Gaur, asteartea, abuztuak 11, Irungo Udalak omenaldi publikoa egin die 1936an Pikoketan fusilatutakoei, gertaera haien 90. urteurrenean. Blaiako udal-hilerrian burututako ekitaldian, lore-eskaintza egin dute biktimen gorpuzkiak dauden panteoiaren gainean, eta bertaratutakoek begirunezko bost minutuko isilunea gorde dute jarraian.
Omenaldian ordezkaritza politiko eta sozial zabala bildu da: Cristina Laborda alkatea eta Gorka Álvarez Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Garapenerako Lankidetzako ordezkaria buru zirela, Irungo Sozialistak, EAJ-PNV, EH Bildu eta Alderdi Popularreko ordezkariak izan dira. Horiekin batera, biktimen senideak eta Kepa Ordoki Memoria Historia Bidasoan zehar zein Asociación Republicana Irunesa Nicolás Guerendiain elkarte memorialistetako kideak ere bertaratu dira.
90 urte
Duela 90 urte, 1936ko abuztuaren 11n, Beorlegi koronelak zuzendutako tropa kolpistek gutxienez 20 pertsona exekutatu zituzten Pikoketan, atxilotu edo errenditu ondoren. Biktimak Irungo Gaztedi Komunistako kideak eta karabineroak ziren, gehienak oso gazteak; tartean, Mertxe López Cotarelo (16 urte) eta Pilar Vallés Vicuña (18 urte).
Frankismo garaian hobia galduta egon ondoren, 1976an Marcelo Usabiagak —fusilatuetako baten anaia zenak— hobi komuna kokatzeko lanak abiatu zituen. Bi urte beranduago, 1978an, gorpuak desobiratu eta Blaiako panteoian lurperatu zituzten. Ordutik, urtero egiten da omenaldia bertan, biktimen oroimena eta egia historikoa bizirik mantentzeko.



