Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak (IEEE) Cristina Fallarás idazlearen hitzaldi bat antolatu dute datorren ostiralerako, apirilak 17. Saioa Amaia Kultur Zentroan izango da, 18:30ean, eta ‘Elkarrizketa Feministak’ zikloaren barruan kokatzen da. Ekitaldirako sarrera doakoa da, baina interesatuek aurrez eskuratu behar dute. www.amaiakz.sacatuentrada.es/eu webgunean.
Hitzaldiaren ostean, bertaratutakoek gonbidatuarekin hausnarketak partekatzeko eta galderak egiteko aukera izango dute. ‘Elkarrizketa Feministak‘ programak hilean behin espazio bat eskaintzen du emakumeengan eragina duten errealitateak ezagutzeko eta hausnarketa kolektiboa sustatzeko, betiere gai edo formatu berriak abiapuntu hartuta.
Cristina Fallarás
Cristina Fallarás (Zaragoza, 1968) ibilbide luzeko kazetaria eta idazlea da, indarkeria matxistaren aurkako borrokan erreferente nagusietako bat. 2018an, #Cuéntalo mugimendua abiarazi zuen, eta Twitter bidez milioika testigantza bildu zituen, nazioarteko oihartzun handia lortuz. Berrikiago, 2023an, Instagram bidez jasotako testigantza konfidentzialekin ‘No publiques mi nombre’ liburua argitaratu du, emakumeen hitza erdigunean jarriz.
Acción Comadres elkarteko kide gisa, Fallarásek memoria kolektiboa eta testigantzen plataformak sustatzen ditu, “La Nuestra” proiektua kasu. Ostiraleko saioan, hedabideek eraiki duten “isiltasun biolentoa” aztertuko du. Bere ustez, komunikatzeko modu berriek iraultza feminista ahalbidetu dute, emakumeek beren kontakizun propioekin bakarrik armatuta botereari aurre egiteko bidea aurkitu baitute.



