Milaka lagunek jai giroan bete dituzte hiriko kaleak ekaineko hirugarren asteburuan

2026ko Sanmartzialetako jai-aurreko asteburuak arrakasta itzela eta parte-hartze handia izan du Irunen, milaka herritar kaleetara aterata. Ekitaldi nagusien artean, ostiralean (ekainak 19) San Juan Plazan eskainitako Chenoaren kontzertua nabarmendu zen, guztira 7.000 ikusle biltzea lortu baitzuen. Musika-hitzordu handi honekin batera, larunbatean Urdanibia Plazan izandako Zea Maysen kontzertuak beste 5.500 lagun elkartu zituen, eta Ficoban Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak antolatutako Herri Bazkariak 1.800 pertsona mahai baten inguruan biltzea lortu zuen.

Musika eta jendaurreko ekitaldi erraldoiez gain, adin guztietako pertsonei zuzendutako hogei kultur eta gizarte proposamen baino gehiago garatu ziren asteburuan zehar. Horien artean, haur danborrada arrakastatsua izan zen, Kolpez Blai batukadaren eta Jostallu txarangaren kale-animazioak lagunduta. Erraldoiek ere tarte berezia izan zuten, CBAn egindako tailerrekin eta Bidasoako Erraldoien konpartsaren kalejirarekin, San Juan Plazan amaitu zena. Larunbatean, Santiagoko Deabruaken danborradak eta Kaparrak taldearen kontzertuak Urdanibia Plazan borobildu zuten jai-giro herrikoia.

Kirolerako tartea

Kirolak ere bere lekua izan zuen igandean, ekainak 21, herriko elkarteek bultzatutako hainbat txapelketa eta irteerari esker. Alde batetik, Irungo Mendizaleen mendi irteera abiatu zen Urdanibia Plazatik goizean goiz. Bestetik, kirol lehiaketei dagokienez, Oiasso Hiria Futbol Txapelketa jokatu zen Artiako futbol zelaian Behobia Kirol Klubaren eskutik, eta Uranzu Pilotalekuan Kurpil Kirolak Kirol Elkartearen Txapelketaren Final handia ospatu zen.

Segurtasun dispositiboa

Azkenik, ekainaren 13tik martxan dagoen segurtasun-dispositibo bereziak normaltasun osoz funtzionatzen jarraitzen duela azpimarratu du Udalak. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioari esker, asteburuko jarduera guztiak gertakari aipagarririk gabe eta bizikidetza giro bikainean igaro dira, herritarrek jaiak lasaitasunez eta gogoz bizitzeko aukera izan dutelarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude