Kemen dantza taldeak ekitaldiz ekitaldi dantzan ospatuko ditu Inauteriak

Kemen dantza taldeak hainbat hitzordu antolatzen ditu Inauteri garaian Irunen. Galdaragileen konpartsan ezkontzaren osteko ospakizunean dantza egiten dute lehenik. Otsailaren 14an ohiko euskal herri inauteria egingo dute 12:00etatik aurrera hiriko erdigunean. Azkenik, otsailaren 15ean, Puska Biltzean ibiliko dira Olaberriako baserrietan barrena dantzan. Aiora Fagoaga Iza eta Naroa Zuazua Aristizabalek aurretik dituzten ekitaldien xehetasunak azaldu dituzte.

Inauteriak data garrantzitsua dira zuen taldearentzat, ezta?

Naroa: Bai, guk ez dugu ekimen bakarra antolatzen, baizik eta Inauterien bueltan hiru ekimen antolatzen ditugu eta noski, garrantzia dute guretzako, bai.

Noiz hasten zarete Inauteriak prestatzeko antolaketa lanekin?

Aiora: Taldeko batzar orokorra egiten dugu eta bertan hartzen dira Inauteriekin zerikusia duten erabaki garrantzitsuenak. Batzar hau urriaren bukaera aldera egiten da eta  hurrengo urtean Inauterietan landuko den gaiaren proposamena eramaten da bertara. Behin erabakia hartuta, gauzak prestatzeko lantaldea sortzen da. Herri Inauteri horrek daukan lanaren arabera, prestaketa lanak lehenago edo geroago hasten dira.

Inauterietako lehen hitzordua Galdaragileen konpartsarekin duzue. Zer egiten duzue zehazki bertan?

Naroa: Galdaragileen konpartsaren ibilbidea amaituta eta San Juan plazan egiten den ezkontza antzerkiaren ostean, guk ezkontzaren ospakizuna egiten dugu. Horretarako, bertan koreografia bat dantzatzen dugu, nahiz eta euskal dantzarekin harreman berezirik ez izan. Brahmsen 5. sinfonia den dantza hungaroaren erritmoan dantzatzen dugu.

Euskal herri inauteria da Inauterietan zuek antolatutako bigarren ekintza, Euskal Inauteriak dantzaren bidez plazaratzeko modu bat, ezta?

Aiora: Bai, egitasmo hau abiatu zenean gu oraindik txikiak ginen, baina Irunen herri inauteriak plazaratzeko beharra ikusi zelako sortu zen, ez baitzegoen halakorik. Euskal Herriko hainbat herritako Inauteriak kalean erakusteko modu aproposa zela ikusi zen, horiek ezagutarazteko.

Jendea dantzara gonbidatzen duzue, inauteri honetan parte hartzeko ikastaroa antolatuz.

Naroa: Hori da, bai. Orokorrean inauterietako dantzak nahiko sinpleak dira, salbuespenak salbuespen eta, beraz, jendea parte hartzera animatzen dugu. Ikastaroak parte-hartze ona izaten du eta jendea dantzan ikastera animatzen da.

Aurten Altsasuko Inauteriak prestatzen ari zarete. Zer ikusi ahalko dugu?

Aiora: Ba adibidez, azken urteetan hain modan jarri diren Momotxorroak. Horiekin batera, sorginak eta beste hainbat pertsonaia: Goldea idiekin eta itzaina, amona eta gaztea, laborari zaharren familia, mikeletea,… Haurrak momotxorro edo sorginez mozorrotzen dira eta gainontzeko pertsonaiak taldeko helduen artean banatzen ditugu.

Inauteri igandean berriz Puska Biltzea egiten duzue. Nondik ibiltzen zarete horretarako?

Naroa: Igande goizean egiten dugu, aurten, otsailaren 15ean izango da. Olaberriako baserrietara joaten gara.

Aiora: Izenak ondo azaltzen duenez, ekintzaren helburua puska biltzea da, hau da, baserri bakoitzak duena jasotzea. Inauteria ingurua uzta garaia izaten denez, sagardoa, gazta, haragia edo arrautzak ematen dizkigute gehienetan. Puska jasotzeko unean baserriaren ataria garbitzen zaie eta jasotzen dugunaren trukean guk egiten dakiguna egiten dugu, hau da, dantzatu. Fandango eta arin-arina dantzatzen diegu eta beraiek ahal dutena ematen digute.

Zeintzuk izango dira Inauterien ostean, dantza taldearen hurrengo hitzorduak?

Aiora: Inauterien ondoren Amaiako emanaldia izango dugu, urteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat, martxoaren 28an izango dena, Amaia kultur zentroan. Maiatzaren 18tik 24ra Hondarribia Dantzan egingo dugu, Hondarribian dantzarekin loturiko aste osoko programa eskainiz.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude