Vómito eta Anti-Régimen 40. urteurrena elkarrekin ospatzeko elkartu dira

Vómito eta Anti-Régimen punk talde irundarren ibilbidea duela 40 urte hasi zen. Taldeen hastapenetan egin bezala elkartu eta urteurren ospakizuna partekatzea erabaki dute, berriro elkarrekin musikarekiko pasioa partekatzeko. Horretarako, hainbat kontzertu antolatu dituzte ospakizun biraren barnean, horietako bat, Irunen, zehazki Moskun egingo dutena. Mikelon Anti-Régimen taldeko abeslariak taldekideen izenean erantzun die galderei.

Nola gogoratzen duzue talde hauen sorrera. Nola gertatu zen?

Poz handiarekin gogoratzen dugu. Lagunak eta punk musikazaleak ginen. Garai hartan mundua jan nahi genuen. Oso aktiboak ginen eta konturatu ginen, musika ikasketak izan gabe, ez zela zaila maite genuen musika jotzea. Musikalki mundu horretan parte hartzeko musika tresnak oso merke lortu genituen. Horrela, bi taldeek hasieran lokala eta instrumentuak partekatzen genituen.

Musika ezagutza gutxi izan arren, zabaldu nahi zen mezua argia zen. Zein?

Nahiz eta instrumentuekin trebeak ez izan, gure lehentasuna ondo pasatzea zen, eta gure hitzekin borroka eta erreklamazio mezu bat zabaldu nahi genuen. Gure gai nagusiak ziren politikoak, polizia, natura, guduak… munduko injustizien kontra. Ezin genuen amodio kantu bat egin, horretarako telebista zegoen. Irrati libreekin, fanzineekin eta gaztetxeekin harreman ona genuen eta beti lagundu izan diogu elkarri.

Punkak jarraitzaile asko zituen orduan?

Ez. Egia esateko oso gutxi, ia-ia bi talde besterik ez (kar, kar, kar). Irungo lehen punkariak ginen. Orduko Irunen musika eszena oso lasaia zen, betiko estereotipoak jarraitzen zituzten berbena eta pop taldeekin. Beraz, dena hankaz gora jarri genuen. Askorentzat estralurtarrak bezala ginen, eta marjinalak edo delinkuenteak ginela esaten ziguten, denetatik, baina guri bost axola. Bestalde, inguruko herrietan punk talde eta zaletu asko zeuden, bereziki, Oreretan eta Donostian. Inguruan punk mugimendu handia zegoen eta guk bertan egon nahi genuen.

Zaila izan zen punkaren munduan zuentzako lekua topatzea?

Ez, ez zen zaila izan. Punk mugimendua txikia zenez, beste herrietako talde eta jende punkariekin harremantzea erraza zen, familia handi bat baikara. Batzuetan Irunen bertan kanpoko taldeei kontzertuak antolatzen genizkien eta gauza bera egiten zuten haiek gurekin.

Orduko eta egungo testuinguruak oso ezberdinak dira?

Zoritxarrez, berdinak edo okerragoak dira. Testuinguru politikoa aldatu da, baina politikoak ez. Lapur handiagoak eta gezurtiagoak dira, gudak gero eta okerragoak dira, egunero milaka pertsona gosez hiltzen dira, zentsura handiagoa dago, eta abar. Gure letrek modan jarraitzen dute bizi dugun egungo errealitatean.

Bestetik, gaur egun beste taldeekin harremantzea errazagoa da teknologia berriei esker, baita musika tresna onak eta merkeak lortzea. Zerbait grabatzea ere sinpleagoa da. Dena errazagoa da, beraz, sufrimendu apur batekin, lortzen zaila dena, gehiago disfrutatzen da.

Eta kontatu dezakezue zein izan den zuen ibilbidea ordutik orain arte?

Hasieran bi taldeek elkarrekin egiten genuen dena. Gero, zentzuzkoa denez, talde bakoitzak bere ibilbidea hartu zuen, elkarren arteko harremana mantendu arren. Vómitok LPa azkar grabatu zuen, ezagun egin ziren eta LP gehiago grabatu zituen. Tamalez, Victor handia, abeslaria, zendu egin zen. Artalekun omenaldi polita egin zitzaion. Taldea urte batzuez geldituta egon ondoren, berriz ere errepidera itzuli ziren eta oraindik jotzen eta grabatzen jarraitzen dute.

Anti-Régimenen kasuan, nahiz eta kontzertu asko egin LParen grabaketa oso berandu iritsi zen eta taldea kili-kolo zebilen. LPa grabatu baino lehen, Txemak eta Victorrek taldea utzi zuten. Azkenean, LPa kaleratu baino lehen taldea desagertua zegoen jada. Ordutik omenaldiko kontzertu pare bat egin dute.

Zeintzuk dira musikarekin loturiko oroitzapen berezienak?

Denetarik gertatu zaigu, gehienak, gauza onak, baina, txarrak ere bai, bizitzan bezala. Musika, grabaketak, entseguak, kontzertuak, birak, lagun berriak edonon, eta, nola ez, jaiak. Momentu txarrak izan arren, momentu onekin geratu gara, betiko gure oroimenean egongo direnak. Beti izango dira gurekin Anti-Régimeneko Txema eta Vómito taldeko Victor bateria-jotzailea, Punkak betirako.

Gure letrek modan jarraitzen dute bizi dugun egungo errealitatean

Zergatik erabaki duzue 40. urteurrena ospatzea?

Edozein aitzakia ona da jai on bat antolatzeko eta 40 urte ez dira hain erraz betetzen. Zergatik ez egin omenaldi bat geure buruari? 36 urte pasa dira elkarrekin jo genuen azken alditik, duela 5 urte beste taldeekin egindako omenaldi bat kenduta. Hasieran egiten genuen bezala, elkarrekin jotzeaz disfrutatu nahi dugu, kontzertuetara hurbiltzen denak goza dezan.

Gainera, Irunen zuen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da.

Bai, argi genuen Irunen bai ala bai kontzertua eman behar genuela eta zerbait berezia prestatzen ari gara. Sekretu moduan gorde nahi genuen gaia, baina zergatik ez hemen esan. Gure garaian Moskuko jaietan behin baino gehiagotan jo genuen, hura zen gure kuartel jenerala. Gaur egun giroa oso desberdina izan arren, gure kontzertua Irunen egiteko leku aproposena da. Asmoa kontzertua grabatzea da, audioa zein soinua, bira bukatu ondoren kontzertu hori LP formatuan argitaratzeko.

Edozein aitzakia ona da jai on bat antolatzeko eta 40 urte ez dira hain erraz betetzen”

Zer entzun ahalko dute kontzertu hauetara hurbiltzen direnek?

Anti-Régimen taldea 1990ean banatu zen, beraz, bazen garaia aurkeztu gabeko LPa aurkezteko. Errepertorio luzea prestatu dugu. Bi maketatik kantu ospetsuenak eta LP osoa. Vómito taldeak bere klasikoak joko ditu, ez direla gutxi, baina baita kantu berriak ere, grabazio berri bat prestatzen ari dira eta. Beraz, gauza berezi eta politak ikusiko dira eszenatokietan.

Ospakizun biraren ostean, musika lan berririk argitaratzeko asmorik duzue?

Gure asmoa Moskuko kontzertua argitaratzea da. Horretaz gain, Vómito lan berri bat prestatzen ari da, baina momentuz ez dakite noiz argitaratuko den. Anti-Régimenen kasuan, auskalo, denborak esango du. Dena den, Anti-Régimen taldeko bi partaide Euskal Bastards taldean ibili gara eta udaberrian LP bat argitaratuko dugu Madrilgo Potencial H.C.-ren eskutik, “Anti-Régimen taldearen bertsio bat eginez”. Ikusten denez musika ez da gelditzen eta gogoa ez da bukatzen. Elkar ikusiko dugu kontzertuetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude