Alicia Alonso idazle gazteak bere bigarren liburua aurkeztuko du datorren astelehenean Irunen

Alicia Alonso idazle irundarrak Guardianes de Eilën II. La marca de Elõrien” liburua aurkeztuko du abenduaren 15ean, astelehenean. Aurkezpena CBA liburutegian izango da, arratsaldeko 18:00etan, doako sarrerarekin. Idazle gazteak Guardianes de Eilën sagako bigarren lana aurkeztuko du bertan. Nuria Alzaga Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkariarekin batera, gaur goizean aurkezpena iragartzeko prentsaurrekoa eman du idazleak.

13 urterekin Alicia Alonso irundarrak bere bigarren liburua argitaratu du.  Urtarrilean, Guardianes de Eilën I. El amuleto de Anháläh argitaratu zuen idazleak, eta Guardianes de Eilën II. La marca de Elõrien jarraipena da. Elentari printzesa elfoaren abenturak kontatzen ditu: lagunekin batera, gurasoen tronuaz jabetu nahi duten azti batzuei aurre egingo die, eta, aldi berean, Mailïn sendatzen lagunduko du, erresumako plazan madarikatuta azaldu den elfoa.

Gaur egun, Alonso DBHko 2. maila egiten ari da, eta ikasketak literaturarekin uztartzen ditu. Orain arte, aipatutako bi liburuak kaleratu ditu, eta beste hauek idatzi: “Guardianes de Eilën III. Las cuatro puertas de la vida”, Mark Reality I. Strangers” eta Mark Reality II. Descubrimiento del Nuevo Mundo. Gaur egun, berriz, beste liburu batzuk idazten ari da: Guardianes de Eilën IV. Los juegos del ocaso eta Mark Reality III. Los siete pecados capitales.

Mark Reality saga superbotereak dituzten nerabe batzuei buruzkoa da, eta euskaraz zein gaztelaniaz idatzita dago, eta, laster, Guardianes de Eilën saga osoa ere ele bietan egongo da.

Nuria Alzagak Alicia Alonso idazlea zoriondu du. Adierazi duenez, “Irun talentuz beteta dago; horren adierazgarri, Alicia Alonso bera: gaztea da, baina literatur munduan irmo sartzea lortu du bere argitalpenei esker, eta ziur nago Guardianes de Eilën sagako argitalpen berriak ere fantasia eta akziozaleak bereganatuko dituela”.

Guardianes de Eilën II. La marca de Elõrien: sinopsia

Elentarik-eta azken etsaia mendean hartzea lortu zuten, eta dena lasai zegoen, dena ondo zihoan. Bat-batean, baina, Deashako aztirik ahaltsuenek Álendeleko errege-erreginen tronua usurpatzea erabaki zuten.

Halako batean, neska madarikatu bat agertu da hiri erdian. Berehala, salbatzea eskaini dio anaiak, eta Elentarik-eta laguntzea erabaki dute. Misioak betirako aldatuko ditu.

Alicia Alonso

Alicia Alonso 2012ko otsailaren 6an jaio zen, Donostian. Irunen bizi da, eta DBHko 2. mailan dago, La Salle ikastetxean. 11 urte zituela, irudimen izugarriaren jabe, bere lehenengo liburu fantastikoa idatzi eta ilustratzen bukatu zuen: Guardianes de Eilën I. El amuleto de Anháläh. Aurrez, 10 urte zituela, ikaskideei denak eta are irakaslea ere azaltzen ziren istorio bat oparitu zien urtebetetzerako.

2022an, zientzia-fikzioko idazle eta irakurleen arteko topaketa batean parte hartu zuen, Irunen bertan, eta Guardianes de Eilën saga idazten hastera animatu zen. Orain, sagari jarraipena emateaz gain, saskibaloian jokatzen eta biolina jotzen du, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude