San Martzial Txingudiko udako igerilekuek ekainaren 15ean irekiko dituzte ateak

Datorren astelehenean, ekainak 15, San Martzial Txingudiko eremuko kanpoko igerilekuak irekiko dira, egun horretatik aurrera instalazioen funtzionamendu osoari hasiera emanez. Zerbitzu honekin batera, urte osoan zehar martxan aritzen diren tenis eta padel pistak ere erabilgarri egongo dira.

Borja Olazabal Kirol ordezkariak gaur egin du agerraldia kirol-eremutik, eta azpimarratu du udan espazio honek herritarrentzat hartzen duen protagonismo handia. Olazabalek adierazi duenez, udak gero eta beroagoak direla jabetuta, Udalak herritarren eskaerei ahalik eta zerbitzurik onenarekin erantzun nahi izan die, dena prest utziz irekierak urtero dakarren ikusminari erantzuteko.

Igerilekuen denboraldia irailaren 15era arte egongo da zabalik. Aurreko urteetako sistemari jarraituz, herritarrek bi txandatan sartu ahal izango dute esparrura, erosotasuna eta funtzionamendu egokia bermatzeko: Goizeko txanda 11:00etatik 15:15era eta arratsaldeko txanda 16:15etik 20:30era.

Erreserba sistema

Interesa duten pertsonek bi egun lehenago egin ahal izango dute lekua erreserbatzeko kudeaketa, Udalaren webgunearen bidez, eta sarrerak egunero jarriko dira salgai gaueko 22:00etatik aurrera. Prezioei dagokionez, helduen sarrerak (18 urtetik gorakoak) 2,20 euroko kostua izango du; 4 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteena, berriz, 1,80 eurokoa izango da. 3 urte arteko umeak doan sartu ahal izango dira, eta nahitaezkoa izango da NAN dokumentua erakustea esparruaren sarreran.

Erreserba egin eta azkenean joaterik ez badago, txartela bertan behera utzi beharko da webgunean bertan edo 943 62 72 66 telefonora deituz. Baliogabetzeak egiteko muga-ordua goizeko txandarako 11:00ak izango dira, eta arratsaldekorako 16:15ak. Ohar garrantzitsu gisa, bertaratu ez eta erreserba garaiz bertan behera uzten ez duten pertsonek zazpi eguneko zigorra izango dute, eta ezingo dute tarterik erreserbatu epe hori igaro arte.

Bizikidetza eta konexioa

Irungo Udalak gogorarazi nahi du instalazio hauen erabilera egokia eta garbia mantentzea pertsona guztien erantzukizuna dela. Hori dela eta, aurten ere esparruaren barruan gomendio eta arauz betetako kartelak jarriko dira, hala nola erretzeko debekua eta ordena errespetatzeko deia, guztion arteko bizikidetza baketsua ziurtatzeko.

Azkenik, mugikortasuna errazteko, L3 hiri-autobusaren lineak (Fermin Calbeton jatorri duenak) geldialdi zuzena egiten du kirol-espazioaren ondoan. Ibilgailu partikularrean igotzen diren herritarrek, instalazioko aparkalekuaz gain, hilerriko aparkalekua ere erabili ahal izango dute, espaloiaren bidez igerilekuetara modu seguruan konektatuta dagoena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude