Be Veggie jaialdi beganoa aurtengo programaren berri ematen hasi da

Be Veggie Euskadiko jaialdi beganoaren zazpigarren edizioa forma hartzen hasia da. Enpresa erakusketari ugarik jada etorriko direla berretsi dute, zerrenda luzea osatu arte. Jardueren programa zabala egunez egun handitzen ari da ere, proposamen berritzaile eta konprometitu askorekin. Horrela, dibertsitatez betetako topagune aberatsa izango da, eta gozatzeko eta ikasteko aukera izango dute bizimodu kontziente, etiko eta jasangarriago baten aldeko interesa dutelako bertaratzen diren guztiek.

2019ko lehen ediziotik, Be Veggiek milaka bisitari, hamarka enpresa, elkarte eta proiektu elkartu ditu urtero, izaki bizidun guztientzako justuagoa den mundu bat sustatzeko. Zazpigarren edizio honetan, Be Veggiek hazten jarraitzen du, eta estatu mailan parerik ez duen jaialdi gisa sendotzen: hemen, ekitea, jatea eta ikastea aldaketa globalaren aldeko keinuak dira.

Berriro ere Be Veggie ekitaldi huts bat baino askoz gehiago dela erakutsiko du: esperientzia eraldatzaile bat izatea da asmoa. Espazio ireki, irisgarri eta desberdina, elikadura, aktibismoa, jasangarritasuna eta komunitatea uztartzen dituena. Hori guztia, noski, jai giroan eta espazio eroso batean.

Aurten, Be Veggiek urrats bat gehiago egitera gonbidatzen gaitu: ideietatik ekintzara pasatzera, eguneroko ohiturak eraldatzera eta erabaki guztiek eragina dutela ulertzera. Ideia horren inguruan, hiru ildo nagusi proposatzen ditu jaialdiak: jan, ekin eta ikasi, horiek baitira aldaketaren hiru zutarriak.

Jan: platerean hasten den aldaketa

Erakusketa eremu zabal batean, elikadura osasungarri, goxo eta % 100 begetal baten alde egiten duten enpresak bilduko dira. Gainera, showcookingak egingo dira, hala nola Aida Lídicerena (@beginveganbegun), mokofinenak ere pozik uzteko moduko Gabonetako errezetekin. Horrela, agerian geratuko da animalien kontrako krudeltasunik gabe ere posible dela jaki goxo-goxo, original eta osasungarriak prestatzea.

Ekin: zure pausoek dakarte aldaketa

Be Veggie 2025en beren eredu eta konpromisoari esker inspirazio iturri diren aktibistak, komunikatzaileak, sortzaileak eta profesionalak bilduko dira. Hausnarketa eta aldatzeko grina pizteko hitzaldiak izango ditugu, esate baterako, Miriam Jiménez Lastrak emango duena (@miriamjlas). Soziologo eta aktibista horrek beganismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren arteko bidegurutzea aztertuko du, begirada kritiko eta inklusibo batekin.  Beste adibide bat: Rocío Canok (@veganaynormal) eta Mery Ocañak (@unaprofeverde) eskainiko duten mahai-ingurua, hezkuntzako espezismoa eraitsi nahi duena, ikasgelatik eta etxetik bertatik.

Animalien gaineko esperimentazioari buruzko solasaldia ere izango da, Pablo de la Chica (@pablodelachica) zuzendaria eta Lucía Arana (@LuciaArana) kazetaria protagonista izango direlarik. Bertan, euren dokumental berria, Infiltrada en el búnker, izango dute hizpide, eta Espainiako Estatuko ikerketa-zentroetan egindako ikerketan bildutako irudi eta esperientziak partekatuko dituzte.

Ikasi: taupada bakoitzean

Be Veggie ikaskuntza kolektiborako gune bat ere bada, non aditu desberdinek hainbat gai jorratzen dituzten, hala nola espezieen arteko diskriminazioaren aurkako komunikazioa (Andrea Arrizabalaga – @andyarriza_vegan), egituratutako aktibismoa (IMAE – imae.activismo), moda etikoa (Fashion Revolution – @fash_rev) eta sareetan eragina duen dibulgazio zientifikoa (Cristina Rodrigo – @crispipics eta Laura Peinado – @laurapeinadorodriguez).

Musika, artea eta komunitatea

Aldaketa ospatu ere egin behar delako, Be Veggien zuzeneko musika, DJak eta adin guztietarako jarduerak ere egongo dira. Silent Disco San Sebastián (@silentdisco.ss), Om Lila (@om_lilamusic) eta Eromena (eromena.dj) beren set-etan, baita haurrentzako sormen eremuak, horma-irudi kolaboratiboa edo eguneroko zozketak ere.

Aurten, gainera, Ane Arzelus (@anearzelus) artista donostiarrak bere ikuspegi ezin bereziagoa ekarriko du jaialdira, Be Veggien inspiratutako horma-irudi bat egingo baitu zuzenean.

Ihobe Be Veggie-n

Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoa, Euskal Herriko Ingurumen Etxeen Sarea, Ekoetxearen bidez parte hartuko du Be Veggie-n. Sare horrek gure lurraldeko leku enblematikoetan esperientzia bereziak eskaintzen ditu, publiko guztientzat, ingurumenaren zaintzaren garrantziaz jabetzea eta eguneroko bizitzan ohitura jasangarriak sustatzea helburu hartuta.

Aurtengo edizioan, Ekoetxea Txingudik Escape Box TerminUs ekarriko du Be Veggira: ihes-joko bat, non parte-hartzaileak istorio zirraragarri baten protagonistak bihurtuko diren. Froga ezberdinen bidez, TerminUS zer den deskubritu beharko dute: planeta aldatzeko eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko azken aukera, gure ohiturak eta eguneroko ekintzak aldatuz.

Escape Box TerminUs jokoaren helburu nagusia da parte-hartzaileek lankidetzaren eta dibertsioaren bidez ikastea zein portaerak diren jasangarritasuna bultzatzen dutenak, eta nola ekintza txiki indibidualek, beste pertsona batzuen ekintzekin bat eginda, ekarpen handia egin dezaketen klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude