
2025eko Sanmartzialak berritasun garrantzitsu batekin datoz. Izan ere, aurten konpainia berri bat batuko da alarde publikoaren lerroetara: Meaka. Auzotarrek bultzaturik, iazko jaiak amaitu bezain laster hasi zituzten konpainia berria sortzeko lanak, denbora luzez batek baino gehiagok amestutakoa egia bihurtzeko. Nagore Olaskoaga Meakako konpainiako kapitainak eta Garazi Gómez txilibitu kaboak konpainiaren sorrerarako emandako pausoak azaldu dituzte.
Zer dela eta erabaki zenuten Alarde Publikoaren barnean Meakako Konpainia sortzeko garaia zela?
Garazi: Nik aspalditik desfilatzen dut Alarde Publikoan, baina faltan botatzen nuen nire auzoko konpainian desfilatu ahal izatea. Horrela, konturatu nintzen nahi hori ez zela nirea bakarrik, partekatua zela. Jada entseguetan Meakako konpainia sortzeko ideia entzuten zen. Eneko Alzuri txikitako bizilagunak jada bazeukan zerrenda bat osatua konpainia berria sortu nahi zuen jendearekin, baina ideia bertan behera geratu zen, orain arte. 2024ko uztailean, nire lagun minak eta mutilak animatuta, Meakako konpainia sortzeko lanetan hastea erabaki nuen. Informazio bila hasi nintzen eta Enekoren zerrenda baliatuz talde txiki bat sortu genuen. Iazko Sanmartzialen osteko Alardeko juntaren bileretan gure asmoa azaldu genuen eta galdetegi bat sortu genuen ideia garatu eta hurrengo urtean konpainia sortuz gero zenbat jende batuko litzaigukeen jakiteko. Gure sorpresarako, 110 pertsonak eman zuten izena. Irailean konpainia sortzen laguntzeko prest zeuden pertsonak bilera batera deitu genituen.
“Nik aspalditik desfilatzen dut Alarde Publikoan, baina faltan botatzen nuen nire auzoko konpainian desfilatu ahal izatea”
Garazi Gómez, Alarde Publikoko Meaka konpainiako txilibitu kaboa
Beraz, behin ideia partekatuta, espero baino erantzun hobea jaso zenuten?
Nagore: Bai, hori da. Behintzat horrela baieztatu ahal izan genuen gurekin desfilatzeko prest egongo zen gutxieneko bat izango genuela. Horrek aurrera egiteko gutxieneko konfiantza bat eman zigun. Lehen bileran 30 lagun elkartu ginen eta lantaldetan antolatzea erabaki genuen, konpainiaren sorrera prozesua dinamikoagoa izan zedin. Zuzendaritza talde bat sortu zen horrela eta bertan 15 kide inguru gara, nahiko talde polita. Lan handia da eta erabakiak denon artean hartzen ditugu.

Konpainia sortzeko erabakia hartu zenutenetik, handia izan al da egin behar izan duzuen lana?
Nagore: Ez dirudi, baina hala da, gauza asko egin behar dira eta. Bilera asko egin ditugu xehetasun asko izan behar direlako kontuan, normalean besterik gabe desfilatzen ateratzen garenean pentsatzen ez ditugunak. Orduan, entseguetara zuzenean agertzen zara, edo ekainaren 30ean zuzenean zoaz, eta denak polita eta erraza dirudi. Dena den, egia da lan mordoska dagoela atzetik. Hala ere, lana oso gogotsu eta taldean egiten dugunez, askoz arinagoa suertatzen ari zaigu.
Jaso al duzue Alarde Publikoaren barnean azken urteetan sortutako beste konpainien laguntza?
Nagore: Bai. Batez ere, San Migelekoak izan ziren hasieran beren laguntza eskaini zigutenak. Gurekin elkartu ziren eta haien esku zegoen guztian laguntzeko prest zeudela adierazi ziguten, guk aurrera egin genezan. Gainera, lantaldean Karmele Tolosa dugu gurekin, kontu honetan aspalditik dabilena; esperientzia handiko pertsona da beraz, eta bere ekarpenak oso garrantzitsuak dira. Juntaren aldetik ere sekulako laguntza izan dugu. Orokorrean, oso babestuak sentitu gara eta horrela errazago egiten da dena.
Ekaina iritsi aurretik jada hainbat ekintza antolatu dituzue konpainiaren sorreraren harira. Zer egin duzue zehazki?
Nagore: Ba otsailaren 1ean Meaka Konpainiaren lehenengo bazkaria egin genuen, oraindik konpainia guztiz sorturik egon gabe. 60 pertsona agertu ziren bertara, eta beraz, guretzat sekulako arrakasta izan zen.
Garazi: Apirilean, berriz, mendi martxa bat egin genuen. Meakako auzo elkartetik abiatu ginen eta aurretik iragarritako ibilbide bat egin genuen. Horren ostean, pintxo-pote antzeko bat ere antolatu genuen elkar ezagutzeko.
“Adostuta dugu entsegu guztietan Borda Txikitik abiatuko garela arratsaldeko 20:00etan”
Nagore Olaskoaga, Alarde Publikoko Meaka konpainiako kapitaina
Ekaina gerturatzen ari den heinean, ari al zarete azken xehetasunak lotzen?
Nagore: Entseguak ekainaren 18an, 20an eta 24an egingo ditugu. Adostuta dugu entsegu guztietan Borda Txikitik abiatuko garela arratsaldeko 20:00etan. Armen ikuskatzeari dagokionez, Juanitan egingo dugu. San Martzial egunean berriz, Olatik aterako gara. Dena den, azken xehetasun batzuk lotzea falta zaigu.

Konpainia honen lehen urtea izanda, urduritasun edo gogo berezia nabaritzen duzue?
Garazi: Nik uste gogotsu gaudela eta ilusioz.
Nagore: Lehen urtea izanik, oraindik ez dakigu zehazki zenbat jendek parte hartuko duen gurekin. Lehenengo aldiek beti dakartzate urduritasunak. Orain arte eduki dugun babesa ikusita, ondo joango dela espero dugu. Hasieran zabaldu genuen deialdira jende gehiago batu da, eta beraz, hasieran aurreikusitakoa baino gehiago izango garela pentsatzen dugu. Lehen entsegu orokorrean ikusi ahal izan genuenez, erredoble eta danbor dezente dauzkagu eta, alde horretatik lasai geratu ginen, erredobleak lortzea ez baita erraza. Konpainiaren izenean instrumentu eskaera bat ere egin dugu. Ekainaren 7an, bigarren entsegu orokor bat egiteko asmoa dugu, Toki Alai ikastetxean berriro ere goizeko 10:30ean.
Aurtengo Sanmartzialetara begira, zeintzuk dira ilusio bereziz espero dituzuen uneak?
Garazi: Niretzat hasierako irteera, Olatik behera. Kale Nagusia eta beste hainbat une ere politak izango dira. Baina egia da txikitatik gu auzoan bertan egon garela.
Nagore: Nik ere gauza bera pentsatzen dut. Nik uste bihotzean gehien sentitu dugun unea hori izan dela beti. Gero egia da, badirela beste momentu batzuk. Arrankadaren unea ere oso berezia izaten da. Hain urduri gaudenez eta hainbeste soinuren erdian, erdi galduta, momentu horrek apur bat urduritzen nau. Hasiera apur bat kaotikoa izaten da eta. Baina bai, auzoa da gehien hunkitzen gaituena.
Eta Meaka konpainiaren lehen Sanmartzialak nola bizi nahiko zenituzkete?
Nagore: Poztasunez. Gure helburua da nahi duen guztiak jai hauetan parte hartu dezala, inolako mugarik gabe. Jaiez disfrutatzea, hori da helburu nagusia.
Garazi: Nik uste aurtengoak bai ala bai disfrutatuko ditugula, nahiz eta urduri egon.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



