Mankomunitateko Batzarrak bilera egin du gaur, abenduak 20. Bileran hainbat erabaki hartu dira. Tartean, 2025eko aurrekontu bateratua, Mankomunitatearena eta Txingudiko Zerbitzuak sozietatearena batuta, 39.317.160 eurokoa da guztira.
2025erako aurrekontua onartzea eta 15 egunez jendearen eskura jartzea. 2025eko ekitaldirako prestatutako aurrekontuak uraren ziklo integraleko, hondakinen ziklo integraleko eta kale-garbiketako zerbitzuen kostu bateratuak jasotzen ditu. Halaber, jarduera bakoitzaren garapenari lotutako diru-sarrerak eta gastuak zehazten dituzten Aurreikusitako Emaitzen Kontuak aurkezten dira, onartutako tarifa-sistemaren arabera, 2024ko ekitaldiaren itxieraren zenbatespenarekin alderatuta. Zenbatespen horiek egiteko, kontuan hartu dira egungo egoera ekonomikoak (inflazioa) diru-sarreretan eta gastuetan izan dezakeen eragina eta 2025 urtean izan dezakeen bilakaera.
2025eko aurrekontua honako hau da: Uraren Ziklo Integrala 18.265.600 €, Hondakinen kudeaketa 14.432.900 € eta Kale garbiketa 6.618.660 €
Uraren ziklo integrala
2025eko ekitaldirako, onartutako tarifak %5 igoko dira 2024ko ekitaldikoekin alderatuta. Horrela, tarifen araberako diru-sarrerak 11.053.610 eurokoak izango direla aurreikusten da. Kontsumo-zifra horien zenbatespenean, kontuan hartu da izaten ari den etxeko kontsumoaren igoera txikia, bai eta etxekoa ez den kontsumoaren jaitsiera ere.
Aurten, uraren jarduerarako aurrekontua 18.265.600 eurokoa da, iazko aurrekontua baino %9 handiagoa. Gainera, 2025erako inbertsioak %12,5 haziko dira. Guztira, 8.655.893 euroko inbertsioak egitea aurreikusten da.
2025eko ekitaldirako Uraren Ziklo Integralaren jarduerarako inbertsioa 8.655.893 eurokoa da. Horietatik, 3.828.269 euro Europar Batasunaren diru-laguntzen bidez finantzatuko dira, 3.002.827 euro aurreko ekitaldietako soberakinen bidez, eta 1.824.796 euro 2025eko baliabideekin.
Ur-horniduraren eta baliabideen arloan, jarduketa nagusia Endarako urtegiko etxolaren eraberritzea izango da. Ur-hornidura zerbitzuari dagokionez, Errandoneako ur-biltegia berreraikitzeko obrekin jarraituko da, 70eko hamarkadaren hasieran eraiki ziren biltegiak birgaitzeko edo berreraikitzeko prozesuaren baitan. Banaketa-sareei dagokienez, azpimarratzekoa da Errandoneako depositutik Hondarribiko erdigunera arteko sarea hobetzeko lana. Halaber, edateko uraren sareak berrituko dira Irungo Eguzkitzalden eta Pikoketan, eta baita Hondarribiko Santiago kalean eta Arrantzale Auzoan ere.
Saneamendu-sareen eremuan, aipatutako kaleak berrurbanizatzeko lanekin batera, sareak berritu eta sistema bereizleak ezartzea aurreikusten da. Era berean, uraren kalitatea neurtzeko eta kolektoreak birgaitzeko ekipoak erosiko dira URAMUGA mugaz gaindiko proiektuaren baitan, POCTEFA-Interreg-en dirulaguntzari esker. Gainera, Atalerrekako araztegiaren tratamendu-instalazioak handitu eta hobetzeko proiektua idatziko da.
Hiri-drainaduraren arloan, hustubideen eta isurketen ekipamendua ezartzea aurreikusi da. Azkenik, Uren Sektorea Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoaren esparruan, Txingudi Data Driven Bay (TD2B) digitalizazio-proiektuaren jardueretarako inbertsioak nabarmentzen dira. 2025eko ekitaldian, guztira, 4.432.972 euroko inbertsioa egingo da ondorengo jarduketak gauzatzeko:
- Teleirakurketa kontagailuen parkea berritzea eta estolderia-sarea digitalizatzea, sarearen neurketa eta kontrol arloan.
- Aktiboen kontrolerako BIM datu-modelizazioa GIS korporatiboan integratzea.
- Konexio harigabeen berritzea eta ezarpena.
- Zibersegurtasunaren arloan prebentzio-neurriak eta neurri erreaktiboak ezartzea.
- Zuntz optikoko sarea berritzea eta zabaltzea.
