IRUDEK Bidasoa Irunek 2026/2027 denboraldi-aurrea abiatu du Artalekun ziklo berri bati ilusioz ekiteko

IRUDEK Bidasoa Irunek jada hasiera eman dio 2026/2027 denboraldi-aurreari Artalekun. Prestaketa-aldi berri honetan, talde bidasotarra lehen entrenamenduak egin ditu Álex Mozas prestatzailearen aginduetara, datorren ikasturte berriaren oinarri tekniko nahiz fisikoak finkatzeko helburuarekin. Lehen entrenamendua abiatu aurretik, Gurutz Aginagalde Bidasoa Kirol Elkarteko presidenteak, Álex Mozas entrenatzaileak eta Gorka Nieto lehen taldeko kapitainak agerraldia egin zuten komunikabideen aurrean.

Gurutz Aginagalde presidenteak Europako lehiaketan berriro ere aritzeak klubari, zaleei eta babesleei eragiten dien poza nabarmendu zuen. Bere hitzetan, “denboraldi-aurre hauetan gehien errepikatzen den hitza ilusioa da”. Azaldu zuenez, egindako fitxaketekin taldeak hazten eta hobetzen jarraitzea du helburu, eta beste behin ere Europan lehiatzea oso pozgarria dela gaineratu zuen.

Beste alde batetik, Álex Mozas entrenatzaileak taldeak bizi duen ziklo aldaketa azpimarratu zuen. Azaldu zuenez, joandako jokalarien ordez etorri diren fitxaketa berriak —Nico izan ezik— askoz gazteagoak dira, eta horrek ziklo berri bat emango dio taldeari, betiere sailkapeneko gorenean lehiatzeko anbizioari eutsiz. Ildo beretik, Gorka Nieto kapitainak adierazi zuen jokalari berriek “aire freskoa” ekarriko dutela. Nietoren arabera, jokalari gazteak hobetzeko gogoz eta mundua jatera datoz, eta Nicoren esperientziak zein kalitateak taldeari asko lagunduko diola ziurtatu zuen.

Lehen lagunarteko partida

Lehen asteetan entrenamendu fisikoak eta taktikoak uztartu ondoren, IRUDEK Bidasoa Irunek abuztuaren 8an, larunbatean, jokatuko du denboraldi-aurreko lehen lagunarteko partida. Neurketa hori Santanderren jokatuko da 18:00etan Blendio Sinfín taldearen aurka, eta Álex Mozasen taldearentzat lehen azterketa lehiakorra izango da lehiaketa ofizialaren hasierara baldintza onenetan iristeko bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude