Txingudi Ikastolatik AEBetara: Mugak gainditzen dituen euskal enbaxada gaztea

Txingudi Ikastolak ibilbide luzea du nazioarteko elkartrukeetan, baina aurten urrats bat harago joatea erabaki du. Erasmus+ programaren baitan, aurten ikastolako lau ikasle AEBetara joan dira nazioarteko ikasleen topagune batean parte hartzeko, apirilaren 9tik 21era. Irune Gómez, Maddi Celihueta, Haizea Berastegi eta Ane Plaza izan dira esperientzia aitzindari honen protagonistak, eta bueltan, bi aste horiek beren bizitzetan utzitako arrastoa partekatu dute gurekin.

Lau ikasle bakarrik izan direnez, hautaketa prozesu zorrotza jarraitu da horretarako. Maddi Celihuetak azaldu duenez, dena gurasoen bilera batekin hasi zen, non Araitz eta Maitane irakasleek proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Ondoren, notak aztertu ziren: “Lehenik eta behin 4. mailako DBHko ikasle guztien notak begiratu zituzten ikasleen lehen aukeraketa bat egiteko”. Baina espedienteaz gain, aukeratutakoek frogatu behar izan zuten gai zirela Euskal Herriko kultura ingelesez azaltzeko.

Bigarren fasean, hainbat frontetan erakutsi behar izan zuten  zeukaten maila: “Aukeratutako ikasle horiek bigarren fase batera pasa ginen eta bertan ingelesez aurkezpen batzuk egin behar izan genituen erakusteko nola aurkeztuko genukeen Euskal Herria eta bertako kultura hemendik kanpo”. Idazlanek eta banakako elkarrizketek osatu zuten prozesua, ahozko nahiz idatzizko komunikazioa neurtzeko. Irune Gómezek gogoratzen du tentsio uneak izan zirela: “Orduan jada gu oso urduri geunden eta oso zaila izan zen, baina azkenean dena ondo atera zen”.

“Hasieran dena apur bat arraroa egin zitzaigun, dena oso handia eta ezberdina delako”

Maddi Celihueta, Txingudi Ikastolako ikaslea

Hau ez zen ohiko elkartruke bat izan, nazioarteko topagune bat baizik. Behin izenak baieztatuta, prestaketa lan eskerga hasi zen. Ikasleek euskal kultura zabaltzea zuten helburu, eta horrek lan karga handia ekarri zuen. Irakasleen laguntzaz, lana zatitu eta liburutegian elkartu ziren bidaiaren aurreko arratsaldeetan. Bertan, posterrak, aurkezpen digitalak eta material didaktikoa prestatu zituzten, munduaren aurrean aurkeztu beharreko mezua finduz.

Kultura talka eta egokitzapena

AEBetara iristea begiak zabaltzea izan zen. Dena zen handiagoa, desberdina. Maddik onartzen du hasiera ez zela erraza izan: “Hasieran dena apur bat arraroa egin zitzaigun, dena oso handia eta ezberdina delako”. Hala ere, estatubatuarren bizimodura moldatzea espero baino azkarragoa izan zen. Iruneren ustez, bi munduen artean aldeak egon arren, integrazioa erabatekoa izan zen: “Azkenean oso ondo ohitu ginen, nahiz eta egia den Europako eta Ameriketako bizimoduaren artean ezberdintasunak daudela”. Hainbesteraino, non bidaiaren amaieran denek luzatu nahi zuten egonaldia.

Topagune hau ez zen AEBetako ikasleekin soilik partekatzeko espazio bat izan. Mundu osoko gazteen elkargune bilakatu zen. Txingudiko ikasleek Ukraina, Bosnia-Herzegovina, Alemania, Italia eta Suediako gazteekin partekatu dute esperientzia. Maddik nabarmendu duenez, “Alemania eta Italiako lagun berri asko egin ditugu”, eta harreman horiek ez dira han amaitu; Irunek baieztatu duenez, gaur egun oraindik ere kontaktuari eusten diote. Eskolaz kanpo ere, hango ikasleek festak antolatzen zituzten, adibidez igerilekuan, harremanak estutzeko.

Bidaiaren alderdi garrantzitsuena “irakasle” papera jokatzea izan zen. Haizea Berastegik eta Ane Plazak azaldu dute hiru egun igaro zituztela klaseak ematen. Han, euskal kulturaren zertzelada orokorrak eman zituzten lehenik: kokapena eta gastronomia, baita dastatzeko produktuak ere. Baina sakonago ere joan ziren: “Hango ikasleei klaseak eman genizkienean, gauzak sakonago azaltzeko aukera izan genuen, esaterako, euskararen inguruan”.

Euskara sustatzeko egitasmoak (Korrika edo Herri Urrats), kirolak, dantzak eta mitologia landu zituzten, baita bertsolaritza ere. Ane Plazak hunkituta gogoratzen du nola euskara hango eskolako hormen artean geratu zen: “Euskarazko hitz batzuk erakutsi genizkien eta pasilloetatik hitz horiek behin eta berriro nola errepikatzen zituzten entzun genuen. Beraz, niri oso polita iruditu zait Euskal Herriko arrasto bat bertan utzi izana”. Gainera, alderdi zientifikoa ere jorratu zuten, Agenda 2030aren inguruko proiektuak eginez eta hezeguneei buruzko proiektua bertan aurkeztuz.

Turismoa eta errealitate gordina

Eskolako ordutegitik kanpo, ikasleek AEBetako ikur batzuk ezagutzeko aukera izan zuten. Washington bisitatu zuten Alemaniako taldearekin batera. Gero, familiekin batera New Yorken egun intentsu bat igaro zuten, haiek antolatutako bidaia bati esker. Haizearen hitzetan, “Egun bakarra izan zen, baina gauza asko ikusteko aukera eman zigun”.

Baina bidaia honek badu alderdi pertsonal eta gogorrago bat ere. Ukrainako ikasleekin hitz egiteak gerraren errealitatea aurrez aurre jarri zien. Haizeak dioen bezala, horrek mundu ikuskera aldatu die: “Ukrainarrek adibidez, erakutsi digute beraien bizimodua nolakoa den gerran daudenetik. Nola sufritzen duten eta zer arazo dituzten erakutsi digute… gure buruak irekitzeko balio izan digu”. Ikasteko baliabide falta duten arren, aurrera egiteko duten gogoak asko harritu zituen.

“Niri oso polita iruditu zait Euskal Herriko arrasto bat bertan utzi izana”

Ane Plaza, Txingudi Ikastolako ikaslea

Ingelesarekin moldatzea erronka bazen ere, Txingudiko ikasleak komunikatzeko nola edo hala moldatu ziren. Anek dioenez, “Azkenean, kontuan izan behar da ikastolan ingeles maila gorena duten ikasleen artean egin zela aukeraketa. Beraz, guretzat ez da hainbesteko erronka izan”. Hala ere, onartzen dute batzuetan hangoen abiadurak eta azentu itxiak laguntza eskatzera behartzen zituela. Haizeak gaineratu duenez, “Batzuetan apur bat zaila zen edo trabatzen zinen”, baina bertakoen jarrera lagunkoia izan zen uneoro.

Bueltatu ostean, ikastolan saio bat antolatu zuten esperientzia gainerako ikasleei kontatzeko. Lau ikasleek argi dute esperientzia hau errepikaezina dela eta pertsonalki asko hazi direla. Haizearen ustez, Euskal Herrikoaz gain beste errealitate batzuk ezagutzea funtsezkoa da. Anek argi dauka gomendioa: “Nire ustez bizipen guztiz gomendagarria da. Horrelako zerbait bizitzeko aukera izatea bizitzan gertatuko zaizun gauza politenetako bat izango dela esango nuke”. Laburbilduz, Txingudi Ikastolako lau ikasle hauen bidaia ez da soilik turismoa izan. Euskal Herriko kultura hara eramateko, nazioarteko lagunak egiteko eta munduko begirada zabaltzeko balio izan du.

Elkarrizketa hau Txingudi Onlinen webgunean ikusgai dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude