
Real Sociedad emakumezkoen taldeak XVI. EH Kopa bereganatu du Irungo Gal Stadiumean jokatutako finalean Athletic Club 3-1 garaitu ondoren. Denboraldiaurreko azken proba honetan, talde donostiarrak markagailuari bira eman behar izan dio txapela bereganatzeko. Atzokoarekin, Realak seigarren aldiz irabazi du EHKopa. Aurtengo edizioa ‘Guk geurea’ leloarekin jokatzen ari da, Euskal Selekzioaren aldarriarekin, alegia. ‘
Partida oso orekatuta abiatu zen bi taldeen aldetik, baina zuri-gorriek kolpea eman zuten lehenengo 20. minutuan Iraiak sartutako golari esker. Erantzun txuri-urdina ez zen atzeratu: 33. minutuan Chacónek neurketa berdindu zuen jaurtiketa batekin, eta 1-1ekoarekin iritsi zen atsedenaldia. Bigarren zatian Realak jokoan aurrea hartu zuen. Ahalegin horren saria 59. minutuan iritsi zen, Seelenfreundek 2-1ekoa ezarri zuenean. Amaierako luzapenean, 92. minutuan, Nerea Eizagirrek bereganatu zuen baloia area barruan eta azken 3-1ekoa finkatu zuen titulua Donostia aldera eramateko.
Amurrion ordu berean jokatutako 3. eta 4. postuetako partida Alaves 0-1 Eibar emaitzarekin amaitu da.
Irungo Gal Stadiumean lehiatutako azken neurketa hau Nerea Morales Estepa epaileak zuzendu zuen. Partidan zehar, zigor-txartel bakarra erakutsi zuen epaileak, Realeko Esther jokalariari txartel horia aterata.



