Nuria Alzaga Kultura ordezkariak eta Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapenerako eta Gazteriako zuzendariak Irunen datozen hilabeteetarako antolatutako kultur egitarau nagusia aurkeztu dute. Eskaintza zabal honek askotariko diziplinak uztartzen ditu —musika, antzerkia zein umorea— eta batez ere Amaia KZ eta CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroaren artean banatuko da. Kalitatezko ikuskizunak eta formatu hurbilak zein pentsamendu kritikoa pizteko proposamenak herritar guztiengana gerturatzea da ekimenaren helburu nagusia. Ikuskizun hauetarako guztietarako sarrerak jada salgai daude Udalaren webgunean.
Izen handien artean, James Rhodes piano-jotzaile britainiarrak Cadena SER kateko “En clave de Rhodes” saio intimoa ekarriko du Amaia KZra irailaren 25ean (19:00etan), Diego San José gidoilari irundarra gonbidatu gisa duela. Abenduaren 4an, Ara Malikian biolin-jotzaile bertutetsua itzuliko da agertoki berera bere estilo eklektiko eta bereziarekin. Umorearen atalean, berriz, Dani Martínez telebista-aurkezle eta imitatzaile ezaguna iritsiko da hiriko kulturgunera 2027ko apirilaren 17an.
CBA zentroko Irun Zuzenean aretoan ere proposamen bereziak egongo dira: irailaren 19an Olvido Floresek 1936ko Nafarroako gertakarietan oinarritutako eta objektuen bidez kontatutako oroimen-ikuskizuna eskainiko du, eta irailaren 29an rap gaualdia egingo da J13, CheckBoyz eta Mend3s DJarekin. Urrian, Amaia KZak bi antzezlan nabarmen jasoko ditu: “No me toques el cuento” komedia musikala urriaren 10ean eta Valle-Inclánen “Divinas palabras” klasikoa urriaren 11n.



