Irungo Udalak Plaiaundiko kirol-instalazioak Txenpereneako eremu berrira lekualdatzeko finantzaketa-hitzarmenaren proposamena helarazi dio Eusko Jaurlaritzari. Hiriarentzat hain estrategikoa den jarduera horri esker, aurrera egin ahal izango da ekipamendu hori erabiltzen duten kirol-klubei epeetan kokaleku-aldaketari segurtasunez eta ziurtasunez aurre egiteko behar diren denborak eta baldintzak bermatuko dizkien konponbide batean. Era berean, behin ekipamendua lekuz aldatu ondoren, espazio hori libre geratuko da babestutako parke ekologikoa berreskuratzen jarraitu ahal izateko.
Udalak Eusko Jaurlaritzari helarazi dion hitzarmenaren zirriborroa zerikusia duten hiru erakundeek 1993an sinatutako Lankidetza Hitzarmenean jasotako konpromiso berberekin bat dator. Akordio horren arabera, Plaiaundiko kirol-instalazioak birkokatzeko edozein jarduketa modu partekatuan finantzatuko zela finkatu zen: % 30 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko luke, % 50 Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gainerako % 20a Irungo Udalak. Proposamen berriak planteamendu hori bera jasotzen du, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa izango litzatekeen udal-lursail eta kirol-azpiegitura horiengatik Udala konpentsatzeko beharrean oinarrituta. Finantzaketa-akordio hau Txenperenean kirol-instalazio berrien eraikuntza finantzatzeko ezinbestekoa izango litzateke, eta dokumentua datorren uztailean Jasangarritasun Saileko arduradunekin egingo den bileran aztertuko da.
Erakundeen inplikazio eskaera
Cristina Laborda alkatearen hitzetan: “Ezinbestekoa da lehenbailehen berrestea lekualdatze hori ahalbidetuko duen finantzaketa-esparrua. Udaletik hirigintzak dagoeneko ebatzi du lurzati berrira lekualdatzeko aukera, eta kluben eskutik jarraitzen dugu lanean lekualdaketa hori prestatzeko, baina beharrezkoa da gainerako erakundeek bere garaian hartutako konpromisoak berrestea. Otsailean Eusko Jaurlaritzari eskatu nion proiektu honetan inplikazio handiagoa izateko, eta orain proposamen bideragarri bat aurkeztu dugu udal-ondarearen galera konpentsatzeko. Espero dut akordio bat lortuko dugula jarduera honek behin betiko aurrera egiteko, hirirako, kirol-klubentzako eta Plaiaundi berreskuratzeko jarduera estrategikoa, hain zuzen ere”.
Errugbia eta atletismoa auzian
Bestalde, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak adostuta dute jada Txenperenea eremuan eraikiko den azpiegitura berriak hartuko duen kirol programa. Instalazio horien erabiltzaile diren kluben beharretan eta eskarietan oinarritutako akordioa da hau, eta zuzenean partekatu da B.A.T. Bidasoako Atletiko Taldea eta Txingudi Errugbi Taldea klubekin, gaur egun horiek baitira kirol-espazio hori erabiltzen dutenak. Kirol-programa horrek etorkizuneko azpiegituraren ezaugarriak eta prestazioak definitzen ditu, eta atletismoa eta errugbia egiteko baldintza egokiak bermatzen ditu, erakunde eskudunek homologatu ditzaketen instalazioekin.



