Kontzertuek 50.000 pertsona inguru erakarri dituzte San Juan eta Urdanibia plazetara, eta hiriko sail ezberdinen arteko koordinazioari esker, bero-boladak eragindako 21 aldaketei aurre egin zaie egitarauari uko egin gabe.
Mugikortasuna, kultura eta segurtasuna uztartuz, Irunek aparteko Sanpedro eta Sanmartzial jaiak bizi izan ditu 2026ko edizio honetan. Guztira 150 jarduera baino gehiago antolatu dira lau asteburutan zehar, eta herritarren zein bisitarien erantzuna bikaina izan da programazio ia osoan. Cristina Laborda alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, hiriak inoiz izan dituen Sanmartzial onenen artean daudela aurtengoak, eta helburu nagusia bete da: hiria jardueraz eta bizitzaz betetzea herritarrak harro sentitzeko moduko jai batzuekin. Alkateak bereziki eskertu du elkarteen lana eta herritarren gizalegea, eta udal-sailen arteko funtzionamendu ona nabarmendu du, erantzun azkarrak eman baitituzte bero-boladak jendaurreko 21 jarduera azken unean aldarazi zituenean.
Prentsaurrekoan alkatearekin batera izan dira Nuria Alzaga Kulturako eta Hiri Bultzadako ordezkaria, Josu Iguiñiz Gizarte Ongizatea eta Euskarako arduraduna, Iñigo Berges Segurtasuneko ordezkaria eta Sandra Caballero Kiroletako eta Gazteriako arduraduna. Guztiek adierazi dute proposamenak publiko, adin eta gustu guztietara egokitu direla, eta hiriko kale, plaza eta auzoetan izandako erantzun masiboak Irun eskualdeko jai-erreferentzia nagusi gisa finkatu duela berriro ere.
Musika eta ikuskizunak
Musika eta ikuskizun handiak izan dira jende gehien bildu duten eragile nagusiak. San Juan plazan Henry Méndezek 9.100 ikusle bildu zituen eta Chenoaren kontzertuak beste 7.000 pertsona erakarri zituen. Urdanibia plazan ere giro paregabea egon zen Sofía Cristoren saioarekin (5.900 lagun), Zea Maysekin (5.500 lagun) eta Mikel Erentxunekin (4.500 lagun). Musika eskaintza indartsu honekin batera, herri-kulturako ekitaldiek ere harrera bikaina izan zuten; esaterako, Ondare Kultur Elkartearen 15. urteurreneko erraldoien desfileak, Peña Poteo edo Burrunba elektrotxarangek eta 1.800 pertsona bildu zituen Herri Bazkari jendetsuak.
Jaien amaierako berritasun handiena Ficobako kanpoko zabaltzan estreinatutako «Munduko jaiak» drone ikuskizun jasangarria izan da. Esperientzia berritzaile honek 5.000 lagun baino gehiago txunditu zituen zeruan egindako koreografiekin. Aurretik, Zabaltza plazan Mikel Bermejo eta Patricia Galván umoristek eskainitako bakarrizketa saioak ere arrakasta itzela lortu zuen, 3.000 pertsona inguru barrez lehertzera erakarriz.
Kirola eta Gaztegunea
Kirol arloan, Super Amara BATek antolatutako Osasunaren aldeko 5 Miliak eta San Martzialeko igoera atletikoak, Irunes Txirrindularitza Elkartearen 105. lasterketarekin batera, maila bikaina erakutsi zuten. Pilota zaleek ere hitzordu garrantzitsua izan zuten Uranzu frontoian, Unai Amiano irundarra protagonista izan zuen pilota-jaialdian. Bestalde, adinekoentzako ekintzek gorakada handia izan dute aurten; Ficobako bazkari-omenaldiaz gain, Ttipi Ttapa irteerak iazko parte-hartzea hirukoiztu egin du eta Zabaltza plazako dantzaldian 300 pertsona baino gehiago elkartu ziren. Nekazari munduari dagokionez, abere-azoka aurten erakusketa formatuan egin behar izan zen ustiategi bakarreko animaliekin, dermatosi nodularrak ezarritako osasun-murrizketen ondorioz, baina horrek ez zuen oztopatu giro onaz gozatzea bertaratutakoek.
Gazteguneari dagokionez, karpa txiki geratu zen zenbait momentutan eta espazioa Irungo nerabeen erreferentziazko gune eztabaidaezina bihurtu da. Serkoren kontzertuan 1.800 gazte elkartu ziren eta Hazas-enean 1.500 inguru bertaratu ziren. Lasterketak eta jolas fisikoak alde batera utzita, Mario Kart World txapelketak, bingo musikatuak eta Street Scape jarduerak leku guztiak bete zituzten, eta guztira 4.200 gaztek gozatu zuten eurentzat propio diseinatutako egitarauaz, non Gazteconquis ekimena bakarrik bertan behera geratu zen eguraldiagatik.
Segurtasun protokolo sendoa
Segurtasunari eta bizikidetzari dagokionez, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko protokolo bereziak eta Babes Zibileko boluntarioen laguntzak normaltasun osoa bermatu zuten. Jai handietan ohikoak diren ebasketak, liskar txikiak edo bide-segurtasuneko delituak baino ez ziren erregistratu. Prebentzio arloan, Gizarte Ongizateko sailak alkoholaren arriskuei buruzko kanpainak egin zituen eta 750 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten ekintzetan; gainera, sumisio kimikoa ekiditeko edalontzi estalkiak banatu ziren tabernetan. Indarkeria matxistaren aurkako puntu moreetatik 2.300 lagun baino gehiago igaro ziren informazio eske, eta telefono moreak zein etxera laguntzeko boluntarioen zerbitzuak ez zuten laguntza edo arreta eskaera larririk jaso egun eta ordu gehiagotan zabalik egon arren.
Azkenik, jasangarritasunaren eta garraio publikoaren aldeko apustua argia izan da herritarren artean, Irunbuseko lineen erabilera ia % 14 igo baita iazko datuekin alderatuta. Ekainaren 19tik uztailaren 2ra bitartean 95.000 erabiltzaile inguru zenbatu dira autobusetan, eta aipatzekoa da Gautxori gaueko zerbitzuak jasan duen hazkunde ikusgarria, iazko erabiltzaile kopurua ia bikoiztu baitu 1.600 bidaiaritik 2.300 pasatuz, gaueko mugikortasun segurua bermatuta.



