Mikel Erentxun eta 300 droneen ikuskizuna, 2026ko Sanmartzialetako nobedade nagusien artean

Irungo Udalak Sanmartzialetako egitarauaren proposamen eta berrikuntza nagusiak argitara eman ditu. Nuria Alzaga lehenengo alkateorde eta Kultura ordezkariak azpimarratu duenez, “programa gero eta anbiziotsuagoa izaten da urtero, mota eta adin guztietako publikoek gozatzeko modukoa”. Aurten, kartelaren izarretako bat Mikel Erentxun izango da, ekainaren 12an San Juan plazan eskainiko duen kontzertuarekin, gaztelaniazko poparen historian ezinbestekoa den Duncan Dhu taldearen 40. urteurrena ospatzeko.

Musika kartela osaturik

Musika programazioak hiri osoa girotuko du ekainean zehar, hiru gune nagusitan banatutako kartelari esker. San Juan plazako eszenatoki instituzionalak Puro Relajo (ekainak 6), Chenoa (ekainak 19), Henry Méndez (ekainak 27) eta Jamaica Show (ekainak 28) hartuko ditu, Mikel Erentxunen (ekainak 12) emanaldiaz gain. Bestalde, Urdanibia plazan doinu alternatiboagoak entzungo dira Gozategi eta Folkesí (ekainak 13), Zea Mays eta Kaparrak (ekainak 20), Bele (Lide Hernando), Wonka eta Waje 4leb (ekainak 23), Sofia Cristo DJ (ekainak 27), eta Metrika, Brava zein Katana (ekainak 28) artisten eskutik, ekainaren 30eko Diskofestarekin amaitzeko. Eskaintza hau borobiltzeko, Istillaga plazako Gaztegunean Pau Serko (ekainak 26) eta Hazas eta La Neni DJ Set (ekainak 27) arituko dira gazteenei zuzendutako saioetan.

Jaien amaiera ezhoikoa

Jaien azken egunean, uztailaren 1ean, umoreak eta abangoardiako teknologiarik berrienak hartuko dute lekua Irunen jaien amaiera handia ospatzeko. Alde batetik, Zabaltza plazako ohiko bakarrizketa saioan Mikel Bermejo eta Patricia Galván igoko dira agertokira; lasartearrak bakarrizketa klasikoa eta inprobisazioa uztartuko ditu bere “Eureka” ikuskizunean, eta jerezarrak AEBetan ibilitako lehen umorista espainiar gisa Madrilgo agertokietan sarrera guztiak agortu dituen “Hardcore” lana aurkeztuko du.

Bestetik, gaueko 22:30ean, “Munduko Festak” izeneko droneen ikuskizuna estreinatuko da. Udalak berrikuntza honen aldeko apustua egin du San Migel-Anaka eremuko obren hasiera eta urte luzez pentsatutako proiektu bati helduz. Nuria Alzaga ordezkariak azaldu duenez, ekintza berri honen bidez, hiriko hainbat koletiboren eskakizunari erantzuten zaio ere, hain zuzen ere, jaietako programatik su artifizialak kentzeko eskariari. Musikarekin sinkronizatutako 300 dronek hainbat figura argidun marraztuko dituzte Stadium Gal inguruko zeruan, eta herritarrei Ficobako kanpoaldeko zabalgunetik edo barraken eremutik ikustea gomendatzen zaie esperientziaz baldintza onenetan gozatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude