La Unicak bere nagusitasuna argi erakutsi zuen Biok Txingudiren aurkako partiduan

Argazkiak: La Unica eta Biok Txingudiren arteko partidaren irudiak (Egilea: Fermin Garaioa).

La Unicak nagusitasun argia erakutsi zuen Biok Txingudiren aurkako partiduan. Txingudik lehenengo zati paregabea egin bazuen ere, La Unicak bere nagusitasuna argi erakutsi zuen. Emakumezkoen taldeak atsedena izango du martxoaren 7a arte.

Bidasoarrak zalantza askorekin hasi zuten norgehiagoka eta La Unicak ez zuen aukera galdu lehenengo puntuak lortzeko (5-0). Zaplastekoak mugakoak iratzarri zituen eta segituan joan ziren erasora emaitza irauli nahian. Honela, bosgarren minutuan, Alba Saizek zigor kolpe bat hagen artean ostikatu zuen markagailuan gerturatzeko (5-3).

Hurrengo minutuetan, Txingudik defentsan lan ikaragarria egin zuen, plakaketa eraginkorrak eginez eta presio handia jartzen etxeko jokalariengan. Hala ere, iruindarrak talde zaila direla erakutsi duen taldea da eta, hamabigarren minutuan, mugakoen harresian zuloa aurkitu zuten bigarren marka egiteko probestuz (10-3). Biok Txingudik ez zuen etsi eta hurrengo minutuetan ildo beretik jarraitu zuen, defentsa gogorra eginez eta aurkariaren erasoak geldituz.

Baina etengabe defendatzea fisikoki oso exijentea izan zen bisitarientzat eta, hogeita hamargarren minututik aurrera, La Unica bere nagusitasuna erakusten hasi zen. Azkeneko hamar minutuetan bost marka eta bi eraldaketa lortu zituen etxeko taldeak, atsedenaldira 39 eta 3 emaitzarekin iritsiz.

Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren amaieraren antzekoa izan zen eta bi taldeen arteko aldea handitzen joan zen beste bi entsegu eta eraldaketa batekin (51-3).

Hurrengo minutuak joan eta etorrikoak izan ziren, bi taldeak oso parekatuak ziruditen momentu batzuetan eta, besteetan, nafarrak nagusi zirela erakusten zuten. Modu honetan, etxekoek beste hiru entsegu lortu zituzten 56, 63 eta 71. minutuetan amaierako 68 eta 3koa jartzeko.

Biok Txingudiren hamabostekoa Maddi Aginagalde, Lupe Pescador, Zumendi Caro, Naia Piquero, Lucia Duran, Sandra Ramos, Lohitzun Aia, Garazi Santos (kapitaina), Alaia Santos, Alba Saiz, Irati Beraiz, Leire Muñoz, Lur Gaston, Maider Sarran eta Laida Rodriguezek osatu zuten. Aulkian Maddalen Alberdi, Greta Gutierrez eta Onintza Burgera hasi ziren.

Errugbi eskolak aparteko jardunaldiak izan zituen

14 urtez azpiko taldeak Zarautz/Beltzaken aurka partida bikaina jokatu zuen, aurkaria nabarmen garaitzeaz gain, diziplina eta jarrera erakustaldia eginez. 10 eta 12 urtez azpiko taldeak Arrasaten jardun ziren igandean, ikasitako guztia zelaian erakutsiz.

Datorren asteburuko hitzorduak

Larunbatean, hilak 28, gizonezkoen taldeak denboraldiko froga zailenetakoa izango du Plaiaundin, Zornotzako Urgozoren aurka jokatuko baitu. Bizkaitarrak igoera-fasea jokatzeko postuan daude kokatuta eta mugakoek ezinbestekoa izango dute puntuak eskuratzea Euskadiko lehenengo mailara igotzeko borrokan jarraitzeko. 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Lekarozen jokatuko dute Bera Beraren aurka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude