Anaka kaleko azken eraikinen eraisketa hasi da datozen asteetan San Miguel – Anaka eremuko lanak abiatzeko

Anaka kaleko azken eraikinen eraisketa hasi da, datozen asteetan San Miguel – Anaka eremuko lanak hastea ahalbidetuko duena. Urtarrilaren 9an hasi ziren aipatutako eraikinen eraisketa-lanak. Irungo Udalak 9,3 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu eraisketan eta lurren erosketetan, bermatzeko eremu hori Irungo historian egin izan den etxebizitza publikoen sustapenik handiena hartzeko prestatzeko.

Cristina Laborda alkateak eraisketa lanen berri eman du gaur, Idoya Yarza-rekin Irunviko gerentearekin batera. “Horrela, ba, bi hamarkada baino gehiagoko prozesu honi amaiera emango diogu, esku-hartzeez, izapideez eta erabakiez jositakoa, bermatzeko eremu urbanistiko hau gai izango dela Irunen inoiz izan den etxebizitza publikoko sustapenik handiena hartzeko. Urte honetan bertan, azkenik, gauzatzen hasiko da”. Hala adierazi du alkateak, eta gertakizun honek hiriaren garapenean duen garrantzia azpimarratu du.

9 milioi euro baino gehiago inbertitu dira eremua prestatzeko, liberatzeko, eta aurreikusitako sustapen guztiak hasteko. Azken helburu horrekin, Udalak eta Irunvik diru-partida ezberdinak inbertitu dituzte hainbat arlotarako: eraisketak, zoruak deskutsatzea, lurzatiak erostea, eta, azkenik, birgaitzeko dirulaguntzak ematea hasiera batean antolamendutik kanpo zeuden eta ondoren sendotu behar ziren etxebizitzei. “Egindako inbertsio bateratu osoari esker jarri dugu martxan proiektu hau, babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza berri hau burutu ahal izateko. Espero dugu urte honetan bertan esleitzea babes ofizialeko lehen etxebizitzak”, alkatearen hitzetan.

Hemendik aurrera, urbanizazio-lanak hasten direnean, jabe bakoitzak bere kargu hartuko ditu gastuak partaidetza-ehunekoen bidez, urbanizazio-lan eta kargei dagokienez. Alderdi publikoaren partetik, bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak ordainduko dute, % 33a eta % 21a, hurrenez hurren.

20 urte baino gehiagoko prozesua
Gogorarazi behar dugu 2008an onetsitako Hiri-antolamenduko Plan Bereziak, hasieran, eraisketa gehiago egitea aurreikusten zuela eremu honetan; horrek, ondorioz, ordezko bizitoki gehiago ematea eskatzen zuen. Halaz ere, plana aldatu egin zen, eta 2016an Planaren Aldaketa behin betiko onetsi ondoren, eraitsi behar ziren eraikin horietako asko sendotu egin ziren. Horregatik, Udalak etxebizitza horiek birgaitzeko dirulaguntzak sustatu eta eman zituen, hobetzeko eta gehiago iraun dezaten.
2016an Plan Bereziaren Aldaketa onetsi ondoren, Barne-eraberritzeko Plan Berezia, Urbanizazio-proiektua eta Birpartzelazio-proiektua izapidetu izan behar dira. Horrekin guztiarekin batera, azken proiektu hori onetsi baino lehen, lurzoruaren kalitatearen aitorpena lortu behar zen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eskutik.

Urte hauetan zehar, Udalak, IRUNVIren bitartez eta aipatutako ziurtagiria lortzen zuen eta eremua garatzeko tresnak izapidetzen zituen bitartean, beharrezko eraisketak egiten joan da, urbanizazio-lanekin ahalik eta azkarren hasteko kontratua esleitu ondoren. Aldi horretan CONATEC fabrika eta Aguerre 2-4, Aguerre Txiki eta Santa Bárbara eraikinak eraitsi dira, besteak beste.

Anaka kaleko Izartxo Enea eraikina eraitsi ondoren, Sancheski fabrika eraistea geratuko litzateke. Horretarako, ordea, Industria-aurriko Espedientea lortu behar da, jabeak izapidetu eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak onetsi beharrekoa. Espedientea lortu ondoren, aipatutako azken eraikin hori eraitsiko da. Nabarmendu behar da, ordea, horrek ez duela urbanizazio-lanen hasiera atzeratuko, aldi berean egin baitaitezke.

Azken aste honetan, hain zuzen, Cristina Laborda alkateak onetsi du urbanizazio-lanak esleitzeko ebazpena. MOYUA-AMENABAR ABEE enpresari esleitu zaio, 27.698.489,48 eurogatik, eta espero da otsailean bertan hastea lanekin.

Auzoen arteko lotura berria
Urbanizazio berriak San Miguel eta Anaka auzoak lotuko ditu, oinezkoentzako guneen, plazen, txirrindularientzako bideen, ekipamenduen, denden eta etxebizitzen bidez. Hala, hiriaren mendebaldeko zonaldea eraldatuko du, eta denbora luzeegi iraun duen hutsune bat beteko. Anaka eta San Miguel auzoek hiriko bazterrak izateari utziko diote, eta Irungo iparraldea eremu urbano bilakatuko da, Puianatik hasita eta Colón Ibilbidera, Dunboara eta Behobiara iritsi arte.”Lan hauen bidez hasiera emango zaio Irungo etxebizitza publikoen sustapenik handienari. Babes ofizialeko mila etxebizitza eraiki ondoren, egun hirian dagoen etxebizitza babestuen kopurua bikoiztu egingo da”, ondorioztatu du alkateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude