
Plaiaunditik urrun aritu beharko da Biok Txingudi Euskal Ligako 16. jardunaldiari dagokion partidan. Aurreko asteetan erakutsitako jokoak konfiantza eman die jokalariei, eta gogotsu daude Bilbon ezustekoa emateko. Hala ere, erronka ez da erraza izango; bilbotarrak ligako harrobirik sendoenetakoa dute eta bosgarren postuan daude sailkapenean, 37 punturekin.
Bidasoaldeko errugbizaleek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute asteburuan. Txingudi/Baztan/Orereta 16 urtez azpiko taldeak La Unicaren zelaia bisitatuko du larunbatean, goizeko 10:30ean. Gaur egun seigarren sailkatuak dira kadeteak eta, bigarren faserako txartela lortzea zaila badute ere, oraindik badute aukera matematikoren bat lehenengo lau postuetan sartzeko.
Garaipenik gabeko asteburua atzean
Aurreko jardunaldia ez zen emankorra izan emaitzei dagokionez Txingudiko taldeentzat. Zaisa Txingudik ezin izan zuen Sortzen taldea menderatu larunbateko lagunartekoan. Joko ona erakutsi arren, bisitariak indartsuago ibili ziren eta 19-26 amaitu zen markagailua.
18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztanek 36-26 galdu zuen Logroñon. Partidan sartzea kosta egin zitzaien eta, bigarren zatian hobera egin bazuten ere, etxekoek lortutako aldeari eutsi zioten. 16 urtez azpikoak berriz, ez zuten aukerarik izan Plaiaundin Getxoren aurka, eta 0-44 galdu zuten.
Eskolaren arrakasta “Badia” txapelketan
Albiste positiboena errugbi eskolaren eskutik iritsi da. Biok Experiential Shopping Txingudi Badia txapelketak laugarren edizio arrakastatsua ospatu zuen. Stadium Gal eta Plaiaundiko instalazioetan hirurehun gazte inguru bildu ziren, maila handiko errugbi jardunaldiaz eta giro bikainaz gozatuz.



