Su artifizialak San Miguel auzotik jaurtiko dira aurten

Ekologistak Martxan 2017an suen jaurtiketa eremua aldatzea eskatu zuen

Aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietako su artifizialak San Miguel auzotik jaurtiko dira. Joan den urtera arte Osinbiribil ingurutik jaurtitzen ziren suak, Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen bidegorritik. 2017 urteko Irungo Jaien hasieran jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak jaurtiketa eremua tokiz aldatzeko eskaera.

Ekologista Martxan elkarteak egin zuen eremua aldatzeko eskaera. Juncal Eizaguirrek Kultura zinegotziak, azaldu du aldaketaren arrazoia: “Ez dago baimendurik Osinbiribil inguruan su artifizialak jaurtitzea, Natura 2.000 Sarearen barruan dagoen eremu babestua delako”. Natura 2000 Sarea europar sare ekologiko bat da, Kontserbazio Batasun mailako Garrantziko Lekuek eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuek osatzen dutena.

“Su artifizialak jaurtitzeko beste eremu bat topatzea konplikatua izan da”
Juncal Eizaguirre, Kultura zinegotzia

Juncal Eizaguirre Kultura zinegotziak adierazi du, “su artifizialak jaurtitzeko beste eremu bat topatzea konplikatua izan da”. Hala ere, Eizaguirre kultura zinegotziak, gaineratu du, argi zeukatela Irungo Jaiak su artifizialik gabe uztea zela arazoarentzako azkeneko irtenbidea. Erabakia hartzeko Irungo Udaleko ordezkariak, Ekologistak Martxan elkarteko kideak eta piroteknia enpresetako adituak elkarlanean aritu dira.

San Miguel: Arazoarentzako konponbidea

Hilabete luzeetako negoziaketen ostean, aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietako suak San Miguel auzotik jaurtitzea erabaki da, Donostia kaletik gertu dagoen lursail batetik. Azken hilabeteetan, jaurtiketa tokia aukeratzeko 12 eremu ezberdin ikertu dira. San Miguel auzoko eremuak segurtasun eta ikusgarritasun baldintzak betetzen ditu. Gainera, ez da izango auzoan su artifizialak jaurtiko diren lehen aldia, izan ere, Auzoko Jaietan suak jaurti izan dira lehenago.

Irtenbide desegokiak

Udalak suak Osinbiribil ingurutik jaurtitzeko zenbait aldaketa proposatu zituen. Babesturiko eremutik ahal bezain beste urruntzea edo suen jaurtiketa-hodien tamaina murriztea eztabaidatu zen, beste irtenbide batzuen artean. Ekologistan Martxan elkartetik, ordea, irtenbide horiek guztiak baztertu zituzten. Suak Osinbiribil ingurutik jaurtitzen jarraitzeko irtenbide bakarra ingurumen-inpaktua neurtzeko ikerketa bat egite zen. Hala ere, talde ekologistak ikerketa ez egitea aholkatu zion udalari. Izan ere, ikerketaren kostuak altuak eta emaitzak, ziurrenik, negatiboak izango zirela aurreikusten baitzuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude