Bioterra azokak bere indarra berretsi du Ficoban 9.000 bisitari eta %90eko asetze-mailarekin

Bioterra Euskadiko azoka ekologikoaren 23. edizioak ateak itxi ditu igande honetan Ficoban , hiru egunetan zehar 9.000 pertsona bildu ondoren. Ekainaren 8ko balantze ofizialaren arabera, azokak bizimodu osasungarri, jasangarri eta ingurumen-kontzientziaren erreferente gisa duen rola indartzeaz gain, jasangarritasunaren eta osasun itegralaren eremurantz egindako bilakaeraren harrera bikaina egiaztatu du herritarren erantzunari esker.

Datuak mahai gainean

Bertaratutako herritarrek egindako balorazioek etapa berri honi emandako babes sendoa utzi dute agerian. Bisitarien %90 pozik edo oso pozik agertu da Bioterraren eskaintzarekin; horietatik %45ek, hain zuzen, baloraziorik altuena eman dio azokari. Gainera, %95ek adierazi du etorkizuneko edizioetan berriro parte hartuko duela. Fidelizazioa da, hain zuzen ere, azokaren ezaugarri nagusietako bat, bertaratutako pertsonen %86k aurreko urteetan ere Ficobako hitzorduan izana zela baieztatu baitu, bi hamarkada baino gehiagotan eraikitako komunitate sendoaren erakusgarri.

Jarduera komertzialari dagokionez, datuek bilakaera oso positiboa utzi dute bertan txandakatu diren 121 enpresa erakusketarientzat. Bisitarien ia %10ek 250 eurotik gorako erosketak egin ditu hiru egunetan zehar; %27,5ek 101 eta 250 euro arteko gastua izan du, eta %32,5ek 51 eta 100 euro artekoa. Zifra hauek guztiek erakusten dute erakusgai egon diren produktuek eta zerbitzuek publikoaren artean piztu duten interes ekonomiko handia.

Bilakaeraren isla

“Irauten duena zaintzen dugu” lelopean, Bioterrak bere jarduera eremu tradizionalak zabaltzeko apustua egin du aurten, elikadura ekologikoari norbere zaintza, ongizate emozionala eta zahartze aktiboa indar handiagoz gehituz. Maialen Gaztañagak, Bioterrako zuzendariak, azpimarratu du bilakaera honek erantzuten diela bisitarien kezka eta behar berriei, jasangarritasuna ikuspegi zabalago batetik lantzeko gogoa dagoela egiaztatuz. Gaztañagaren hitzetan, ikuspegi berri honek ez ditu azokaren oinarri historikoak ordezkatzen, baizik eta indartu eta zabaldu egiten ditu, lortutako balorazio bikainak norabide horretan sakontzen jarraitzeko indarra emanez.

Asteburu osoan zehar Ficobako gune desberdinetan eskainitako 50 jarduera baino gehiagok parte-hartze handia eta giro bikaina erregistratu dute. Ekitaldi jendetsuenen artean Yoga Day ekimenaren hamargarren edizioa egon da, ehunka pertsona bilduta edukiera erabat bete duena. Edizio honetako protagonista nagusietako bat Amalurra gune berria izan da, osasunari, osasun integralari eta bizi-kalitetari eskainitako txokoa. Eskaintza gastronomikoari dagokionez, jada finkatuta dauden olio-dastaketez gain, aurten gaztaren eta ardoaren inguruko proposamen berriak gehitu dira, publikoaren erantzun oso onarekin. Era berean, HOPE dokumentalaren azken hiru atalen proiekzioek pertsona ugari bildu dituzte etorkizuneko ingurumen- eta gizarte-erronken inguruko hausnarketa sustatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude