Uraren mugak gaindituko ditu Bidasoa Ibaiaren 60. Jaitsierak, Urmuga egitasmoaren eskutik

Argazkiaren egilea: J.J. Portos.
  • 2026ko uztailaren 18an
  • Bidasoa Ibaiaren 59. Nazioarteko Jaitsiera
  • Urmugaren ur tanta

Maiatzaren erdialdean Santiagotarrak klubaren aurrean dagoen ontziralekuak Urmuga egitasmoaren aurkezpena hartu zuen eta ez kasualitatez. Hain zuzen ere, klubak uztailaren 18an Bidasoa Ibaiaren Jaitsiera egingo du enegarrenez, baina oraingoan pizgarri bereziarekin, Urmugaren agertoki bihurtuko baita ibaiaren ingurua, muga igarotzean bizitza galtzen duten migratzaileen memorian. Ibon Huarte jaitsieraren antolaketan inplikatutako klubeko kideak aurtengo jaitsieraren berezitasunak azaldu ditu.

Klubean jada udako ekintzak antolatzen hasiak zarete, ezta?

Bai, jada zenbait hilabete daramatzagu lan eta lan eta oraindik ere gauzak ixten jarraitzen dugu.

Zer moduz joan da neguko saioa zuen klubean?

Ba, oro har, nahiko ondo. Kluba osatzen duten sekzio guztietan emaitza onak eskuratzen ari dira. Klubak jarraitzen duen inertzia baten barnean dagoela dirudi, baina garrantzitsuak dira. Azken emaitzei erreparatuz gero, arraunean duela gutxi Euskadiko Txapelketa izan dute, hainbat domina lortu dituzte eta taldekako sailkapenean lehenengoak izan dira. Ur bizietakoek ere beren erritmo onean jarraitzen dute. Orain gutxi, Munduko Kopa izan dute, oker ez banago, eta Klara eta Oier bertan izan dira. Pistako sekzioa gertuagokoa dut, beraz, horren berri gehiago dut. Orokorrean, domina asko lortu dira eta baita estatu mailako zenbait podium ere taldekako sailkapenean. Adibidez, Eider Cecilia palista Europako Txapelketarako izendatu dute. Beraz, oso negu ona izan dugula esan daiteke.

“Aurten gainera, probaren 60. urteurrenaren atarian izango da, beraz, ekitaldia ur tanta bat bezala erori zaigu”

Ibon Huarte, Bidasoa Ibaiaren Jaitsieraren antolatzaileetakoa

Uda garaia da ur kirolak praktikatzeko garai erakargarriena, ezta?

Eguraldiak laguntzen du eta deigarriena izan daitekeen denboraldia da gainera. Bai paisaiaren aldetik, baina baita beroarengatik, urarengatik eta abar. Zeinek ez du hori gustuko, ezta? Ondorioz, klubak badu aisialdira bideratuta dagoen alderdi hori. Maiatzetik eskolekin irteerak antolatzen hasi gara. Ohiko moduan, ibaiaz disfrutatzeko materialaren alokairua eskaintzen dugu, baita ibaiaren jaitsiera antolatuak ere. Horretaz gain, udako ikastaroak dauzkagu, Uralekuak.

Beraz, aurten ere udalekuak antolatu dituzue urtero moduan?

Bai, hala da, ohiko sistema berarekin. Goiz guztia pasatzen dute haur eta gazteek hemen uretan eta jolasean, gauza ezberdinak probatzen dituzten bitartean. Irunen galdetuz gero, ia den-denak klub honetatik pasa gara udaren batean. Horregatik, klubak egiten duen eskaintzari eusten dio. Ezberdintasun handiena da orain ikastaroek astebeteko iraupena dutela, batez ere malgutasun handiagoa izateko. Lehen bi asteko iraupena zuten, baina orain jendeari errazagoa zaio uralekua bere oporrekin eta udako planekin uztartzea.

Uztailaren 18an ekitaldi berezia izango duzue bertan Urmuga jardunaldiarekin eta Bidasoa Ibaiaren Jaitsierarekin?

Kluba sortu zenetik urtero antolatu izan da Bidasoa Ibaiaren Jaitsiera izeneko proba. Aurten ordea hala suertatu da, zorte kontu bat izan baita azkenean. Urmugakoak gurekin harremanetan jarri ziren eta ekitaldia justu jaitsieraren asteburu berean egin behar zutela esan ziguten. Gurekin kontaktuan jarri ziren nola bat egin genezakeen ikusteko. Azkenean, guk gure proba antolatuko dugu beti bezala eta haiek gure egitaraura egokituko dira. Probak arratsaldeko 17:00etan du hasiera Villanuevako kurbatik hasita ohi bezala, hau da, ohiko ibilbidea izango du. Gero bigarren irteera bat egingo da San Migueleko eremuan, kategoria txikiagoentzat eta jaitsiera herrikoiarentzat. Urmugakoek, ibilbidearen eremuren batean Amets Arzallusekin egingo dute hasierako ekitaldia eta jaitsiera herrikoira batuko dira ostean, Albaolako Patatxarekin, irla txikiaren puntan, hau da, Carrillo bezala ezagutzen dugun eremuan. Hemen klubean dagoen giroarekin bat egingo dute, sari banaketaren ostean, 20:00ak aldera ontziralekuan egingo den kontzertutxoarekin, eta amaieran, paduraren aurrean, Mugarri, Otxo, Rogelio Botanz, Jokin Lasa eta Et Incarnatus izango dira.

“Gure aisialdigunea dena muga bat da eta, tamalez, bada bertan bizitza galdu izan duen jendea”

Ibon Huarte, Bidasoa Ibaiaren Jaitsieraren antolatzaileetakoa

Urtero antolatzen duzuen zerbait izan arren, garrantzi berezia du aurten Urmugarekin batera egiteak?

Egia esan, guretzat aukera hau nahiko berezia eta garrantzitsua da. Ni neu oso pozik nago horrelako zerbait aurrera eraman ahal izateagatik. Aurten gainera, probaren 60. urteurrenaren atarian izango da, beraz, ekitaldia ur tanta bat bezala erori zaigu. Garrantzitsua da, kirola eta kultura elkartzeaz gain, zentzuzkoak diren aldarrikapenak azaleratuko dituelako, esaterako, gizakiaren bizitza eta eskubideak. Guretzat ibaia beti ondo pasatzeko lekua izan da, baina, zoritxarrez, beste batzuentzat ez du hain esanahi ona. Gure aisialdigunea dena muga bat da eta, tamalez, bada bertan bizitza galdu izan duen jendea. Ekitaldi honek aldarrikapen horiekin bat egiteko aukera ematen digu. Izan ere, gertatu izan zaigu gu entrenatzen aritzea eta igerian itolarrian ibaia gurutzatu nahian dabilen jendea topatzea. Gaur egun oraindik ere horrelako gauzak ikusteak eta bizi behar izateak gorputz txarra jartzen dizu.

Edizio berezi honi esker jaitsierara jende gehiago erakartzea lortuko duzuelakoan zaudete?

Bai, gurekoiak izanda, aukera hau guretzat, Santiagotarrak klubarentzat, parada polita da. Geroz eta jende gehiago erakarriz gero, guretzat hobe da, hori argi dago. Orain lanean gabiltzan taldea, talde txiki bat gara, baina bere garaian proba honek zuen garrantzia berreskuratu nahiarekin gabiltza lanean. Proba berpiztea gustatuko litzaiguke. Horretarako, egin daitezkeen gauza berrietan pentsatzen ari gara beti, adibidez, dirulaguntzak lortu nahian edo pixkanaka gauza berriak sartzen. Oraingoan bertan kontzertu bat muntatzeko aukera izatea eta gainera, horrelako proiektu bat duenean atzetik, izugarria da.

Azkenik, zer esango zenieke oraindik kirol hau probatzera animatu ez direnei?

Egia esan, ez dago askoz gehiago esaterik. Gaurko eguna ikusita eta inguruan dugun parajea ikusita, nik uste dut egoera bera, bere horretan, gai dela den-dena esateko. Beraz, anima daitezela probatzera bertan dugun edozein kirol, bai piragua edo arrauna. Etor daitezela eta bertan naturaz eta giro onaz gozatzeko aukera emango diegu, hori baita kirol honetan deigarriena.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude