
Larunbatekoa Zaisa Txingudik Mutrikuko San Migel udal zelaian jokatu duen lehenengo aldia izan da. Izan ere, hogeita hamar urte baino gehiago egin beharko genuke atzera bidasoarrak bertako taldearen aurkako azken norgehiagoka ikusi ahal izateko. Zaisa Txingudi eta Mutrikuren arteko partiduaren azkeneko hogei minutuetan lortutako puntuak erabakigarriak izan ziren.
Hasierako hamabostekoa Unai Cano, Aitor Asurmendi (kapitaina), André Ferreira, Asier Amigo, Jon Mediavilla, Imanol Rodriguez, Julen Iglesias, Aritz Rodriguez, “Lutxo” Echevarria, Alejandro Lasa, Pablo Besga, Keoma Pacheco, Ekain Hiribarren, Koldo Segurola eta Odin Gutierrezek osatu zuten. Aulkian Jon Sanchez, Asier Gonzalez, Iñaki Cano, Juan Carlos Lora eta Eneko Martinez hasi ziren. Kepa Andoni Saitua aritu zen epaile lanetan.
Azkar joan ziren mugakoak puntuak lortzera, hirugarren minutuan Alejandro Lasak ostikatutako zigor kolpe baten bidez saiatu ziren-eta. Lehenengo saiakera ez zen lortu, baina ez zuten asko itxaron behar izan puntuak eskuratzeko Aitor Asurmendik egindako entseguarekin (0-5). Bost minutu geroago, Aritz Rodriguezen eskutik iritsi zen bigarren marka, Alejandro Lasak eraldatu zuena (0-12).
Etxeko taldeak nagiak kendu zituen eta, Txingudik egindako zigor kolpeetaz baliatuz, emaitza berdintzea lortu zuten bi entsegu eta eraldaketa batekin (12-12). Diziplina ezak mugakoei kalte egin zien, Mutrikuri jokatzeko aukerak emateaz gain, jokalariak galdu baizituzten, aldi baterako kaleratzeengatik. Hamaseigarren minutuan Julen Iglesiasek jaso zuen txartel horia eta hogeita zazpigarrenean Aritz Rodriguezek.
Etxeko taldeak nagusitasuna probestu zuen eta, 34. minutuan, aurrea hartu zuen lehenengo aldiz hagen artean ostikatutako zigor kolpe baten bidez (15-12). Lau minutu geroago, Zaisa Txingudik berdinketa lortu zuen, berriz ere, Lasak sartutako zigor kolpe batekin, baina ez zuen luze iraun, Mutrikuk entsegua eta eraldaketa lortu baizuen lehenengo zatiko azkeneko jokaldian (22-15).
Bigarren zatian Bidasoako taldeak zigor kolpe gutxiago egitea lortu zuen eta horrek jokoan eragina izan zuen, pixkanaka egoera irauliz. Hasi eta hamalau minutuetara, Aritz Rodriguezek bere bigarren entsegua gauzatu zuen, Lasak eraldatu zuena (22-22) eta, zazpi minutu geroago, touch-maul baten ondoren, Asier Gonzalezek aurretik jarri zuen taldea, beste behin, entsegu batekin (22-27).
Baina debabarrenekoek oraindik bazuten zer esan eta berdinketa eskuen artean izan zuten, baina Zaisa Txingudiren defentsak eragotzi zuen. Bidean, Carlos Lorak hamar minuturako kaleratua izan zen, lana zailduz mugakoei.
Dena den, puntuak bisitarien alde iritsi ziren, beste behin, Asier Amigok hagen artean lortutako entsegu batekin, Alejandro Lasak eraldatutakoa (22-34).
Garaipenaz harago, norgehiagoka hau taldeari konfidantza puntu garrantzitsu bat gehitzeko balio izan dio Txingudiri. Datorren larunbatean igoerarako hautagaietako bati egingo dio bisita, Zornotzako Urgozori.



