpartsaren etapa berri bati hasiera emateko.

“Maiatzaren 24a egun berezia izango da elkartearentzat,” adierazi du Jesus Rubio, Irun’go Atsegiñako presidenteak. “Buruhandi hauek ez dira irudi berriak soilik: Irungo festaren memoriaren aldeko apustu bat dira, tradizioari eta formaren zaintzari egindako aitortza. Ilusioz bizi dugu jende askok lehen aldiz ikusiko dituela, eta hemendik aurrera hiriko bizitzaren parte izango direla.”

Zortzi buruhandi berri

Buruhandi berri hauek 2017an abiatu zen prozesu baten emaitza dira; orduan konpartsako erraldoiak zaharberritu ziren, eta orain buruhandiekin amaiera emango zaio berritze osoari. Irudi berriak Eskuartean tailerrak egin ditu, festetako iruditerian espezializatutako lantegiak, artxibo historikoak, argazki zaharrak eta bestelako iturriak kontsultatuz egindako ikerketa lan sakonaren ondoren. Emaitza: funtzionaltasunari egokituta dagoen Irungo lehen buruhandien berrinterpretazio fidela, hiriaren iruditeria kolektiboan berriz txertatzeko.

Eguna 11:00etan hasiko da, Arbelaitz kaleko elkartearen egoitzatik irtengo den konpartsarekin. Ibilbidearen lehen zatian buruhandi zaharrak ere izango dira, azken aldiz kalean agurtuko baitira, esker onez eta sinbolismoz beteriko agurrean.

11:30ean, San Juan plazan, ekitaldi publiko bat egingo da, omenaldi eta belaunaldi aldaketaren testuinguruan. Bertan egingo da buruhandi berrien aurkezpen ofiziala; lehen aldiz agertuko dira herritarren aurrean, musika zuzenean eta giro berezi batekin, hasiera horri merezi duen protagonismoa emateko.

Eguneko une berezietako bat izango da “Irun Hiria” Musika Bandaren parte-hartzea. Banda osoa izango da aurkezpen ekitaldian eta ibilbide osoan lagunduko du konpartsari. Aurten jaso du “Irungo Erraldoia 2025” saria, eta horren harira izendatua izan da buruhandi berrien amabitxi ofizial, urte luzeetan elkartearekin izandako lankidetza eta Irunen bizitza kulturalean duen konpromisoa aitortzeko.

San Juan plazako ekitaldia amaitu ostean, konpartsak Parte Zaharreko kaleetan zehar egingo du ibilbidea, giro herrikoi eta festiboan. Ibilbidea herritar guztiei irekita dago, eta buruhandiek herritarrekin duten lotura emozionala indartzea du helburu, bereziki umeekin eta adinekoekin, betidanik figura hauekin lotura estua izan baitute.

Irun’go Atsegiñak herritar guztiak gonbidatzen ditu egun berezi honetan parte hartzera: egun honek tradizioa berreskuratzeaz gain, etorkizunerantz begiratzen du ilusioz eta errespetuz. Ea eguraldiak laguntzen duen, eta gure kaleetan historia berria idazten den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude