
Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartetik jakinarazi dute aurten tamalez auzoko jaien barnean ez dela ohiko Xantalengo danborrada egingo, besteak beste, baliabide ekonomiko nahikorik ez dagoelako. Auzo elkartetik azaldu dutenez, “kontziente gara ekitaldi honek gure auzoarentzat duen garrantziaz, eta min egiten digu erabaki hau hartu behar izateak”. Era berean, jaietan ez da egingo Irun Hiria Musika Bandaren ohiko kontzertua ere ez, udalak egindako zozketan ez zaielako bertan jotzea egokitu.
Xantalengo jaien barnean ordea, meza eta “Txapelaundi Saria” mantentzea lortu da. Bi ekitaldi horiek berriz, abuztuaren 16an egingo dira. Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatzen du.
Bestetik, elkartearen sare sozialetan zabaldutako komunikatuaren bidez gogorarazi dutenez, auzotarren elkarlana ezinbestekoa da horrelako ekitaldiak aurrera eraman ahal izateko. “Hori dela eta, ilusioz eta esfortzuz lanean jarraitzen dugu datorren urtean danborradari inoiz baino indartsuago heldu ahal izateko”, azaldu dute elkartetik, auzotarren ulermena eta laguntza eskertuz.



