Aysha Bengoetxea, abeslaria: “Denbora luzez buruan izan dudan kanta da eta oso pozik nago argitaratu izanaz”

Argazkia: Estudio Gover

“La Voz Kids” programari esker ezagutu zuten askok Aysha Bengoetxeak abesteko duen gaitasun berezia. Telebista saioan bere ibilbidea amaitu zuenetik justu bi urte pasa direnean, abeslari gazteak musikan ibilbide berri bati ekin dio. Bere bakarkako ibilbidea hasteko “No me olvido de ti” abestia kaleratu berri du. Ayshak bere etorkizun musikala nola ikusten duen azaldu du.

Gauzak asko aldatu dira azken elkarrizketa egin genizunetik?
Lehenik eta behin oso pozik nago berriro zuen kameraren aurrean jartzeko aukera izateagatik, izan ere, azkeneko aldiz hitz egin genuenetik gauza asko gertatu dira. “La voz kids” telebista-programatik atera nintzenean produkzio etxe batekin hasi nintzen lanean eta nire lehenengo singela atera nuen, ingelesez, “Echoes” izenekoa. Horren ostean ekoiztetxearekin lan egiteari utzi nion eta nire kabuz lan egiten hasi naiz. Orain, nire bigarren singela atera dut, “No me olvido de ti”. Abestia Alex Ubagorekin eta Ander Pérezekin idatzi nuen.

Zergatik erabaki duzu orain zure ibilbideari bakarrik ekitea?
Momentuz bide honetan bakarrik hastea erabaki dut, orain arte produkzio etxe batekin lan egitea nolakoa den ikusi ahal izan dut. Orain nire kabuz nire bidea aurkitu nahi dut. Produkzio etxearekin izandako esperientziak asko ikasteko aukera eman zidan. Behin hori guztia ikasita, bide berri bat hartu nahi dut, nire kabuz gauzak ikasten jarraitzeko.

Bakarkako ibilbidearekin musikan etapa berri bat hasi nahi duzu?
Bai, guztiz ezberdina izango da. Azken batean, ezberdina izan behar du lan bera egiteak, atzetik lantalde baten pisua izan gabe. Hemendik aurrera ni bakarrik egongo naiz. Hala ere, nire ama arduratzen da orain manager lana egiteaz. Oso urduri nago etapa berri honen hasiera dela eta, baina, era berean, sentitzen dut nire proiektuarentzat une garrantzitsua dela.

Uste duzu ama zure managerra izatea lagungarria izan daitekeela?
Egia esan, oso pozik nago ama manager moduan egiten ari den lanarekin. Batez ere, oso langile fina delako eta berarekin oso harreman ona dudalako. Azken batean, nire ama da eta inork baino hobeto ezagutzen nau, beraz, nork egingo du berak baino hobeto lan hori?

Nolakoa izan da zure bigarren abestiaren aurkezpenak izandako harrera?
Egia esan, oso pozik nago jendeak egin dion harrerarekin. Alex Ubagorekin harremanetan jarri nintzen eta abestia elkarrekin konposatzea proposatu nion. Baiezkoa eman ostean, bere estudiora joan nintzen eta abesti hau sortu genuen. Denbora luzez buruan izan dudan kanta da eta oso pozik nago argitaratu izanaz.

Bigarren abesti honen ostean, zerbait gehiago prestatua duzu?
Nire asmoa da pixkanaka abesti gehiago ateratzen joatea. Gainera, gustatuko litzaidake beste artista batzuekin kolaborazioak egitea eta elkarlanean aritzea. Egunen batean diskoren bat ateratzea gustatuko litzaidake, baina orain nire lehentasuna singelak ateratzea da. Egia da lehen singela atera nuenetik orain arte denbora asko igaro dela. Orain martxa gehiago hartu nahi dut eta ea hurrengoa atera aurretik denbora gutxiago pasatzen den.

Bien bitartean gauza berriak probatzeko eta ikasteko aukera izan duzu?
Bai, tarte honetan gauza asko ikasi ditut. Sare sozialetan ordu asko sartu ditut eta geroz eta hobeto moldatzen naiz. Denetarik ikasi dut, adibidez, konfinamenduan abesti asko konposatu nituen.

Sare sozialetan babes handia jasotzen duzu?
Bai, gaur egun sare sozialak oso garrantzitsuak dira. Garrantzitsua da kontua nola kudeatu behar duzun eta zure publikoari nola hitz egin behar diozun ikastea. Nire sare sozialetan mundu osoko jarraitzaileak dauzkat, esaterako, Argentinan, Mexikon, Kolonbian, etab. Horregatik, garrantzitsua da ordutegiei ere erreparatzea. Guzti hori garrantzitsua da beste artistengandik desberdintzeko. Egun abestiak sortzen dituen jende asko dago eta ez da batere erraza eduki ezberdina sortzea. Beraz, artista bakoitzak bere bidea eta ezberdintasunak aurkitu behar ditu.

Zein estilo landu nahiko zenuke?
Asko kostatu zait nire estiloa aurkitzea. Izan ere, estilo asko egin ditzaket eta uste dut erderaz edo ingelesez abesteko ondo moldatu naitekeela. Nire lehen abestia ingelesez idatzi nuen eta pop estilokoa zen. Bigarrena, berriz, gaztelaniaz idatzi dut eta balada estiloa landu dut. Hurrengo abestietarako ez dut nire estiloa mugatu nahi, gauzak ateratzen zaizkidan moduan egin nahi ditut eta erakargarriak izan daitezkeen proiektuak eraman nahi ditut aurrera.

Uste duzu hiriburu handi batera joan gabe musikan gauza handiak lortu daitezkeela?
Pixkanaka joan nahi dut eta momentuz ez dakit nora eramango nauen bizitzak. Hasieran produkzio-etxea Madrilen zegoenez asko joan behar nuen hara. Orain, nire kabuz lan egingo dudanez, hemen inguruan mugituko naiz eta ikusteko dago zer gertatuko den aurrerantzean.

Inoiz musikaz bizitzeko aukerarik ikusten duzu?
Uste dut lortuko dudala musikaren munduan niretzako toki bat aurkitzea, hau da, nire jarraitzaileak eduki ahal izatea. Horretarako, uste dut funtsekoa dela lan egitea, konposatzea eta pertsona berriak ezagutzea. Horrela jarraituz gero, espero dut lehenago edo beranduago nire helburua lortzea.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude