Gipuzkoako Foru Aldundiak asteazken honetan hasi ditu Azken Portun biribilgune berri bat eraikitzeko lanak. Jarduketa honek auzoaren mugikortasuna nabarmen hobetuko du, Behobiatik eta batez ere Iparraldetik iristen diren ibilgailuen joan-etorria erraztuz. Gainera, etorkizunean Arbes-Oinaurren AP-8arekin egingo den lotune osoaren funtzionamendu egokia bermatzen lagunduko du. Biribilguneko obrak 756.961 euroan esleitu dira eta lau hilabeteko eraikitze-epea dutenez, urriaren hasieran erabat amaituta egotea aurreikusten da.
Azpiegitura berri honek Artiga pasealekua eta GI-636 errepidea modu eraginkorragoan elkarlotuko ditu. Orain arte, puntu horretan eskuinera bakarrik biratu zitekeen, eta horrek gidariak ibilbide luzeagoak eta ez hain jasangarriak egitera behartzen zituen. Biribilgune berriari esker, norabide aldaketa eta biratze guztiak egin ahal izango dira. Horrek trafikoa askoz arinagoa eta seguruagoa izaten lagunduko du joan-etorri handiko eremu honetan, bai bizilagunentzat, bai inguruko ekipamenduetara (hala nola kiroldegira) hurbiltzen diren pertsonentzat.
Bidasoaldeko mugikortasuna
Azken Portuko obra hauek Bidasoaldeko mugikortasuna hobetzeko Plan Integralaren barruan gauzatzen ari den lehen esku-hartzea dira. Plan nagusi honek 50 milioi eurotik gorako inbertsio orokorra aurreikusten du eskualdeko sarbide eta bide nagusiak berritzeko. Proiektu handi honen barruan, Arbes-Oinaurreko lotune osoaren eraikuntza-proiektuaren idazketa dagoeneko esleituta eta martxan dago, Plaiaundi eta Zubimuxu lotuko dituen errailaren egitasmoarekin batera.
Hondarribian ere ekimen garrantzitsuak bultzatuko dira Plan honen bitartez bi proiektu nagusiren inguruan. Alde batetik, Amute auzoko N-638 errepidean biribilgune berri bat eraikiko da egungo semaforo bidezko bidegurutzea ordezteko, eta oinezkoen ibilbide zein bidegorri berri bat egingo da Mendelu auzoan zehar Iruneraino jarraipena izango duena. Bestetik, jendaurrean dagoen Amutaldeko proiektuak GI-636 eta N-638 errepideak lotuko dituen saihesbide berri bat aurreikusten du, Mendelun eta Hondarribiko egungo sarbideetan trafikoa nabarmen murrizteko.



