“Doakotasunerantz, herritarron beka” izena aukeratu dute AEK–k eta BDS KOOPek beren proiektu berria izendatzeko. Egitasmoaren helburua euskaldundu nahi den pertsona ororen eskuetan euskara ikasteko aukera jartzea da. Euskara ikasten hasi nahi dutenentzako beka sistema berri honen bitartez, babesle sare bat sortu nahi dute, euskaltegiko matrikula ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko. Beñat Alzaga Irungo AEK–ko kideak eta Dornaku Lanz BDS KOOPeko kideak proiektua ezagutarazi dute.
Beñat Alzagak adierazi duenez, “egitasmo honen helburua da, motz-motzean esanda, herritar guztiek benetako eskubidea izatea euskara ikasteko, edozein dela ere haien egoera”. Eskubide hori benetan irisgarria izatea nahi dute, gaur egun ez baita horrela. Horretarako, Irunen euskara ikasi nahi duen orori aukera eskaini nahi diote, inor euskaltegitik kanpo gera ez dadin.
Irungo AEK euskaltegiak euskalduntze prozesuan jokatzen duen papera agerikoa da. BDS KOOPek berriz, ekonomia soziala sustatzen du eskualdean, ekonomia bizitzaren eta pertsonen zerbitzura jartzeko. Dornaku Lanzek azaldu duenez, “euskara ikastea sustatzeko beka hau sortzeko aukera ikusi genuen guk dugun funts propioa, diru poltsa bat, erabiliz, euskaltegian izena eman ahal izateko dirua aurreratzeko”. Hortaz, mailegu-sistema soil bat baino gehiago izango da; denok euskaraz eroso bizi ahal izateko urrats xume eta zintzo bat. “Sinetsita gaude herritarrak prest daudela lan egiteko, herria euskaldundu dadin”, gaineratu du Beñat Alzagak. Izan ere, ertz asko dituen proiektua dela uste dute AEKn: “Irunera etortzen ari diren herritar berriei harrera egin eta ongi etorria emateko beste modu bat ere bada”.
Euskara ikasteko bidea erraztuz
Ikasturte hasieran aurreratutako diru hori ikasketen amaieran ikasleek jaso ohi dituzten dirulaguntzekin berreskuratuko da. Irungo AEK-ko kide Beñatek azaldu duenez, ukaezina da gaur egungo instituzioek euskararen doakotasunaren bidean urratsak egin dituztela, ziurrenik bide onetik. Hala ere, Alzagak azaldu duenez, “Jaurlaritzaren edo Udalaren laguntzak oraindik ez dira gai herritar guztien benetako beharrak asetzeko”. Izan ere, dirua aurreratu behar izatea arazoa da zenbait pertsonentzat. Besteek, aldiz, ez dituzte diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintza guztiak betetzen. Esaterako, hori da egoera irregularrean dauden pertsonen kasua.
“Sinetsita gaude herritarrak prest daudela lan egiteko, herria euskaldundu dadin”
Beñat Alzaga, AEK-ko ordezkaria
Hain zuzen ere, Legia kaleko euskaltegian gertatu izan zaie, jendea euskara ikasteko gogoz gerturatzea eta ordaindu beharrekoak aipatzerakoan atzera egitea. “Egia da, gaur egun behe mailetan, A1 eta A2 mailetan, Jaurlaritzak atera duen diru-laguntza baten bidez matrikula merkatu dela, baina oraindik ere dirua aurreratu beharra eskatzen du” azaldu du Beñatek. Dornaku Lanzek aipatu duenez, hau ez da hutsetik abiatzen den ideia bat, “guztiz beharrezkoa den zerbitzu edo prozesu bat dela argi dugu”. Horregatik, AEK-k eta BDS KOOPek Bidasoako herritar guztiei euskara ikasteko eskubidea, nahia eta plazera eskaini nahi die. “Jakin badakigu askotan zaila dela hizkuntza berri bat ikasteko lehen urrats horiek egitea, eta beraz, onartezina da arrazoi ekonomikoengatik atzera egin behar izatea”, erantsi du AEK-ko kideak.
Bi hankako proiektua
Proiektu berri honek, izatez oso sinplea dena, bi protagonista nagusi ditu: euskara ikasleak eta babesleak. Horri esker, euskara ikasten hasi nahi duenak ez du dirurik aurreratu beharko, horretarako aukerarik ez duen kasuetan. Aurten, hastapen urtea izanik, Beñat Alzagak adierazi du baldintza bakarra jarri dutela: euskara ikasten hasi nahi duen eta hasierako mailetan izena emango duen jendearentzat izango dela beka. “Dena den, beste kasuren batean dagoen pertsonaren bat gerturatzen bazaigu, egoeraren arabera, hari ere eman dakioke beka”, adierazi du Beñat Alzagak, AEK-ko ordezkari gisa.
Proiektuari zentzua babesleek emango diote: ikasle ohiek, euskaldunek, euskaltzaleek, etab. Hau da, egitasmoa babesteko prest dagoen pertsona orok. Egitasmoari laguntzeko diru ekarpena egiteko konpromisoa hartuko dute babesleek. Zenbatekoa bakoitzak aukeratuko du, bere asmo eta ahalmenen arabera: 10€, 20€ edo 50€. Gainera, Herritarron Bekaren berri emango dute beren inguruan, proiektua zabaldu eta sostengu sarea handitzeko.
“Guztiz beharrezkoa den zerbitzu edo prozesu bat dela argi dugu”
Dornaku Lanz, BDS KOOPeko ordezkaria
Horrez gain, litekeena da hasieran adierazitako kopurua baino gutxiago jarri behar izatea. “Dirulaguntzak funtzionatuko duela sinistuta gaude”, adierazi du BDS KOOPeko Dornakuk. Beraz, zenbat eta sarekide gehiago lortu, orduan eta sendoagoa izango da proiektua, eta pertsonako kostua, beraz, txikiagoa. Dornaku Lanzek erantsi duenez, poltsa honek badu bere muga, baina aurtengo erronkari aurre egiteko nahikoa izango dela uste dute. “Hain zuzen ere, AEK eta BDS KOOPen filosofiaren oinarrian baitago saretzea, elkartzetik eta herritarren lanetik sortutako erakundeak direlako”, Dornaku Lanzek azaldu duenez.
Babesle gisa izena emateko epea zabalik dago. Dornaku Lanzek esan duenez. “Oso erraza da abalista izatea, galdetegia betez egin daiteke, edo kontakturako datuak emate hutsarekin, edo AEK-k Irunen duen bulegora hurbilduz”. Izena ematearekin batera, eman nahi den diru kopuru maximoa adierazi behar da.
Lehen urratsak
Egitasmoak lehen babesleak erakartzea lortu du jada. Bitartean, Familia Lagun elkartearen eskutik, abian dute ikastetxeetan proiektu honen berri emateko egitasmoa. Beñat Alzagak aipatu duenez, “ikastetxeen bidez egindako lanketak oraindik denbora gehiago behar du, matrikulazio erritmoa motelagoa baita”. Hala ere, bide horretatik bekaren onuradun izan daitezkeen euskara ikasle potentzialengan iristeko aukera ikusten dute. “Lekaenea, Dunboa eta Toki Alai ikastetxeetan lanean hasi gara eta hasiak dira beren lanketa propioa egiten, baina oraindik ez gara emaitzak jasotzen hasi”, erantsi du Alzagak.
Lehen ikasturteko froga gaindituta, beka sistema datozen ikasturteetara begira finkatzea da helburua. Dornaku Lanzek aipatu duenez, sistematizatuz gero, bekaren funtzionamendua erraza izango da. “Uste dugu horrelako erronka handiei erantzuteko modu bakarra dirulaguntzen sistema bera aldatzea dela, eta beraz, bitarte horretan, guk poltsa mantenduko dugu, dirua aurreratu behar ez izateko”. Hori gertatu bitartean, zentzu praktikotik haratago doazen eta saretzetik sortutako egitasmoen bidez egingo da: herritik eta euskaratik, herriarentzat eta euskararentzat.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



