Alia. Aliako borroka. Izen ederra bezain historia gogorra. Aliako borroka erromatar garaiko pasarte ikaragarrienetako bat da: k.a. 390. urte inguruan gertatu zen Alia ibaiaren inguruan, Erromako iparraldean, Tiber ibaiaren adarra den Alia ibaiaren inguruan.
Senon tribuko galiarrak Breno buruzagiak gidatuta, Italiako iparraldetik jaitsi ziren, lurraldeak konkistatu eta aberastasun bila. Lehenik etruskoen herrialde bat erasotu zuten eta etruskoek laguntza eskatu zioten Erromari. Erromak ordezkari bat bidali omen zuen bitartekari lanak egin eta adostasun bat sinatzeko. Baina erromako aginduei jaramonik egin gabe, ordezkari horrek galiar buruzagia hil egin zuen. Eta jakina, horrek galiarrak sutu egin zituen eta ez zegoen haien amorrua baretzeko modurik. Galiarren erasoak ezustean harrapatu zituen erromatarrak; hauek, gainera, ez zeuden hain borroka bortitzetara ohituta, eta galiarrak handiak eta basatiak ziren. Haien aurrean txikitu egin ziren, eta borrokaldi hura sekulako hondamendia izan zen erromatarrentzat; ihes egiteko aukera izan zutenek, handik alde egin zuten, baina gehienak Tiber ibaia zeharkatzerakoan itota hil ziren. Uztailaren 18an gertatu zen erromatarrentzat egun nahigabetsu hura, eta erromaterrek “dies ater” izendatu zuten, hau da, zorigaitzeko eguna. Dies ater egunak markatuta geratzen ziren egutegian, zoritxarreko egun bezala. Egun horietan ez zen inor ausartzen gauza handiei edo berriei hasiera ematen.
Kasualitatea, baina mende mordo bat geroago, hain juxtu, duela 90 urte gure historia markatu duen beste egun ilun bat datorkigu gogora: beste “dies ater” zorigaiztoko bat, II. Errepublikaren kontra kolpea eman eta gerra zibila hasi zen eguna. Gertakari hark sekulako sufrimendua, ezbeharra eta beldurra ekarri zituen gurera. Oraindik ere, haren ondorioak ez dira erabat itxi. Zorionez, erakunde, elkarte eta pertsona asko aritu dira lan egiten gerra zibilak ekarri zuena ez ahazteko. Hain zuzen ere, memoria bizirik mantentzeko jende asko ibili da lanean; gehienetan lan isila izan da eta oztopo asko gainditu behar izan dituzte, gainera. Horregatik guzti horiei aitortza eta esker ona zor diegu.
Erroman ere, zorigaitza egun horretan hasi zen, galiarrak haserre, Erromara sartu eta sakeatu eta arpilatu egin zuten. Urte mordo batean, Erroma txikituta eta ahulduta geratu zen, galiarren desioen menpe. Desio bihurtutako eskari bat emakume erromatarrak emaztetzat hartzea izan zen. Ene, baina nola bidaliko zituzten erromatar gizon nobleek euren alabak barbaro haiekin ezkontzera?
Goi-agintariek ez zekiten zer egin, eta hara hor, Filotis izeneko esklabo emakumeak plan bat asmatu zuen: esklabo emakumeak dotore eta fin jantziko ziren, nobleen alabak balira bezala, eta galiarrengana joango ziren, haiekin ezkontzeko. Galiarrengana iritsi bezain laster, ardoa eskaini eta mozkortu egin zituzten; eta galiarrak seko lo geratu zirenean, Filotis esklabua pikondo batera igo eta suziria piztu zuen, adostu zuten bezala. Seinale horri esker erromatar tropek galiarrak erasotu eta garaipena lortu zuten. Oraingoan ere, emakumeen ausardia eta grina izugarriak izan ziren, eta hala ere, ez dira ezagunak historian zehar egin izan dituzten guztiak. Erromatar agintariek, esker onez, esklabo ziren emakume haiei askatasuna eman zieten eta baita diru saria ere.
Eta kontuak nola diren… handik urte batzuetara uztailaren 7an Caprotinae izeneko jai oso berezia ospatzen hasi ziren. Pikondoaren jaia! Hortik baidator hain zuzen ere jaiaren izena: seinalea pikondo batetik eman baitzen, capra-caprificus delako pikondo basatitik, eta Caprotinae gertakariaren lekuarekin lotzen da, eta Filotisi esker erromatarrek galiarren aurka lortutako garaipenaren omenez izendatu zen.
Emakumeen jaia zen, bai, haiek ziren Caprotinae jaiaren protagonistak, bai emakume libreak eta baita esklaboak ere. Egun horretan denak festarako eskubide berberak zituzten, eta esklabo ziren emakumeak ere, egun horretan nahi zuten bezala jantzi eta nahi zutena egiteko libre ziren. Emakume guztiek batera otordu bat ospatzen zuten pikondo baten azpian, aker bat sakrifikatu ondoren. Borroka jolasak ere egiten zituzten eta batez ere jan, jolastu eta ondo pasatzen zuten. Ez da gutxi! Batez ere, kontuan hartu behar da gizarte patriarkal hartan, emakumeek aisialdirako tarte bat izatea beharrezkoa zela. Gaur egun bitxia egingo litzaiguke emakumeek bakarrik parte hartzen duten festa bat ospatzea.
Hala ere, deigarria da garaipen militarrak ospatzen dituzten festa gehienetan, urteetan, gizonezkoak bakarrik izan direla protagonistak. Baina Caprotinae festa honek gogorarazten digu, garaipen militar horietan emakumeak bazirela bando batean edo bestean, eta haiei esker garaipen asko lortu zirela, eta gizarteak aurrera egiteko funtsezkoak izan zirela, historiak lekurik eman ez badie ere.
Dena dela, “dies ater” eguna pasa ondoren, bada gure “idus” berezia: Oiasso Museoaren 20. urteurrena ospatuko dugun eguna, izan ere, museoak historia bere osotasunean ezagutzeko aukera eman du, horregatik badago zer ospatua!



