
Dominikar Errepublikako erritmoak, biniloen xarma eta arrazakeriaren aurkako borroka eskutik helduta doaz Amets San Millanen unibertsoan, askok “Muchacha del Diablo” izenez ezagutzen duten artistaren eskutik. Izan ere, erritmoz eta sustraiez beteriko unibertso horretan murgiltzea lortzen du musikaren bitartez. Bere saioetan lortzen duen energia kutsakorraz eta musikak duen mezu sozialaz aritu zaigu elkarrizketa honetan solasean.
Nola bururatu zitzaizun “Muchacha del Diablo” izenpean proiektu bat sortzea?
Duela urtebete, 10 urteren ostean, Dominikar Errepublikara itzuli nintzen nire familia ikustera. Jada biniloen munduan nengoen, baina reggae musikarekin. Momentu hori aldaketa askoko momentua izan zen eta hilabetez bertan egon nintzen. Beraz, nire kulturara itzultzeko bidaia izan zen, faltan botatzen bainuen, eta horregatik, proiektu hau hastea erabaki nuen. Izen hori aukeratu nuen dominikar esaera bat delako, maltzurkeriak egiten dituzunean erabiltzen dena eta nire amak txikitan asko errepikatzen zidan. Beraz, oso izen aproposa iruditu zitzaidan.
Zein izan zen zure lehen kontaktua musikarekin eta zein izan da orain arte egindako bidea?
Nire etxean musika eta dantza beti oso presente egon dira gure kulturarengatik. Amarengatik merengea, saltsa eta cumbia bezalako hango musikak iritsi zitzaizkidan. Nire aitak aldiz rock, blues, soul eta antzeko musika entzuten zuen. Ni berriz, handitzen joan nintzen heinean, nire musika estilo propioa garatzen joan nintzen, funky bezalako estiloak entzunez. Beti maite izan dut musika eta etxean asko entzun izan dugu, baita dantzatu ere.
“Musika mota honek, berak bakarrik, jada energia hau sortzen duela uste dut”
Eta nolatan hasi zinen DJ bezala?
Denborarekin gertatu den zerbait izan da. Gazteagoa nintzenean reggae musika saioetan parte hartzen nuen eta musika estilo horretako biniloak jartzen zituzten. Ni batez ere mikrofonoarekin abesten aritzen nintzen, baina pixkanaka inbidia sentitu nuen eta nire binilo propioekin probatzea erabaki nuen, hau da, reggae musika eta askoz gehiagorekin ere, maite ditudan musika estilo guztiak jorratuz. Dominikar Errepublikara joan nintzenean, biniloen denda batean sartu eta merenge eta antzeko musika estiloetako binilo asko hartu nituen eta horrela hasi nuen egun esku artean dudan proiektua.
Nola deskribatuko zenuke zure saioetan sortu ohi den giroa?
Egia esan, ni neu ere txunditzen naiz, orain arte ez ditudalako beste inon horrelako festak ikusi. Mundu guztia barrezka eta denak dantzan dauden bitartean, giro atsegin bat partekatzen eta bikotearekin dantzatzen. Jendea pistara ateratzera ausartzen da, beldurrik gabe, beraz, oso pozik nago.
Musikaz gain, kulturak atzetik duen mezu sozialari ere garrantzia ematen diozu?
Niretzat beti musika arrazakeriari aurka egiteko borroka bat izan da. Era berean, musikaren bitartez aniztasuna ospatzen dut. Horregatik, emanaldietan sortzen den giroa oso polita da, saioetan jende guztia elkartzen delako eta ez du inporta nondik zatozen edo zein hizkuntza hitz egiten duzun; helburu bakarra denok elkartzea da.
Gaur egun, Euskal Herriko musika testuingurua ikusita, zurea bezalako proiektu batentzat lekua dagoela esango zenuke?
Bai, guk egiten dugun emanaldi mota egiteko espazioak badaude, baina egia da ez garela asko honetan aritzen garen taldeak edo artistak, hau da, saltsa jartzen dugunak. Bai egia da, nabaritzen dela, oro har, Gaztetxeetan edo giro alternatiboko lokaletan edo autogestionatuetan errazagoa dela horrelako festak egitea. Pub edo diskoteketan horrelako emanaldiak egitea garestitu egiten da eta ez da hain erraza. Orduan hemendik eskerrak eman nahi dizkiet leku autogestionatuei eta gaztetxeei, haiei esker hemen gaudelako gauzak egiten.
Nola moldatzen zara publikoarekin konektatzeko?
Hori lortzea oso garrantzitsua da, baina, egia esan, ez dakit nola lortzen dudan. Batzuetan ni nire biniloekin kontzentratuta nago musika jartzen eta aukeratzen eta burua altxatzen dudanean edo dantzatzen hasten naizenean konturatzen naiz jada aretoan dauden guztiak zerbait egiten ari direla: besterik gabe zuri begira, dantzatzen,… Musika mota honek, berak bakarrik, jada energia hau sortzen duela uste dut.
Orain arte zein izan da zugan sentsaziorik onena utzi duen emanaldia?
Ba nire emanaldi onena Iruñeko Gaztelu plazan eskainitako saioa izan zen. Cumbia Vs Salsa izeneko festa bat ospatu zen eta ni bertan parte hartu zuten artista gonbidatuetako bat izan nintzen. Sekulako giroa sortu zen bertan, Laba tabernan, oso taberna kulturala baita. Izugarria izan zen gainontzeko jende guztia dantzan ari zelako. Gainera, momentu batean musika eten zen, arazo tekniko batengatik eta orduan ere jendearen erantzuna harrigarria izan zen: jendea bere kabuz musika egiten hasi zen eta abesten. Hori izan zen nire ibilbideko momenturik onena, musikarik izan ez arren, jendea topera ikusterakoan.
“Hori izan zen nire ibilbideko momenturik onena, musikarik izan ez arren, jendea topera ikusterakoan”
Zer irizpide erabiltzen duzu abestiak aukeratzeko garaian?
Ba niretzat oso garrantzitsua da abesti batek instrumentu bakoitzari bere momentua ematea. Noski, garrantzitsua da abeslarien ahotsa entzutea eta letra, baina baita instrumentuak ere: behar dut bakarka entzutea tronpetak, pianoa, gitarra edo baxua. Niretzat ezinbestekoa den abesti bat aukeratu beharko banu, Plástico aukeratuko nuke, Rubén Bladesena.
Etorkizunera begira, zer helburu dituzu musikaren munduan?
Orain arte egin dudana egiten jarraitzea da nire helburua. Musika egiten jarraitzea eta hori egiten dudan bitartean disfrutatzea eta, era berean, nire kultura partekatzen jarraitu ahal izatea. Nire musikak jendea elkartzeko balio izaten jarraitzea gustatuko litzaidake. Beraz, helburu nagusia hori da, egiten dudanaz disfrutatzen jarraitzea.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



