Irungo Udalak, Gizarte Ongizateko arloaren bitartez, hainbat prebentzio-kanpaina jarri ditu martxan Sanmartzialetako jaietarako, alkoholaren eta drogen kontsumo arduratsua bermatzearren. Ekimen hauek Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako arlotik aurkeztutako planekin bat egiten dute, jaiak seguruak, indarkeriarik gabeak eta jazarpenik gabekoak direla ziurtatzeko. Horrela, herritarrek jaiak askatasunez, berdintasunez eta elkar errespetatuz ospatzeko aukera izango dute.
Ekainaren 20ko ekintzak
Datorren astebururako ekintza zehatzak antolatu dira jende gehien biltzen den guneetan. Ekainaren 20ko arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, alkoholaren arriskuei buruzko informazio-mahaia jarriko da Ficoban, bertara doazen Herri Bazkariko gazteei zuzenduta. Geroago, gaueko 21:00etatik aurrera eta goizaldeko 01:00ak arte, Botiltzarra ekimena burutuko da Urdanibia plazaren inguruan, kalean alkohola edaten duten gazteak eta adingabeak sentsibilizatzeko eta kontsumoaren kalteak arintzeko neurriak helarazteko.
Programa ibiltari berria
Aurten, nobedade gisa, alkoholaren arriskuei buruzko programa ibiltari berri bat estreinatuko da ekainaren 27an Urdanibia plazan, goizeko 10:00etatik gauerdiko 01:00ak arte, biztanle guztiei eta bereziki gazteei informazioa zabaltzeko eta gehiegizko kontsumoaren arriskuak murrizteko. Horrekin batera, ekaineko bigarren hamabostaldian ostalaritzako eta alkohola saltzen duten negozioetako sektoreari zuzendutako kanpaina berezia egingo da, adingabeen kontsumoaz jabetzeko eta abusuaren inguruan biztanleria orokorra kontzientziatzeko.
Prebentzioa hiriko txoko guztietara iritsi dadin, kartelen bidezko kontzientziazio-kanpaina bat abiarazi da jaietako programan, udal webgunean eta topagune nagusietan, alkoholaren kontsumoa gutxitzea guztion erantzukizuna dela gogoraraziz. Horrez gain, nerabeei eta gazteei zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren informazio-materiala banatuko da Puntu Moreetan eta jarriko diren informazio-mahaietan, alkoholaren inguruko mitoak zalantzan jartzeko eta gaiari buruzko ezagutza zabaltzeko.
Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan: “Funtsezkoa da alkoholaren gehiegizko kontsumoak dakartzan arriskuei buruz kontzientziatzea, batez ere gazteen artean. Irungo Udaletik mota honetako kanpainak sustatzen jarraituko dugu, halako jokabideek dituzten arriskuen inguruan jakinarazteko, sentsibilizatzeko, eta berauek prebenitzen saiatzeko”.



