Gaur behin-betiko onespena eman zaio lagun egiteko animalien babesa, ongizatea eta edukitze arduratsua arautzeko udal-ordenantzari. Onarpena maiatzeko ohiko osoko Bilkura eman dio, gaur goizean Irungo udaletxeko areto nagusian egin dena. Horrela, arau-esparru bat ezartzen da animalien babes eta ongizate maila egokia bermatzeko, izaki bizidunak baitira eta sentikortasun fisiko eta psikikoa eta behar etologikoak baitituzte, begirunezko eta errespetuzko tratua sustatuta.
Ordenantzak zenbait helburu ditu. Alde batetik, animaliak edukitzean arduraz jokatzea eta horien babesa, errespetua eta tratu ona sustatzen ditu, baita animalien zikiratzea eta identifikazioa ere, funtsezko oinarriak baitira gainpopulazioa eta, azken batean, abandonua saihesteko. Prebentzioa ere bultzatzen da, animalien jabe edo arduradunentzako hezkuntzaren bidez, eta arreta jartzen da animalien kontrako tratu txar mota ororen kontrako borrokan, izan fisikoak edo psikologikoak.
Iñigo Berges Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkariak adierazi duenez, ordenantza idaztean Udaleko talde politiko guztiek hartu dute parte ahalegin handiz, baita hiriko elkarte animalistek ere. Segurtasun eta Bizikidetza ordezkariak azaldu duenez, “elkarrekin lan egin dugu, indarrak batuta, araudi hau osatzeko zeinak, animalien beharrei erantzuteaz gainera, Irungo herritarren iritzia ere islatzen duen, gurean gero eta gehiago estimatzen dugulako bizitza gurekin partekatzen duten izakien ongizatea”.
Kaleko katu koloniak
Ordenantza honen bidez, aurrerapauso handia egingo da kaleko katu kolonien kudeaketan, HZI metodoan (harrapatu, zikiratu eta itzuli) oinarritutako metodo integral baten bidez. Horri esker, katuen populazioa kontrolatu daiteke modu etiko batean eta kalterik egin gabe. Udaletik azaldu dutenez, jarduteko modu horrek animaliekiko sentikortasuna eta errespetua erakusten ditu, edozein delarik ere horien estatusa.



