Irunek azken xehetasunak prest ditu OCR (Obstacle Course Race) Europako Txapelketaren bederatzigarren edizioa hartzeko. Maiatzaren 28tik 31ra bitartean, hiria kirol diziplina honen epizentro bihurtuko da, 25 herrialde baino gehiagotatik etorritako 2.500 atleta baino gehiago bilduz. Ekitaldi hau mugarri bat da, lehen aldia baita txapelketa kontinental hau Espainian ospatzen dena, Irun nazioarteko outdoor kirolaren erakusleiho nagusian kokatuz.
Cristina Laborda alkateak eta Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak eman dituzte gaur goizean ekitaldiaren xehetasunak, Julen Martinez-Huarte (OCRA Espainiako presidentea), Asier Landart (lasterketako zuzendaria) eta Beatriz Rubio (Europako txapeldunordea) lagunduta. Alkateak nabarmendu duenez, ekitaldi honek Irun munduko mapan jartzeaz gain, tokiko ekonomia indartuko du, milaka gaualdi eta merkataritzan zein ostalaritzan eragin zuzena sortuz.
Proba ikusgarriak hiriko txoko guztietan
Lau egunez, Irun aire zabaleko oztopo-parke erraldoi bat izango da, maila desberdinetako probekin. OCR100 proba, Colón pasealekuan jokatuko da eta 100 metroko abiadura eta indar proba izango da. Short Course berriz, 3,5 kilometroko errelebo-lasterketa teknikoa izango da, hirigunean zehar egingo dena. Standard Course maiatzaren 30ean, larunbatean, egingo den proba nagusia. 13 kilometroko ibilbidea izango du, San José Obrero futbol-zelaitik Meaka auzoraino, eta berriz erdigunera itzuliz. Azkenik, Fun Run elitekoak ez diren zaleentzat pentsatutako lasterketa ludikoa izango da.
Irun,txapelketen egoitza
Hiria ez da kasualitatez aukeratu; 2022tik Denontzat Race lasterketa arrakastatsua hartzen du Irunek. Gainera, herriak punta-puntako ordezkariak ditu kirol honetan, esaterako, Asier Landart Espainiako txapeldunak. Eskarmentu honek eta kokapen geografiko estrategikoak bermatuko dute Europako kirolari onenek maila goreneko jokaleku bat aurkitzea.
Txapelketa hau une erabakigarrian iristen da, OCR diziplinak 2028ko Los Angeleseko Joko Olinpikoetan egingo baitu debuta modu ofizialean. 2016an Herbehereetan sortu zenetik, Europako txapelketak Herbehereak, Danimarka, Polonia, Italia, Hungaria eta Portugaletik igaro ondoren hartuko du lurra Gipuzkoan, Portugalgo Oeiras hiriak iaz lekukoa eman ostean.



