Irungo Udalak baldintza-plegua onartu du eta plegu horren bitartez Irunbuseko zerbitzuaren kontratua lehiaketara ateratzea ahalbidetuko da. Besteak beste, hiria iparraldea eta hegoaldea, erdialdetik igaroz, lotuko duen 5. linea berria sortzea aurreikusten da. Linea hori, ‘San Juan – Elizatxo – Mendibil – Ficoba’ izenekoa, 2026an zehar egongo da martxan, Udalak hirian garraio publiko jasangarriaren erabilera sustatzen jarraitzeko apustu garbia eginez.
5. linea berri horrek 30 minutuko maiztasuna izango du. Horretarako Udalak dagoeneko badu hamar metroko ibilgailu elektriko bat. Gaur egun udalerrian lan egiten duten Irunbuseko gainerako lau lineek egiten duten ibilbidearen kontra egingo du, hau da, zabalean egingo du ibilbidea, FICOBAko gunea Elizatxo edo Mendibilgo goiko eremuekin lotuz.
Cristina Laborda Irungo alkateak eman du gaur horren berri hedabideen aurrean, eta honako hau azpimarratu du: “Irunek eta Udal honek soberan erakutsi dute hiri-mugikortasunaren aldeko konpromisoa duela, eta, horregatik, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren II. Planaren (PMUS) barruan urratsak ematen jarraitzen dugu. Orain, hobekuntza horiek bultzatzen ditugu herritarrei bizitza errazteko, auzo garaietara iritsiz eta adineko bizilagunei lagunduz, gure ustez pertsonen bizi-kalitatean eragin zuzena duen eskubidea ere badelako mugikortasuna “.
Azpimarratu behar da lehiaketa hurrengo 20 hilabeterako aterako dela, 3,4 milioi eurorengatik, Arasoko industrialdeko kotxetegiak zerbitzuan sartzearekin batera kointzidituko duena, hain zuzen ere.
Ibilbide berri bat
Fermin Calbeton kalean hasita, linea horrek ia bost kilometroko ibilbidea egingo du, eta FICOBA azoka-esparrutik Elizatxo auzoko gunerik garaieneraino iritsiko da.
Tartean, autobusa hiriko erdigunetik ibiliko da, hala nola San Juan plazatik eta Colón ibilbidetik, bai eta Gipuzkoako eta Iparraldeko hiribideetatik ere. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu Mendibil auzotik igarotzea, horrela, hor inguruko bizilagunen eskaerari erantzuten baitio Irungo Udalak.
Irunbusek erabiltzaile kopuru errekorrarekin itxi zuen 2024. urtea, bi milioiko muga gaindituz. Zaisa – Ospitalea 1. lineak 1.450.000 bidaiari izan zituen, eta pertsona gehien garraiatu zuen linea izan da. Hori dela eta, Irungo Udalak hamabi metroko autobus elektriko berri bat jarriko du martxan ibilbide horretan, eskari handiari aurre egiteko.
Horrela, zerbitzua hobetu nahi da, egungo maiztasunak mantenduz, linearen puntualtasuna hobetu ahal izateko, eta Zaisa eta Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko hasierako geltokietan behar bezala kargatzea ahalbidetuko da, gaur egungo denborek ez baitute une oro kargatzea ahalbidetzen.
Gautxoriak maiztasun gehiago
Aipatzekoa da Gautxori zerbitzuak ere izango duela Irunbuserako aurreikusitako hobekuntzen onura, ordutegi-maiztasuna nabarmen handituko baita, Behobia eta Katea auzorantz doazen gaueko lineetan orduko maiztasuna izatetik 30 minutukoa izatera igaroko baita. Zerbitzu hori gehienez jota bi hilabeteko epean jarriko da martxan, kontratua formalizatzen denetik.
Azpimarratzekoa da kontratuari atxikitako ibilgailuekin edo autobusekin eman beharreko zerbitzu bereziak ere sartzen direla kontratuan, hala nola San Markos eta Santu Guztien egunetako zerbitzu berezia, baita beste zerbitzu berezi batzuk ere, adibidez, San Martzial egunekoa.
4,8 milioi euro kotxetegientzat
Nabarmendu behar da Irunbusen zerbitzuaren hazkundearen ondorioz, Irungo Udala une honetan izapideak egiten ari dela bere kotxetegi propioak izateko, flota osoaren kudeaketa eraginkorragoa izan dadin. Horrez gainera, kotxetegi horietan autobus elektrikoen karga ahalbidetzeko potentzia elektriko nahikoa izatea aurreikusi du.
Une honetan, Araso industrialdean bi pabiloi industrial erosteko lanean ari dira, eta, ondoren, egokitu egin beharko lirateke, kotxetegi gisa erabiltzeko. Beraz, 3,8 milioi euro baino zertxobait gehiago izango dira bi pabiloiak erosteko, eta urte anitzeko partida bat egongo da lokal horiek kotxetegi gisa egokitzeko, hau da, 2026an milioi bat eurokoa.
Hiri-garraioa hobetzeko azterlana
Horrez gainera, Udalak hiri-garraioa hobetzeko azterlan bat kontratatu du, eta, bertan, autobus konbentzionaleko bidaiarien garraioaz gain, landa-eremuetako eskariaren araberako garraioaren eta hiriko taxi-bus zerbitzuaren azterketa egitea sartu du. Azterlanak egungo garraio publikoaren sarea ebaluatu beharko du, hura hobetzeko aukerak identifikatu eta etorkizunerako aurreikusitako handitze urbanistikoen aurrean moldaketak proposatu.
Gainera, landa-guneetako biztanleen mugikortasun beharrak aztertuko dira, eskariaren araberako garraio-sistemaren eraginkortasuna eta taxibus zerbitzuaren funtzionamenduari erreparatuta, horien eraginkortasuna hobetzeko eta hiriko garraioan hobeto integratzeko, konponbide berritzaileen bidez.
Azkenik, Cristina Labordak azpimarratu duenez, “Irunbusek aldi berri bati ekingo dio, eta erabiltzaileentzat hobekuntza nabarmenak izango ditu. Ondoren, beste etapa bat hasiko da, bere kotxetegi berri propioak edukita eta azterlan hau eginda. Azterlan hori amaitzen denean, bizitegi-gune berriak eraikiz hiria ezagutzen ari den hazkundeari egokituko zaio zerbitzua”.



