Ikasleek udako oporrak hastear diren honetan, Irungo Udalak, Gazteriako arloko GazteARTEan zerbitzuaren bidez, aisialdirako jarduerez betetako agenda zabal bat prestatu du hiriko gazteek oporrei ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Uztaila osoan zehar, 12 eta 30 urte arteko nerabe eta gazteek 50 aktibitate inguruz osatutako eskaintzaz gozatu ahalko dute, eta horien artean daude, gainera, aurreko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan irabazi zuten gazteen proposamenak.
“UdaGazte 2026″ programaren berri eman dute gaur goizean Jon Ugarte Gobernu Irekiko eta Hiritarren Arretako ordezkariak eta Sandra Caballero Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak, Santiagotarrak Kirol Elkarteko pantalanatik egindako agerraldian.
Martindozeneako eta Artiako Gaztelekuak
Bi Gaztelekuek aktibitate oso dibertigarriak eta dinamikoak eskainiko dituzte uda honetan adin-tarte honetako nerabeentzat. Gazteek arborismoa, tirolinak, piraguako ibilaldiak, snorkel saioak edota escape room bat probatzeko aukera izango dute, eta horiekin guztiekin batera, tailer gastronomikoak eta udako zinema saioak antolatuko dira. Beti bezala, Gaztelekuak asteartetik larunbatera bitartean egongo dira zabalik, baina ordutegiak desberdinak izan litezke programatutako jarduera eta irteera bakoitzaren beharren arabera.
Nerabeentzako espazioa
Bestalde, 15 eta 18 urte arteko nerabeentzako Martindozeneako espazioak kirola eta sormena izango ditu ardatz nagusi uztailean. Adin-tarte horretako gazteek surfeko saioez eta hondartza-boleiboleko txapelketez gozatu ahalko dute ingurune hurbilean. Programa osatzeko, arropa tie-dye teknikarekin pertsonalizatzeko sormen tailerrak eta ohiko “gazte terraza” egingo dira. Martindozeneako gune honek ordutegi luzeagoa edukiko du uztailean, eta asteartetik larunbatera egongo da zabalik herritarrentzat.
Konekta zerbitzua (+18-30 urte)
Gazteen aurrekontu parte-hartzaileen bidez sortutako eskaintza zabaltzen eta egokitzen jarraitzeko, proposamen berezi bat diseinatu da 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat Konekta atalaren barruan. Proposamen honek mota askotako abentura indartsuak eskaintzen ditu: Espeleologia, coasteering-a, uretako motoetako ibilaldiak, zeramika-tailer bat edota zianotipiaren argazki-teknika ezagutzeko tailer espezifikoak.
Jon Ugarte ordezkariak nabarmendu duenez, benetan ona da gazteek ahotsa edukitzea Udalaren prozesu parte-hartzaileetan, eta ziur agertu da proposamen irabazle hauek gazteei gozaraziko dietela uda honetan.
Izen-ematea
Jarduerak uztailaren 2an hasi eta uztailaren 30ean amaituko dira, ohiko “Uda Fest” jaialdi handiarekin. Sandra Caballerok azaldu duenez, UdaGazte programak kultura-, sormen- eta abentura-proposamenak batzen ditu udalerriko zein kanpoko esperientziak konbinatuz. Programazio honek udako eskaintza osoa borobiltzen du, eta Gazteriako arloak 8 eta 16 urte bitarteko haur zein nerabeentzat eskaini dituen Irrisarri Land eta AbenturaEROko 380 udaleku-plazei gehitzen zaie.
Interesdunek GazteARTEan zerbitzuaren bidez eman dezakete izena jardueretan, ekainaren 10etik aurrera (asteazkena). Jarduera gehienak erabat doakoak dira; beste batzuek, ordea, prezio publiko bat edukiko dute, esparruetarako sarrerak edo instalazio espezifikoetarako garraioa behar baitituzte. Informazio eta xehetasun guztia Udalaren webgune ofizialean kontsulta daiteke jada.



