Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak Xantalen Jaiak ospatuko ditu datorren asteburuan, abuztuaren 15ean eta 16an; nahiz eta berez Ama Xantalen eguna abuztuaren 18a izan. Iaz bezalaxe, aurten ere argitaratutako egitarauan ez da danborradarik egongo auzoko jaien barruan, antolatzaileek hutsune honen inguruan adierazpenik egin ez badute ere.
Ospakizunak larunbatean, abuztuak 15, hasiko dira goizeko 9:00etan Xantalen Dianarekin, Irungo Txistulari Taldeak auzoko karrikak girotuz. Goizeko 10:00etan ermitak ateak irekiko ditu sarrera librearekin, eta 11:00etan ohiko meza ospatuko da Atzokoak Abesbatzaren parte-hartzearekin. Jarraian, eguerdiko 12:00etan, XIII. Txapelaundi Sariaren banaketa ekitaldia egingo da, eta 12:15ean janaurrekoarekin borobilduko dituzte goizeko ekimenak.
Igandean, abuztuak 16, Xantalen Ermitak zabalik jarraituko du 10:00etatik 20:00ak arte, bisita librea eta doakoa egiteko aukerarekin. Horrez gain, eguerdiko 12:00etan Irun Hiria Musika Bandak kontzertua eskainiko du Urdanibia Plazan.