- Webgune berria, intraneta eta dokumentu-kudeatzailea garatzea.
- Erregistro elektronikoa eta abonatuen atarian izapide elektronikoak sartzea.
- Uraren Ziklo Integralaren Kontrol eta Ustiapen Zentro Adimentsua (Smart Water Center) sortzea.
Azpiegitura, Energia eta Segurtasun arloei dagokienez, ur araztegiko eta ponpaketa-estazioetako ekipamenduak berritzen jarraituko da, eta HUAn, autokontsumorako eguzki-plaka berriak instalatzea aurreikusten da.
Hondakinen kudeaketa eta kale garbiketa
Zerbitzuaren kostuen igoera orokorra dela eta, abonatuen tarifak %12 igoko dira; bilketa selektiboan parte hartzen duten etxebizitzetan, berriz, %5ekoa izango da igoera. Aurreikusitako gastu arrunta 13.367.860 eurokoa da, eta inbertsioak 1.400.345 eurokoak.
2025ean, Irun eta Hondarribiko kale-garbiketako aurrekontua 6.618.660 eurokoa izango da, eta indarrean dagoen sektoreko hitzarmenarekin eguneratutako zerbitzu-kontratua berritzearen eragina islatzen du. Hitzarmen hori 2025eko otsailean sartuko da indarrean. Kontratu berriak zerbitzuen jarraitutasuna bermatzeaz gain, hobekuntza garrantzitsuak ere badakartza, jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren arloko egungo erronkei erantzuteko. Teknologia aurreratuen integrazioak zerbitzuen antolaketa eta kontrola optimizatzea ahalbidetuko du, gardentasun handiagoa eskainiz eta eguneroko kudeaketaren eraginkortasuna hobetuz. Zerbitzu bakoitzak kudeaketa-terminalak izango ditu, eta horrek denbora errealeko jarraipena egitea erraztuko du, erantzuteko gaitasuna eta erabakiak hartzea hobetuz.
- Irun: 5.226.940 €
- Hondarribia: 1.391.720 €
2025ean, guztira, 1.400.345 euroko inbertsioa egitea aurreikusten da, eta modu honetara finantzatuko da: Eusko Jaurlaritzaren 217.350 euroko dirulaguntzarekin, aurreko ekitaldietako 568.858 euroko soberakinarekin, eta 2025eko 614.137 euroko baliabide propioekin.
Ekitaldi honetan egin beharreko inbertsio esanguratsuenak ibilgailu berriak erostea izango dira: hondakinak aurrez biltzeko 3, atzeko kargako bat, edukiontziak garbitzeko bat, eta ohiko erabilerarako bi. Halaber, materia organikoko edukiontziak eta sarraila berriak jartzea amaituko da, eta poltsa konpostagarriak eskuratzeko makina gehiago, minipuntu garbiak eta hainbat inbertsio informatiko egitea aurreikusten da.
Gizarte laguntzak
Indarrean diraute kalteberatasun-egoeran dauden familientzako laguntzak, eta horrek uraren eta zaborren ordainagiriaren % 50etik salbuesten ditu. Laguntza hau, batez ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonei zuzenduta dago. Gainera, ezinbestekoa da edukiontzi marroiaren edo autokonpostaje-sistemaren kanpainan alta emanda egotea, eta hala izan ezean, laguntza eskaera egin aurretik egin ahal izango dute. Bestalde, uraren kontsumo jasangarria egin beharko dute laguntza jasotzeko, hau da, biztanleko eta eguneko 120 litro baino gehiago ez kontsumitzea.
Era berean, Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateak onarpena eman dio Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Ordenantza berriari, gaur egun bereiztearen eta birziklatzearen arloan dauden beharretara eta eskakizunetara egokitzeko. Ordenantza berriak ondorengo helburuak ditu:
- 7/2022 Legeak hondakinak biltzeko eta kudeatzeko ezartzen dituen betebehar berriak betetzen direla ziurtatzea.
- Herritar guztiek gaur egun dituzten legezko betebeharrak zehaztea.
- Gaur egun bereizita biltzen diren hiri-hondakin solidoen frakzio guztien definizioa eta erregulazioa egokitzea.
- Garbiguneen eta garbigune txikien erabilera-araubidea jasotzea eta arautzea.
- Hondakinak biltzeko eta kudeatzeko betebeharrak ez-betetzeak modu eraginkorrean zuzentzea ahalbidetuko duen zehapen-araubide bat ezartzea.
Araudi berria Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan argitaratuko da, eta 30 eguneko epea zabalduko urtarriletik aurrera da interesdunek erreklamazioak edo iradokizunak aurkez ditzaten.



