BidaSOS 2030 kanpainak Eskualdeko birziklatze tasa handitzea lortzeko lanean jarraituko du. Txingudiko Zerbitzuaken datuen arabera, edukiontzi organikoan alta emandakoen tasa %54tik %66ra igo da. Bilakaera horri esker, atzean utzi da 2022an izandako beherakada, eta %57ko birziklatze-tasa lortu da eskualdean. Hori hobetzen jarraitzeko asmoz, ekimena hirugarren urtez itzuliko da Irun eta Hondarribiko kaleetara, bereizketa egokia sustatzen jarraitzeko.
2023an, edukiontzi organikoan altan emandakoen kopurua %17 hazi zen, eta 2024ko datuek joera hori berresten dute: Irungo Santiago, Beraun, Alde Zaharra, Dunboa, Arbes eta Meaka auzoetan alta kopurua %53tik %68ra igo da; Larreaundi, Olaberria, Behobia eta Artian %56tik %71ra, eta Hondarribian ere nabarmena izan da gorakada: Alde Zaharrean eta Portuan %46tik %63ra.
“Argi ikusten ari gara herritarren konpromisoa emaitzetan islatzen dela. Kanpaina garatu den auzoetan, hondakin organikoen edukiontzian alta emandakoen batez bestekoa %67tik gorakoa da”, nabarmendu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak. “2025 honetan ohitura-aldaketa hori sendotu nahi dugu, eta oraindik hobekuntzarako tartea dagoen auzoetara hurbildu.”
Informazioa, tresnak eta laguntza
Aurten, kanpaina Urdanibia eta Jaizubia (Irun) auzoetan abiatuko da. Bertan, abonatuen %40 daude edukiontzi organikoan alta emanda. Bi astez, inguruko etxeak bisitatuko dituzte ingurumen-hezitzaileek, informazio pertsonalizatua emateko, zalantzak argitzeko eta hondakin organikoen bereizketa egokia sustatzeko.
Aurreko edizioetan bezala, bulego ibiltaria jarriko da, kanpaina indartzeko, Eihera plazan. Bulegoa astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara. Bertan, edukiontziak eta poltsa konpostagarriak jaso ahal izango dira, baita hondakinen bilketa-sistemari buruzko edozein zalantza argitu ere.
Zubiturren hitzetan, “informazio argia, tresna egokiak eta laguntza eskaintzen direnean, herritarren erantzuna positiboa izaten da”. Azaldu duenez, “frakzio organikoen edukiontzi marroian izena emandakoen igoera nabarmena izan da, eta horrek erakusten du ohituretan aldaketa bat gertatzen ari dela eskualdean. Guztion artean, sistema eraginkorrago eta ingurumenarekiko errespetutsuago bat eraikitzen jarraitu nahi dugu.”
Bestalde, Zubiturrek gogorarazi du hondakinak behar bezala bereizten dituzten familiek tasa merkeagoa ordaintzen dutela: “Konprometitutako familia batek 148 euro ordaintzen ditu urtean; hondakinak behar bezala bereizten ez dituztenek, aldiz, 273 euro. 125 euroko aldea dago, eta horrek herritarren ahalegina saritzen du.”
Mankomunitateko lehendakari Cristina Labordak halako estrategien garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Birziklatzeaz haratago, etxetik eta eguneroko bizitzatik hasten den kultura-aldaketa baten alde ari gara lanean kanpaina honekin. Irunen benetako eraldaketa baten aldeko apustua egiten dugu, eta BidaSOS 2030 bezalako egitasmoek auzoetara iristeko, herritarrak entzuteko eta elkarrekin hiri jasangarriago bat eraikitzeko aukera ematen digute. Gure helburua ez da soilik datuak hobetzea, baizik eta kontzientzia eta elkartasuna sortzea.”
Halaber, Igor Enparan Hondarribiko alkateak adierazi du aldaketa hau lehentasun politiko eta soziala dela: “Aldaketaren buru izatea dagokigu. Hondakinen bereizketa hobetzea ez da aukera bat, behar bat baizik. Hondarribian, herritar bakoitzak jakin dezala bere keinuak garrantzia duela. BidaSOS 2030 ez da soilik informazio-kanpaina bat, ekintzarako deia ere bada. Hurbiltasunaren, hezkuntzaren eta parte-hartze zuzenaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, etorkizunarekiko konprometitutako eskualde garbiago baterantz aurrera egiteko.”
Kanpainaren jarraipena
Lehen fasearen ostean, kanpaina Hondarribiko Akartegi auzora lekualdatuko da ekainaren 5etik uztailaren 15era, eta Irunen jarraituko du irailaren 17tik urriaren 28ra San Migel, Antzaran eta Pinudi auzoetan.
BidaSOS 2030 kanpainak 83.072 euroko aurrekontua izango du aurten, Urdanibia-Jaizubian (Irun eta Hondarribia), Akartegin, Arkollan eta Gornutzen (Hondarribia), eta San Migelen, Antzaran eta Pinudi (Irun) auzoetan garatu dadin. Oraindik ebazteke dagoen arren, Txingudiko Zerbitzuak-ek 50.000 euroko dirulaguntza eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Erakundetik gogorarazten da, BidaSOS 2030 egitasmoa bereziki hondakin organkikoen birziklapenean zentratzen den arren, herritarren konpromisoa funtsezkoa dela hondakin-frakzio guztien bereizketarekin jarraitzeko: ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta errefusa. Hondakin bakoitza behar bezala sailkatzea ezinbestekoa da gure ingurumen-inpaktua murrizteko eta eskualde garbiago eta jasangarriago bat izateko. Keinu bakoitzak balio du.



