Irungo Koadrila Egunak bi asteburutan banatuko du jai giroa Ficoba eta Urdanibia artean

Betti Gotti elkarteak ekainaren 20rako eta 27rako prestatu du 2026ko egitaraua, herri bazkariekin, goitiberekin eta musika eskaintza zabalarekin

Betti Gotti elkarteak maiatzaren amaieran argitara eman zuen bezla Irungo Koadrila Eguna(k) 2026an bi egunetan banatuko da. Aurten, festa asteburu honetan, ekainaren 20an hasi eta ekainaren 27ra arte luzatuko da, hiriko kuadrillak gune ezberdinetan elkartzeko asmoz. Informazio zabalagoa eskuratzeko, antolatzaileek bettigotti.eus webgunea jarri dute herritarren eskura.

Herri Bazkaria eta festa Ficoban

Lehenengo hitzordua ekainaren 20an, larunbat honetan izango da, eta Ficoba erakustazoka izango du topagune nagusi. Egunari hasiera emateko, eguerdiko 13:00etan kalejira abiatuko da Urdanibia plazatik, eta 14:15ean herri bazkaria egingo da Ficoban, globotxupinazo jendetsuarekin batera. Arratsaldeko musika giroaz DJ Balber arduratuko da 16:00etan eta 19:00etan eskainiko dituen saioekin; tartean, 17:00etan, Burrunba elektrotxarangarekin dantzaldia egongo da. Egunari amaiera bikaina emateko, 20:30ean herrirako itzulia egingo da, “Karibe Mix Diskojaia” dantzagarriarekin.

Ekainaren 27an jarraipena

Bigarren festa eguna ekainaren 27an ospatuko da, kasu honetan Urdanibia plazan erabat ardaztuta. Goizeko 09:00etan gosari herrikoi batekin hasiko da eguna, eta 09:30ean goitibera txanden zozketa egingo da. Jarraian, 10:00etan, V. Irungo Goitiberen Sari Nagusia jokatuko da. Eguerdiko 12:30ean, Peña Poteo, Txintxarri eta Burrunbarekin poteoa egingo da herriko kaleetan zehar, eta 13:30ean bazkarirako mahai zein aulkien banaketari ekingo zaio.

Giroa borobiltzeko, 14:30ean herri bazkaria eta txarangek lagundutako Bingo Musikatua hasiko dira. Arratsaldeko 17:30ean kamixeta onenaren, mahai apainketaren eta bingo musikatuko sari banaketa egingo da txarangen laguntzarekin. Azkenik, 18:00etan, “Sasi guztien gainetik laino guztien azpitik” lelopean mahaiak jasoko dira auzolanean eguna amaitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude